Naturak munduari oparitua

Naturak munduari oparitua

Natalia Salazar Orbe

Eguzkia, ura, urtaroak, behe lainoa eta naturaren koloreak eta indarra nonahi. Denak klik batean harrapatu nahian eta, aldi berean, horiek guztiek ikuslea argazki barrura erakarri guran. Busturiko Ekoetxea Urdaibain dagoen erakusketak, Euskal Herria Nature izenekoak, irudi bakoitzaren agertokira darama bisitaria; horixe helarazi nahi diete artistek ikusleei. Hala azaldu du erakusketa antolatu duen Click taldeko kide Iskander Barrenak: “Bertaratzen diren behatzaileak naturara gerturatzen ari garela pentsatu nahi dugu, eta, aldi berean, naturaren hauskortasunaz eta edertasunaz jabetzea”.

Gizakia gutxi edo batere sartu ez den inguruneak bilatzen saiatu dira, batez ere, irudi lagina osatu duten hamabi argazkilariak. “Beraz, behatzaileak ikusten ari den hori sentitu edo usaintzea gustatuko litzaiguke. Gure ingurua eraikinez beteta egon arren, fauna eta flora biodibertsitate handia dugu, zoritxarrez jende askok ezagutzen ez duena. Eta harrituta geratzen dira Euskal Herrian orkideak ditugula ikustean, adibidez. Esaldi batean: bizi garen lurraldearen xarma erakutsi nahi dugu”.

Helburua lortu dute. Barrikako hondartzako harlauzen gainean etzanda irudika dezake bere burua ikusleak. Urbasako (Nafarroa) enbor biluzien artean, zuhaitzek lurrera bota dituzten arropa zimelduen gaineko karraska entzutea ere irudituko zaio bisitariari. Eta uraren etengabeko jarioa atzean, hari musikal bezala sentituko du. Zipriztinak, lainoaren hezetasuna, elurraren hotza eta arbola arteko iluntasuna zeharkatu guran ari diren eguzkiaren izpiak soingaineko zuria urtu guran. Eta elurra ezkutuan, bere zuriari eta solidotasunari eusteko borrokan.

Euskal Herriko natura taularatu dute erakusketaren bidez. Zehatzago, Hego Euskal Herrikoa. Ahalik eta jende gehienari erakutsi nahi diote naturarik hurbilena: “Gugandik gertuen dagoen hori. Lekuak, mementoak, argia, kolorea jendarteratu. Baita inguruneak gugan eragiten dituen sentsazio eta sentimenduak ere”. Esaldi batean laburbildu du ideia: “Hazten ikusi gaituen lurra omentzeko moduko zerbait izango litzateke”.

Mitologiak eta kondairek naturarekiko lotura horretan izan duten eraginari ere aipamen egin dio Click taldeko kideak. “Gure mitologiak basoko jauntxoez edota ibai eta aintziren ertzean ile luzea orrazten duten laminen inguruan hitz egiten digu. Ez da harritzekoa halako istorio ederrak entzunda oso harreman berezia garatu izana gure inguru naturalarekin”.

Harreman eta magia horiek nabari dira irudietako batzuetan, magiko bihurtu dituzten kokalekuak ere jaso dituzte-eta: gaua eta eguna norgehiagokan ageri dira Gaztelugatxe gainean. Ilargia eguzkia garaitu nahian, eta azken hori, bere argiari eutsita, inork itzalarazteko asmorik ez duela.

Ospetsu bilakatu diren eremuen ondoan, agertoki ezezagunagoak ere jaso dituzte. Ipuin batetik ateratako baso barrua iradokitzen du, esaterako, Andoingo ur-jauziak, Araban. Ur azpitik atera eta haitzetako baten gainean eserita ilea orrazteari ekingo dion laminaren bat aterako dela irudituko zaio argazkia ikusten duenari.

Argazki zirraragarri horien ondoan, Trianoko mendiek bestelako irudia daramate bisitariaren begietara: meatzaritza jardueren berreskuratzea islatzen duten argazkiak dira.

Antolatzaileek lan nekeza izan dute erakusketa osatzen duten irudiak aukeratzeko. “Ezinbestekoa zen Gaztelugatxeko Doniene edo Nerbioi ibaiaren jauzi paregabea bezalako leku ikonikoak erakustea, baina Euskal Herriak beste hainbat leku ikoniko ditu, batzuk besteak baino ezagunagoak: Arabako lautadak, basoetako leku ezkutuak edota Trianoko mendiak”. Naturarekiko errespetua zabaltzeko harri koskorra jarri du taldeak: “Ez da erraza behatzaile guztiei nahi duguna transmititzea, baina pausoz pauso gizarteari naturarekiko sentsibilizazio eta errespetua transmititzea lortuko da”.