Herria kantuz saretzen

Herria kantuz saretzen

Ibai Maruri Bilbao

Ez genuen ezer berririk asmatu. Plentzian eta Euskal Herri osoan bada kalean kantatzeko tradizioa. Baina ikusten genuen asko galdu dela, bai kalean kantatzea, bai euskaraz kantatzea. Eta guk biak berreskuratu nahi genituen”, gogoratu du Jesus Romo Uriartek. Hala sortu zuten Plentzia Kantagunea. “Lehendik bistaz ezagutzen genuen elkar, baina aparteko harremanik ez genuen herritar talde bat ginen”, gogoratu ditu lehen pausoak. 2010eko San Antolin jaietarako, kantu kalejira bat antolatu zuten, eta 2011koetarako, beste bat. 2012an, berriz, talde egonkor bat sortzea pentsatu zuten, eta 2013an idatzi zituzten elkartea sortzeko estatutuak. Hartara, Plentziako Udalari diru laguntza eskatzeko aukera izango zuten. Laguntza horrekin eta bazkideek ordaintzen duten kuotarekin finantzatzen dituzte taldearen egitasmoak.

Euskal kultura kalera ateratzeaz gain, Plentziako kultura eskaintza handitzea ere izan da haien asmoetako bat. Izan ere, udatiarren herria da: ekainetik irailera, lepo beteta egoten da, baina, neguan, bestelakoa da giroa. “Udako kaleko dinamika eta negukoa oso ezberdinak dira, eta hutsune hori bete nahi genuen. Kantagunea, beraz, kantatzea maite duen lagun talde bat baino gehiago da”. Batetik, topagunea dela zehaztu du; izan ere, lehen loturarik ez zuen herritar talde horren barruan harreman sare bat sortu da. Bestetik, abesteko zaletasuna dute hauspoa, bai, baina bestelako egitasmoetan ere hartzen dute parte. “Herrian oso ezagunak gara, eta jende asko etortzen da guregana laguntza edo elkarlan eske, zerbait antolatzeko”. Plentzian azken urteetan egin dituzten herri antzezlanak aipatu ditu: Kantaguneko kideek parte hartze zuzena izan dute.

Hilean bitan elkartzen dira, udalak utzitako lokal batean. Taldean musikari bat dute, eta hark hautatzen dizkie kantuak. Kantagunearen webgunean eta Whatsapp taldean banatzen dute zerrenda. “Urteko sasoia edo hil horretako berritasunen bat izaten dira irizpideak”. Lokalean bertan hasten dira kantuan, eta, gero, Plentziako kaleetan ibiltzen dira, tabernaz taberna. “Herriko jendea batzen zaigu, eta baita inguruko herrietakoa ere. Uribe Kosta osoko jendea etortzen da entseguetara”. Aitortu du neguko hilabeteetan bazkide ez den lagun gutxi batzen zaiela. “Herria motel egoten da”. Baina, era berean, Plentzian uda pasatzen duten bilbotar asko joaten dira herrira entsegu egunetan. “Urtean zehar Plentziarekin duten harremana mantentzeko aitzakia da haientzat. Bestela, udako hilabeteetan baino ez lirateke etorriko”.

Abeslariak lagun

Edonor izan daiteke Kantaguneko kide, baina aitortu du jende gazte askorik ez dutela erakarri. Dena den, berak ez du arazo modura ikusten. “Geu ere, gazte ginenean, ez ginen joaten orain guk dugun adineko jendeak antolatzen zituen ekintzetara. Adin bakoitzak bere dinamikak ditu”.

Hileko entsegu eta kantu kalejira horiez gain, urtean zehar badituzte mugarri batzuk. Azken zazpi urteetan, urtero ostiral batez, euskal kantari bat omendu dute. Kantalaguna izena ipini diote ekitaldiari. Afari-emanaldi bat antolatzen dute. “Esker onez eta hunkituta itzultzen dira etxera; lagun bihurtuta. Emanaldia baino gehiago, omenaldia da. Opariak ere egiten dizkiegu. Ekitaldi samurra dela esango nuke”. Niko Etxart, Txomin Artola eta Gorka Knorr izan dira azken urteotan omenduetako batzuk.

Horrez gainera, Euskal Herriko beste kantagune batzuetako kideak bisitatzera joaten dira. Eta urtero guztiek egiten duten topaketara ez dute hutsik egiten: Zuberoan izan dira aurten.