Trenaren helburua ja ez da Atxuri

Trenaren helburua ja ez da Atxuri

Ibai Maruri Bilbao – Natalia Salazar Orbe

Donostiatik eta Durangotik Bilbora datozen trenekin 2017an gertatu zen bezala, Busturialdetik datozenek ere bukaerako geltokia aldatuko dute datorren astelehenean: Atxurikoan barik, Zazpikaleetakoan izango dute ibilbide amaiera. Euskotrenek udako ordutegia utzi eta negukoa hasiko duen eguna aukeratu du aldaketa egiteko. Horrela, bada, 107 urteren ondoren, trenak eta bidaiariak jasotzeari utziko dio behin betiko Atxuriko tren geltoki zaharrak, garai batean Bizkaiko hiribururako sarbide nagusietako bat izandakoak. 1983ko uholdeek eragindako kalteak konpondu artean baino ez da itxita egon urte hauetan guztietan. Datorren domekan, 21:19ean irtengo da azken trena Atxuriko geltokitik. Eta 23:04an iritsiko dira azken bidaiariak hara, Bermeotik datorren azken trenean.

Euskotrenek iragarri du maiztasunek orain arte bezala jarraituko dutela, eta ordutegietan, asko jota, doikuntzak egingo dituztela. Baina geltoki aldaketak hainbat ondorio izango ditu. 2017an Kukullaga-Etxebarri tren geltokia ireki zuen Euskotrenek, Bilboko Metroaren 3. linearen bukaera dena. Harrezkero, Bermeotik datorren trenarentzako geltoki ere bihurtu da, Atxurira bidean. Bi urte hauetan, Kukullagatik Atxurirainoko tartean, Boluetako geltokia baino ez du izan. Aurrerantzean, Kukullaga eta Zazpikaleetako tren geltokien artean, hiru lekutan geratuko da: Otxarkoagan, Txurdinagan eta Zurbaranbarrin. Horregatik, Kukullagatik Bilbora orain baino hiru minutu gehiago beharko ditu. Baina, aldi berean, Bilboren bihotzera iritsiko dira Busturialdeko bidaiariak trenez: Zazpikaleetaraino eroango ditu trenak, San Nikolas plazan dagoen geltoki intermodalera.

Era berean, metroaren 1. eta 2. lineekin duten lotura hobetuko zaie Busturialdetik datozenei. Lehen, Atxurira bidean Boluetan jaisten ziren, eta han metroa hartzen. Azken bi urteetan Kukullagan izan dute trenetik jaitsi eta metroaren 3. linea hartzeko aukera, Zazpikaleetaraino, eta, han, 1. edo 2. linea hartu. Orain, Zazpikaleetan zuzenean hartu ahal izango dituzte metroaren linea guztiak, eta baita Txorierrira doan trena ere.

Euskotrenek ohartarazi du Busturialdetik datozen trenak Zazpikaleetaraino etortzeak ez duela izango eraginik metroaren 3. lineako maiztasunetan. Izan ere, Bermeo-Bilbo tren lineak beteko ditu astelehenetik aurrera 3. lineari dagozkion maiztasun batzuk. Hala, bidaiariek trenetan jende gehiago dabilela igarriko dute, 3. lineakoei Busturialdetik datozenak gehituko baitzaizkie.

Donostiatik eta Durangotik datozen trenek geltokiz aldatu zutenetik, erruz jaitsi da Atxuriko geltokiaren erabilera. Dena den, jende askori eragingo dio aldaketak. Iazko datuak dira: 352.000 bidaiarik erabili zituzten Boluetako eta Atxuriko geltokiak; denak, Busturialdetik datorren Euskotrenen erabiltzaileak. Batzuek eskertu dute aldaketa, baina badira egunerokoa “trakestuko” dietela uste dutenak. “Informazio falta” salatu dute, baita eurek zer iritzi duten galdetu ez izana ere. Iñigo Astoreka gernikarrak egunero hartzen du trena beharrera joateko. Atxuriko Emilio Campuzano Lanbide Heziketa institutuan irakasle da. “Orain arte, oso eroso nuen hemen trena, baina, aurrerantzean, hamabost bat minutu egin beharko ditut oinez geltoki berritik”. Berak ez ezik, ikasleek ere igarriko dute aldaketa. Izan ere, asko dira institutura trenez datozenak. Aurrerantzean gutxiago izango direla uste du.

Beste hainbatek Erriberako merkatura joateko hartzen dute trena. Hala azaldu du Daniela Favarinik. Errigoitin bizi da, eta Bilbon egiten du lan, Zazpikaleetan, Goienkalen duen bigarren eskuko artisau denda batean. “Jendea joaten da orgatxoarekin, merkatuan erosketak egitera. Orain arte, geltokitik gertu zuten merkatua, baina, aurrerantzean, Zazpikaleak zeharkatu beharko dituzte, eta bueltako biderako pisu handia eroan beharko dute”. Era berean, beldur da geltoki berriak ez duen jendea Zazpikaleetatik Kale Nagusirantz bidaliko. “Lehen, Atxuritik etortzean, Zazpikaleetatik igaro behar izaten ziren; orain, ez. Eta Zazpikaleetako merkatari txikiei bezero galera ekarriko die horrek”. Euskotreni San Nikolas plazatik Atxuriraino transbordadore bat jartzeko proposatuko diola esan du, nahiz eta ez duen espero kasurik egitea. “Ezetza badaukat”.

Tranbia, Abusutik pasatuta

Atxuriko tren geltokiaren erabiltzaile askok, trenetik jaitsi eta tranbia hartu izan dute. Izan ere, hura da Bilboko tranbia linea bakarraren abiapuntua, oraingoz. Euskal Trenbide Sareak enpresa publikoak iragarri du abenduan hasiko direla tranbia Boluetaraino luzatzeko obrak. Lanak hasi aurretik, Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak bien arteko lankidetza hitzarmena sinatu beharko dute, proiektua finantzatzeko. Akordio hori hilabete honetan sinatuko dutela iragarri dute: aurrekontuaren %65 gobernuak ipini du, eta gainontzekoa ordaintzea udalaren esku geratuko da. Berez, Arantxa Tapia buru den Ekonomia Sustapen eta Azpiegitura Sailak lehenago hasi gura zuen lanekin, baina udal eta foru hauteskundeek atzeratu egin dute prozesu osoa.

Akordioa sinatzearekin batera, obrez arduratuko den enpresa edo enpresa taldea hautatzeko lehiaketa publikoa abiatuko dute. Urtea amaitu aurretik hautatuko dute, abenduan lanekin hasi ahal izateko. 6,1 milioi euroren aurrekontua izango du tranbiaren ibilbidea luzatzeko proiektuak. Berez, ez dira hutsetik hasiko. Izan ere, orain arte Euskotrenen Bermeo-Bilbo lineak erabiltzen zuen trenbidea egokituko dute, Atxuri eta Bolueta artean.

Guztira, 2,5 kilometro izango dira. Burdinbidea bera eta argindarra hartzeko azpiegitura mantendu egingo dira. Argindarraren azpiestazioak, berriz, berritu egin beharko dira: trenak 1.500 watt behar ditu ibiltzeko eta tranbiak nahikoa du 750 wattekin. Horrez gainera, Atxuri eta Boluetako tren geltokiak egokitu egin beharko dira, tranbiaren geltoki izateko. Eta geltoki berri bat eraikiko da Abusun, Ibaizabalen beste ibarrean dagoen Bilboko auzo horri zerbitzua emateko. Abusu ikastolatik gertu eraikiko dute. Lanek hemezortzi hilabete iraungo dute; 2021ean egongo da martxan.