Goi tentsioko konexioa, etenda

Goi tentsioko konexioa, etenda

N. Salazar Orbe

Energiaren kontsumoari aurre egiteko premia elikatu dute erregai fosilak agortzeko mehatxuak eta berriztagarriak behar bezala antolatu eta kudeatzeko plan zehatzik ezak. Red Electrica de España (REE) eta Reseau de Transport d’Electricite (RTE) elkartuta sortu zuten INELFE, eta Gatika eta Cubeznais (Frantzia) goi tentsioaren bidez itsaso azpitik lotzeko proiektua dute esku artean. Berau defendatzeko hainbat argudio dituzte: argindarraren prezioa merkatuko duela eta segurtasun energetikoa bermatuko duela. Baita energia berriztagarrien integrazioa hobetuko duela ere. Proiektuak aurrera egiteko arazoak ditu, ordea. Oztopo handia aurkitu dute bidean. Enpresak berak aitortu du: “Azken azterketek zoruaren ezegonkortasuna utzi dute agerian Capbretongo [Frantzia] arroilatik oso gertu”. Hala adierazi dute ohar batean. Egoera horri aurre egiteko, arroila inguratzeko beste bideren bat aztertuko dutela iragarri dute, “irtenbide teknikorik egokiena” bilatze aldera. Proiektuaren bideragarritasun finantzarioa ez dagoela zalantzan adierazi dute, ordea. Egitasmoak aurrera jarraitzen du.

Proiektuaren aurka egon diren herritarrek hasieratik esana zuten Capbretongo arroila oztopo handia zela azpiegiturarentzat. Handik igaro behar zuen itsaso azpiko kableak. Gatikan Autopista Elektrikorik Ez elkarteko kide Aitor Urrestik eman ditu azalpenak. Ingeniari industriala da, eta ingeniaritza termikoko doktorea eta irakaslea EHUn. “Hasieratik jakina zen Capbretongo arroila zeharkatzea arazo bat izango zela. REEk aitortu zuen proiektuaren aurkezpenean. Hala ere, aurrera jarraitu dute proiektuarekin, bideragarria ote den ziur jakin gabe. Orain, badirudi proiektu osoa birplanteatu behar dutela, edo bertan behera utzi. Datozen hilabeteetan ikusiko dugu zer erabakitzen duten”.

Traba horren aurrean hainbat elkartek bat egin dute Gatikako egitasmoarekin, proiektuaren aurka indarrak batzeko: Gueñes-Itsaso autopista elektrikoaren aurkako herrien koordinakundea, Aragoi eta Herrialde Katalanetako Plataforma Unitaria contra la Autopista Electrica, Sustrai Eraikuntza fundazioa, Ecologistas en Accion de Sabiñanigo eta Ekologistak Martxan plataforma. “Interes ekonomikoak ingurugiroaren aurretik jarri eta eredu energetiko zaharkitu eta zentralizatua indartzen duten enpresei aurre egin nahi diegu, gure aldarrikapenak indar gehiagorekin gizarteratu ahal izateko”.

390 kilometroko goi tentsioko kableak lotu behar zituen Gatika eta Cubeznais. Lotura hori egiteko 1.750 milioi euroko aurrekontua aurreikusita zegoen. Europak 578 milioiko laguntza eman zion, azpiegitura elektriko bati inoiz emandako handiena. Proiektua gauzatuz gero, Espainiako eta Frantziako estatuen arteko trafiko elektrikorako gaitasuna ia bikoiztu egingo da: egungo 2,8 Gw-etatik 5 Gw-ra pasatuko da.

Capbretongo arriolaren sakonera eta han dauden itsaslaster indartsuek kable elektriko bat handik igarotzea zeharo arriskutsua dela hasieratik argi zegoela azaldu du Urrestik. “Horregatik, Europako Batzordeak 3,2 milioi euro eman ditu arroila zeharkatzeko aukerak aztertzeko. Harrigarriena da ateratako ondorioa hasieratik genekiena dela: arroila zeharkatzeko modu errazik ez dago”. Proiektuan egin beharko liratekeen aldaketek gainkostuak ekarriko dituztela iragarri du. “Gainkostu guztiak Espainiako estatuak ordainduko ditu, alegia, guk geuk”.

Proiektuaren sustatzaileen arabera, Frantziarekin lotura sendoagoa edukitzeak ahalbidetuko luke hango argindarra merke erostea, eta, hala, Espainiako estatuan prezioa jaistea. Eta energia berriztagarriak sobera daudenean, Frantziari saltzea. Hala gogorarazi du Urrestik. “Gainera, uneren batean estatuan argindar nahikoa sortzeko gai izango ez bagina Frantziatik ekar genezakeela diote. Egia esan, egoera hori ez da sekula gertatuko, estatuan argindarra sortzeko instalazio gehiegi dagoelako. Gure beharrak asetzeko behar dugunaren bikoitza, hain zuzen”.

Prezioen beherakada iragartzen duen argudioa ere ezeztatu du, orain arte gertatutakoak kontrakoa erakusten duela azalduta. “2015ean gurearen antzeko proiektua jarri zuten martxan Katalunian. Hark bikoiztu egin zuen orduan eskuragarri zegoen interkonexioa. Ordea, ez zuen eragin argindarraren prezioaren beherakadarik. Aitzitik, etengabe doa goraka. Gainera, berriztagarrien esportazioa handitu beharrean, urte berean hainbat parke eolikoren funtzionamendua gelditu egin zen argindarra sobera egon zen uneetan”.

Enpresen onura

Zer dago, orduan, era horretako proiektu baten atzean? “REE eta antzeko enpresen onura ekonomikoak handitzeko besterik ez luke balioko”. Azaldu du energiaren adituek ere berak lehenago aipatutako ondorioak plazaratu izan dituztela: “Interkonexio elektrikoak handitzeak ez luke ekarriko energia berriztagarri gehiago erabiltzea. Gainera, berotegi efektua sortzen duten gasen isuriak nabarmen handituko lirateke eta argindarraren prezioak gora egingo luke”.

Argindar konexio zentralizatuaren aldeko apustua ikusten dute hainbat adituk Europan. Kasu horietan, behar duten argindarra baino gehiago duten herrialdeetatik gabezia dutenetara eramaten da argindarra, goi tentsioko lineak baliatuta. Hurbileko kudeaketan, argindarra ekoizten den lekutik kontsumituko den eremura doa, zuzenean.