Bilbo Uria Pop-Rock Lehiaketa

Irailaren 13a . Metala.
Blaze The Trail. Espainia.
Bi urte ere ez dira Valladolideko laukote batek Blaze The Trail taldea sortu zuela. Hardcore-metala ulertzeko lau modu dituzte, bakoitzak berea, eta lauak uztartzea lortu dute, gogortasunaren eta melodiaren artean ibiliz.
Deriva. Espainia.
Sailkatzen zaila da Deriva talde madrildarra: musika tresna hutsezko taldea da. Ez da ez post rock talde bat, ez post metal estilokoa, ezta progresiboa ere; Deriva hori baino askoz gehiago da: teknika, basakeria eta melodia.
Grave Noise. Espainia.
Burgosko eta Soriako laukote batek sortu zuen Grave Noise taldea, 2013an. Euren musika thrash metala dela esaten dute. Adituen arabera, estilo hori txiki geratu zaie, genero horren bertsio modernoago bat egiten baitute.
Iont. Araba.
It’s Over Nine Thousand hitzen akronimoa da Iont. 2010ean sortu zen, Gasteizen, Nem Sabboten errautsetatik. 2015ean argitaratu zuten lehen diskoa, taldearen izena daramana, eta hala zedarritu zen musika banda honen ibilbidea: euskarazko hitzak rock eta metal alternatibo doinuekin uztartuta.

Irailaren 19an. Pop-rocka.
Gentleman Clef. Espainia.
Ahots berezi urratuak eta musika tresna bik osatzen dute Gentelman Clef bikotearen apustuaren oinarria. 2013an sortu zuten taldea, familia bilkura batean. Ondo ondutako soinua sortzen dute, indie folkaren ukituekin.
Lookmomnohands. Herrialde Katalanak.
Haurtzaroko lagun biren proiektua da Lookmomnohands taldea. Haien musika ezin da sailkatu. Baina gauza bat argi dago: haien kontzertuetan umoreak ez du sekula hutsik egiten, eta bikoteak duen punk jarrera ezin daiteke kopiatu.
San Jeronimo. Espainia.
Dreampop giroko doinuak sortzen dituzte, apaindura minimalistekin eta ahots eztiarekin. Neosoularen eremuetan ere sartu dira, baita musika elektroniko lasaiagoetan ere, bazterrean utzi gabe lasaitasun eta gogoeta giroa.
Wicked Wizzard. Bizkaia.
Haien kantuak entzunda bestelakorik pentsa daitekeen arren, Wicked Wizzard taldea Mungian sortu zen. Amerikako basamortura eroaten zaitu haien lanetako batek, edo lehen Black Sabbath haietara. Oraingoz, disko bakarra dute, iaz grabatutakoa.

Irailaren 20a. Metala.
Blind The Eye. Portugal.
Santa Maria de Feirako boskote honek death metal melodikoa du gustuko, nahiz eta beste talde batzuek baino kutsu ilunago eta basatiagoa duen. Arise to the Theta State da portugaldarren lehen lana, iaz argitaratutakoa.
Deimocracy. Bizkaia.
Metal kategoriako finalerdietan parte hartuko duen Bizkaiko talde bakarra da. Bilbon sortu zen Deimocracy, 2012an. Muturreko metala sortzen dute. Hala ere, death metal melodikoaren eta nu-metalaren artean ere ibiltzen dira.
The Broken Horizon. Nafarroa.
Iruñetik etorriko da The Broken Horizon taldearen metalcore gogor eta zapaltzailea. 2015ean sortu zen hirukote modura; gaur egun, bost kide ditu.
Last Dissonance. Herrialde Katalanak.
2016an sortu zen taldea, Bartzelonan. Walth Salves da taldeak orain arte argitaratu duen lan bakarra: iazko apirilean kaleratu zuten, death metal melodikoa eta deathcorea uztartzen dituzten bost kantarekin.

