Gutxiago igaro dira Bilbotik

Gutxiago igaro dira Bilbotik

Ibai Maruri Bilbao

Joan den urteko udan migratzailez betetako autobusak iritsi ziren Bilbora, Europako beste herrialde batzuetara bidean. Ez zuten non hartu aterpe, ez zuten non garbitu, ez zuten non jan. Horregatik, herritarrak ibili ziren haiei laguntzen. Hala sortu ziren harrera sareak, Bilboko auzoetan lehenik eta Bizkaiko herrietan gero. Hedabideetan egunero hutsik egiten ez zuen albistea izan zen. Aurten, berriz, arreta gunea Mediterraneoan egon da: itsas salbamendu humanitarioa egiten duten itsasontziek porturatzeko izan dituzten arazoak izan dira hizpide. Ezer gutxi hitz egin da hemengo egoeraz. Baina zer gertatu da Bizkaiko herrietan? “Iritsi dira, baino askoz gutxiago”, erantzun du Ana Elena Altuna Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kideak. “Espainia hegoaldera [Andaluzia, Ceuta eta Melilla] 2018an baino %60 gutxiago iritsi dira. Eta, ondorioz, gurera ere gutxiago ailegatu dira. Etorrera askoz orekatuagoa izan da”.

Iazko egoera gogoan, Eusko Jaurlaritzak programa berezi bat ipini zuen martxan bukatzear dagoen uda honetarako. Iazko kopuruak hartu zituen kontuan, baina aurreikuspenak ez dira bete. “Bilbon ipini dituzten 120 ohe inguru ia hutsik egon dira uda osoan. Bien bitartean, baliabide hori erabiltzeko eskatzen diren baldintzak betetzen ez ditugun jende mordoak kalean lo egiten dugu urte osoan. Ez dauka zentzurik”. Altunak goraipatu du Jaurlaritzak aurreikuspenak egin eta baliabideak ipini izana. “Ez da ohikoa izaten migratzaileen aferan horrelako antolaketarekin jardutea. Migratzaileek beti sorpresaz harrapatzen gaituzte; beti uste da gehiegi izan direla. Txalotzekoa da, behin bada ere, zuzen jokatu izana. Baina malguagoak izan zitezkeen. Ez da normala izan oheak hutsik egotea. Eta ez bakarrik egindako inbertsioa alferrikakoa ez izateko. Pertsona guztiak gizatasunez tratatu behar direlako baizik; pentsatu pertsonengan, behingoagatik bada ere”. Baliabide horiek erabiltzeko baldintza batzuk bete behar dira: esaterako, Europara Espainia hegoaldeko mugatik sartu diren migratzaileentzat dira, itsasontziz iritsi behar izan dute penintsulara, eta lehorreratu zirenetik Bilbora iritsi diren artean ezin izan dira hamabost egun baino gehiago igaro.

Altunaren arabera, iazko udan Jaurlaritzak ez zuen harrera egokirik egin. “Jendeak ikusten zuen migratzaileak iristen zirela, eta kale gorrian geratzen zirela. Bilbotar asko antolatu ziren, eta eskerrak. Erakunde publikoek behar bezalako harrera egiteko baliabideak ipini izan balituzte, ez lirateke herritarren harrera sareak sortuko; herritarren erantzun hori ez zatekeen beharrezkoa izango”. Iruditzen zaio herritar haiek erakutsitako gaitasunak eta jarrerak gizartea aberastu dutela.

Harrera sare hori oraindik ere indarrean dago, nahiz eta migratzaile gutxiago iritsi. Larrialdi egoera bati aurre egiteko lehen arreta zena, gizarteratzen laguntzeko arreta sakon eta pausatuago bihurtu da. “Ez da bakarrik bat-batean iristen direnei laguntzea. Gure artean hainbeste jende dago aspalditik etorrita, eta horiek ere laguntza behar dute”. Erakunde publikoen laguntzarik gabe, herritarren taldeek antolatuta, Bizkaian hainbat proiektu eta talde daudela zehaztu du. Besteak beste, Bilboko harrera auzoen sarea, Busturialdekoa, Arrigorriagakoa, Trapagarangoa eta Apatamonasterio eta Ermuko proiektuak aipatu ditu. “Fenomeno hau oso aberasgarria izan da guztiontzat”.

Salbamendua militarizatzen

Europako eta Espainiako agintarien jarrera salatu du Altunak. “Ez dira gutxiago etorri mugitzen direnak gutxiago direlako. Gutxiago etorri dira, oztopo izugarriak jarri direlako Marokon eta itsasoan”. Salatu du Marokok lehorra poliziaz eta militarrez bete duela. “Europak erabaki du giza eskubideen aldeko herrialde demokratiko eta eredugarria dela [Maroko], eta diruz saritzen ari da, Polizia erabilita migratzaileak Europara etortzea eragotz dezan. Espainiak berak 30 milioi euro eman dizkio joandako egunetan”. Espainiako Gobernuarekin ere kritiko agertu da, itsasoko salbamendua “militarizatu” egin duelakoan. Esan du orain arte erakunde zibila izandakoa Guardia Zibilaren esku utzi duela. “Orain agindu militarren arabera salbatzen da, eta ez gizatasun premiengatik”. Gainera, salatu du Espainiako Itsas Salbamenduak orain soilik Espainiako uretan egiten duela lan: Marokoko uretan noraezean dagoen ontzi baten berri izanez gero, Marokoko agintariei ohartarazi eta haien zain geratzen direla kexatu da, “sarri askotan, ontzia zelan hondoratzen den begira”.

Hartu diren erabakiak “politika okerrak” iruditzen zaizkio. Aldaketa eskatu du. “Herriak zapaldu eta haien aberastasuna lapurtzeari utziko diogu? Ez? Ba, denak berdin jarraituko du; jendeak derrigortuta ihes egiten jarraituko du. Hori aldatzeko prest gaude? Bestela, jai dugu”.