Neurrian

Maite Berriozabal Berrizbeitia

Umetan ahizpak eta biok oporretan urrun joan gura izaten genuen, berdin zuen nora, kontua urrun joatea zen. Garai hartan, guretzat urrunera joatea zen Benidormera edo Erromara joatea, baina gure oporrek ez zuten urruneko lekuen itxurarik hartzen. Beharbada, ezagutzen ez nituen Huesca edo Soria ez ziren horren hurbileko lekuak, baina ez ziren marko mentalean ofizialki urrunekoen lekuan sartzen. Beraz, ez ziren urrun, beste zerbait ziren.

Eta uste dut distantziak neurtzearen zailtasuna ez dela umetako kontu hutsa izan nire kasuan. Gaur egun, adibidez, kalean norbaitek zerbaiten bila dabilela eta ea non dagoen badakidan galdetzen didanean, gezurra esan eta ezetz erantzuteko gogoa izaten dut. Izan ere, baietz esanez gero azaldu egin behar izaten zaio non dagoen galdetu duen hori. Eta hasten zara azaltzen: hor aurrean aurrera, eta gero hirugarren kalean ezkerrera apur bat, zuzen jarraitu aldapa moduko batean, gero farmazia bat eta arbola batzuk pasatu, gero toldo urdin bat… Eta amaitu orduko pentsatzen hasten zara ea galdetu dizuna eta azaltzen ari zarena leku bera ote diren; edota, berak galdetu dizuna ea benetan uste duzun leku horretan ote dagoen.

Gainera, askotan, zerbait argitu diodalakoan galdetu izan didate: “Hurbil dago?” edo “hemendik zenbatera dago?”. Eta begi-bistan badago eskuarekin adierazten diot, eta duin-duin esan: “Hortxe bertan dago”. Baina gauden lekutik ikusten ez bada, ez dut jakiten esaten 100 edo 500 metrora ote dagoen, eta are gutxiago, 100 edo 500 metro zenbat diren kalkulatzen. Eta horrelakoetan esan nahiko nioke: “Hurbil? Ba ez dakit, zenbat da hurbil edo urrun zure ustez?”. Baina horren ordez azalpen nahasgarri batzuk ematen dizkiet askotan. Eta horrelakoetan, pentsatzen dut, erdi lotsatuta buelta ematen dudanerako, bidean datorren hurrengo oinezkoari galdetuko diola berriro gauza bera; alegia, argazki bat ateratzeko eskatu eta argazkian burua moztu izan didanarekin egin izan dudana egingo duela nirekin.

Neurria gauza zehatza dela esango du hainbatek, baina zenbatetan egiten diogun erreferentzia neurriari neurria zehaztatu barik: “Zure neurrira egina dirudi”, “neurrian edan”, “neurriko laguna aurkitu du”… Zenbatetan esan ditudan eta zenbat bider itzuli dizkidaten horrelakoak. Eta kuriosoa da, ze esan ditudanean banekien zein zen neurria, baina horrelakoak jaso izan ditudanetan bestearen esaldiari neurria hartu ezinda ibili izan naiz askotan.

Duela gutxi esan didate hartuko diodala neurria hamabostean behin zutabea idaztearen kontuari, eta hemen nator neurtzeko tresneria aldean hartuta. Nerea Ibarzabal irakurtzeko ohitura nuen, bai gustura irakurri ere, eta orain nire neurrira josi beharko ditut txoko honetako ertzak. Zuek paperari edota sakelakoari begira zaudetela elkarrekin topo egiten badugu, jakin, gaia jarri eta bertsoa beste batek pentsatzera ohituta nagoela; eta, beraz, hasi eta amaitzen diren testuak sortzeko praktiketan ari naizela hemen. Oraindik ez naiz inoiz Benidormera joan, baina zuekin bidaiatu nahiko nuke urrun, baina neurrian.