Irailaren 26a. Pop-rocka.
Indian Hawk. Herrialde Katalanak.
Rock amerikarraren doinuak ekarriko dituzte. Valentziako arte giroko musikari esperientziadunen proiektu berria da. Doinu itsasgarriak, kirol zelaietako rocka eta ingelesa dira euren hiru ezaugarri nagusiak.
Mi Buenaventura. Bizkaia.
Saltsa eta cumbia, bilbotar erara. Musika elektronikoaren, psikodeliaren eta rock apur baten nahasketatik sortutako bitxia da.
Los Reyes Magos. Espainia.
Sevillako talde honek pop psikodeliko moduko bat ontzen du. Batzuetan Los Brincos ekar dezake gogora; besteetan, Grateful Dead taldearen rock azidoa; eta, noiz edo noiz, Lori Meyersekin amets egiten laguntzen du.
Orbel. Lapurdi.
Ilunzaletasuna eta trinkotasuna dira haien ezaugarriak. Emma Rth Rundleren tankeran, mantrak errezitatzen dituen andre baten ahotsak laguntzen du musika. Post rock zaratatsu eta bizia da haiena.

Irailaren 27a. Urban.
Colectivo Shumareli. Espainia.
Shumareli kolektiboa Guadalajarako rap-fussion talde bat da. Blues, jazz, funky eta rap doinuekin hasi ziren, eta, arian-arian, estilo propioa sortu dute.
Nattonooto. Bizkaia.
Roman Ljuimovek baxuarekin egindako inprobisazio elektrikoak dira Nattonooto proiektuaren jatorria. Beste rock talde batzuetan baxu jotzailea zenean erabaki zuen tresna horren ikuspegi landuago bat eskaintzeko garaia zela.
STR. Bizkaia.
Special Trap Residence taldeak Barakaldon, Gernikan eta Baranainen ditu erroak. Euren rapa ez da ohikoa. Kideen  nortasunak ere parodiak dira.
Tongo. Espainia.
Zortzi kideko musika talde gaztea da. Musika freskoa sortzen dute, latin musika sustraietan duela, rock, jazz, eta flamenkoarekin uztartuta.

Urriaren 3a. Pop-rocka.
Beluga. Espainia.
Esperimentazioa eta perfekzioaren bila ibiltzea dira Madrilgo boskote honen goiburuak. Rock alternatiboaren eta atmosfera esperimentalaren artean dabiltzan soinu sortzaileak dira.
Nazca. Bizkaia.
Bizkaiko boskote honek hainbat urtetako esperientzia du. Gaztelaniaz kantatzen dute, eta post rock eta emo-indie estiloko doinuak dira nagusi haien proposamenean.
Pinpilinpussies. Herrialde Katalanak.
Ana eta Raquel dira Pinpilinpussies; garage pop gordin eta zuzenekoa jotzen dute. Jarrera misteriotsu eta alproja dute.
Young Forest. Espainia.
Biolina, gitarra eta banjoa dira talde honek behar dituen elementu bakarrak. Ahots joko liluragarri batekin, folk amerikarreko doinu ederrak ontzen dituzte, Springsteen eta Dylanen estilokoak.

Urriaren 4a. Urban.
Adriana Terren. Espainia.
Zaragozako bakarlari gaztea da Adriana Terren. Bere lehen LPa grabatu du, Piel, zortzi kantarekin; urban tankerakoak dira.
Jazzwoman. Herrialde Katalanak.
Bere kantetan, emakumeei bere lekua bihurtu nahi die Jazzwomanek. Melomanoa da musika sortzerakoan.
Kenna I. Bizkaia.
23 urte ditu Naiara Alkaraz abeslari getxoztarrak. Duela 4 urte sartu zen Urdulizko T4 estudioetan; harrezkero, urban musikari emana bizi da.
Tesa. Herrialde Katalanak.
Tesaren rapa alaia eta engaiatua da, hiru zutabetan errotua: bere sorterri den Valentziako kultura, feminismoa eta jaia.