“Jendea deitu dugu ikurrina eskuan errepidera ateratzera”

“Jendea deitu dugu ikurrina eskuan errepidera ateratzera”

Natalia Salazar Orbe

Atzo iritsi zen Espainiako Vuelta Bizkaira. Ikurrin eta aldarrikapenez bete zituzten zaleek errepideak eta Bilboko kale bazterrak. Gaurko ere beste horrenbeste egiteko deialdia egin dute txirrindularitzaren inguruan elkartu diren hainbat eragilek. Euskal Herrira ekarritako Espainiako zein Frantziako probei zer-nola aurre egin aztertzen aritu dira. Horien artean izan da Alex Arregi (Bilbo, 1968) Gure Esku Dago-ko kidea.

Zer esan nahi du Espainiako Vuelta Euskal Herrira ekartzeak?

Gaur egungo ikuspegitik, aukera bat ikusten dugu gure herri nortasuna eta herri bat garela adierazteko; gure ezaugarri bereizgarriak ditugula, herri bat osatzen dugula eta erabakitzeko eskubidea daukagula adierazteko aukera bat da. Euskal selekzioak eta gure esparru propioak eskatzen ditugunean bezala, hemen ere hori adierazteko aukera dago.

Herri izaera hori munduari ikusarazteko?

Hori da, Frantziako eta Espainiako estatuez gain, hemen herri bat dagoela adierazi ahal izateko nazioartean.

Beraz, boikota bultzatzea baino eraginkorragotzat duzue.

Proba horiek eta ekartzen dituzten beste ekitaldi eta jaialdi batzuek badaukate zer kritikatu, noski, baita gizarte ereduaren aldetik erreparatuta ere. Baina hor egonda, balia ditzagun herri gisa ditugun aldarrikapenak nabarmentzeko. Erakusleiho hori balia dezagun gauza bereizgarriak ditugula adierazteko.

Badirudi beste proba edo kirol batzuetan protesta gehiago egin dela. Txirrindularitza probak ekartzea onartuago al dago?

Ez dakit. Makrofutbolera begirako makroeskaintza horiek ez dira horrenbestetan suertatu. 1982an, Munduko Txapelketa egon zen hemen. Protestak egin ziren. Eta 1990ean Vuelta etorri zenean ere bai. Garai batzuetan, modu batean erantzuten zen, eta, beste batzuetan, beste modu batean erantzun da. Agian, erakusleiho handiagoa lor dezakezu, edo nabarmenago gera daiteke adierazi nahi dugun hori. Iaz, agerian geratu zen, Tourra eta Vuelta Euskal Herritik pasatu ostean jendeak errepide bazterrean zer-nola jokatu zuen ikusita, eragin baikorragoa eta oihartzun handiagoa izan zuela komunikabide guztietan. Ez bakarrik hemengo bertako zein estatuko komunikabideetan. Sare sozialetan asko zabaldu zen, eta nazioartean ere bai. Modu baikorrean ikusi zen, eta euskal zaleak, euskal nortasuna, euskal ikurrak eta euskal aldarrikapenak agertu ziren.

Zer jarduera edo analisi planteatu duzue Vuelta Bilbon egongo den egunetarako?

Asteazkenaz geroztik Euskal Herrian dago. Zuberoa eta Lapurditik pasatu ostean, Nafarroan sartu zen. Atzo, Nafarroan eta Araban ibili zen, eta, gaur, Bizkaitik ateratzen da. Kezka izan dugu hainbat eragilek, Euskal Herria Kirolak eta Gure Esku Dago ekinbideek, esaterako. Aurten ahaleginak egin dira, baina oso modu apalean aritu gara. Bakoitzak baditu bere dinamikak, eta, aurten, ez dugu antolatu gauza handirik iaz Saran (Lapurdi) edo Oiz mendian egin genuen bezala. Honetan, gauza txikiak egin ditugu herri batzuetako jaietan, eta, gure apaltasunean, jendea deitu dugu ikurrina eskuan errepidera ateratzera.

Urriaren 16rako iragarrita dago euskal selekzioaren futbol partida. Zer ekarpen egin dezake?

Ni futboletik askoz urrunago nago. Argi dago hainbat ekinaldi zehatz egin beharko lituzketela instituzioek, baina bitartean egin daitezkeen keinuek ere balio dute zerbaiterako. Kontua da gauza sinbolikoez bakarrik erabat nekatuta gaudela. Hala ere, ez da txarra oihartzun handiagoa izan dezaketen selekzioekin aritzea. Argi dago ez daukala ibilbide handirik partida sinboliko hutsetan aritzeak: helburua ez da urtero partidatxo bat erdi folklorikoa lehiatzea. Era horretako partidetan herri bat garela adierazteko eta gure nortasuna adierazteko aldarrikapenak baliatu behar dira. Hala ere, konpromiso zehatzagoak eskatu behar zaizkie erakundeei eta politikariei. Dena den, ezin gara egon politikarien jarduerei begira soilik. Herria ahaldundu behar da, eta exijitu erabakitzeko eskubidea.