Getxoko aisialdi eskaintzan euskara falta dela salatu dute

I. Maruri Bilbao

Arte aplikatuak, kosmetika naturala, bitxigintza, aretoko dantzak, argazkigintza…: Getxoko kultur etxean 2019-2020ko ikasturtean eskainiko diren ikastaroetako batzuk dira. EH Bilduk ohartarazi duenez, guztiak erdara hutsean eskainiko dira. Euskaldunen hizkuntza eskubideak urratzen direla iritzita, egoera salatzea erabaki du. Change.org atarian sinadura bilketa abiatu dute. Eta kalean ere egongo direla iragarri du Nerea Guijarrubia zinegotziak. Besteak beste, Getxoko kultur etxearen atarian karpa bat ipiniko dute herritarren protesta bildu ahal izateko.

“Ez da horrelakorik egiten duten lehen aldia. Orain arte ere egoera antzekoa izan da. Aurreko ikasturteetan ikastaro bakarra eskaini izan dute euskaraz, argazkilaritzari dagokiona, Hiruka aldizkariarekin batera. Baina hori ere kendu egin dute, eta kokoteraino gaude”, ohartarazi du zinegotziak. Getxoko kultur etxean ez ezik Itzubaltzetakoan ere antzeko egoera dagoela nabarmendu du. Hurrengo osoko bilkuran gaitzespen mozio bat aurkeztea ere pentsatu dute, baina oraindik ez dute erabakirik hartu. EAJk eta PSE-EEk osatutako udal gobernuak gehiengo osoa du, eta badakite euren salaketak ez lukeela aurrera egingo.

Horrez gainera, iragarri dute Hizkuntz Eskubideen Behatokira jotzeko asmoa ere badutela, “eskubide urraketa” salatzeko. Udalerriak 80.000 biztanle ditu, eta horietatik erdiak baino gehiago euskaldunak dira. Euskarazko ikastaroek 40.000 bezero potentzial dituztela nabarmendu du zinegotziak, eta uste du horiei guztiei ikastaroak euskaraz egiteko aukera ukatu zaiela.

Kultur etxeetan eskaintzen diren ikastaroak ez direla salbuespen esan du Guijarrubiak. Kirol eskaintzan, adibidez, erabiltzaileen kexak jaso dituztela esan du: “Ele bitan izango direla iragartzen da, baina gero euskaraz ez dakiten erabiltzaileak egoten dira, eta praktikan erdaraz izaten dira”. Haren ustetan, jokabide horiek udal euskara planen aurkakoak dira: “Eskolatik kanpo erabilera sustatu behar dela esaten da, aisialdiko eskaintza horretarako erabili behar dela, baina gero kontrakoa egiten dute”.

Datozen urteetara begira

Bizkaiko Hitza-k Getxoko kultur etxera jo du EH Bilduren salaketa baieztatzeko. Idatziz erantzun dute. “Kultur etxeak antolatutako tailerrak duela 30 urte baino gehiago abian jarri ziren. Jasotako eskaerak eta ordutik bildutako eskarmentua kontuan hartuta, 50 urtetik gorako erabiltzaileei bideratu zitzaien bereziki tailerren eskaintza. Talde horretan gaztelaniaren erabilera nabarmena da”. Azken urteetan euskarazko tailerrak sustatzeko ahalegina egin dutela azaldu dute, baina, haien arabera, “taldeak osatzeko gutxieneko ikasle kopurua ez zen betetzen”.

Kultur etxeko ordezkarien arabera, Getxoko Udalaren beste arlo batzuek —Gazteria Zerbitzuak eta Berdintasun Arloak— beste adin batzuetarako ikastaroak antolatzen dituzte, eta horietan badago euskarazko eskaintza. “Beraz, publiko horietara zuzendutako eskaintza zabaltzea ez zaigu beharrezkoa iruditu. Horiez gain, Kultur Etxearen kultura aisialdirako ikastaroen eskaintzan zortzi ikastarotik bi euskaraz dira, eta azken horietan gutxieneko ikasle kopurua batzuetan ez da betetzen”.

Edonola ere, Getxoko kultur etxearen arabera, iazko ikastaroen azterketa egiten hasi ziren, eskaintza berritzeko. “Datozen urteotan eskaintza aldatzen hasiko gara, eta euskarazko eskaintza kontuan izango dugu”. Erabiltzaileen iritziak ere aintzat hartuko dituztela esan dute.