Geltoki zaharra auzora hurbildu nahian

Geltoki zaharra auzora hurbildu nahian

Uxue Gutierrez Lorenzo

Gauza jakina zen, baina iritsi da eguna azkenean:Atxuriko tren geltoki zaharrak bidaiariak jasotzeari utziko dio domekan. 1912an altxatu zuten eraikin historikoa, eta 107 urte geroago bere egiteko nagusia etengo du. Eraikinak, ordea, hortxe segituko du. Zortzi nasa, lau trenbide eta sarrera zabala ditu geltokiak; espazio zabala da hutsik geratuko dena, eta horrek erabileraren inguruko eztabaida piztu du. Herritarrek erabilera anitzeko espazio bihurtu nahi dute auzoko gunerik enblematikoena; eta Euskal Trenbide Sareak enpresak, ostera, tranbiaren ibilbidea luzatzeko baliatu nahi du espazioa.

Jabetzaz, izaera publikoa duen espazioa da, eta Euskal Trenbide Sareak enpresak du haren kudeaketaren eskumena. Argi azaldu dute euren asmoa: Bilboko tranbiaren ibilbidea eraldatu nahi dute, Boluetaraino luzatuz, eta horretarako baliatuko dute eraikina eta atzeko aldean dituen burdinbideak. Beste erabilera bati ere eutsiko dio espazioak: Euskotreni dagozkion linea guztien aginte postuak bertan mantendu nahi dituzte. Horretarako erabiltzen den eremua handiagoa izatea nahi dute. Eta, aldaketak ahalbidetzeko lanak, urte bukaeran abiatzea da asmoa.

Bestelako proposamenik ere bada, ordea. Lokomotorak Atxuri taldeak “erabilera anitzeko ekipamendu publiko” bihurtu nahi du estazioa, eremua behar ezberdinetarako baliatzea posible dela iritzita. Bide horretan, iaz abiatu zuten auzo prozesu parte-hartzailea Atxuriko auzokideek, eta 300 bizilagunen ekarpenak jaso. Ondoren, entzundakoak idatzi, eta ondorio zerrenda ere plazaratu dute. Txostena osatzeko arkitekto eta abokatuen laguntza izan dute, proiektu “bideragarria eta serioa” sortze aldera.

Igor Uribe Lokomotorak Atxuriko kideak azaldu du zein puntu dituzten erabat zehaztuta: “Kontsentsua dago Atxuriko eskolaren jolastoki estalia geltokiaren sarreran egiteko; eta baita liburutegia eta askotariko gelak jartzeko ere”. Horien erabilera, baina, ez dute eskolaren erabilpenera mugatu nahi. Ideia da eskola orduetan jolastoki eta liburutegia haurrek eta irakasleek baliatzea, eta gainontzeko denboran auzokideentzako espazio irekia bihurtzea. “Erabilera mistoa izatea nahi dugu, espazioa elkarrekin banatzea”, azaldu du Uribek.

Denen gustura

Eraikina auzoaren mesedetara jartzea xede izanik, azpiegituraren kudeatzaileei eurekin batzeko deia luzatu diete Lokomotorakeko kideek. Izan ere, euren iritziz denen beharrak asetzea posible da: “Euskotrenen arrazoiak ulertzen ditugu, eta uste dugu euren proiektuak ez dituela gure nahiak oztopatzen. Borondatea egonez gero, proiektu guztiek izan dezakete tokia geltoki zaharrean”. Udan geldialditxoa egin dutela aitortu du Uribek, eta urte berrirako mobilizazio berriak iragarri dituzte. Udaleko plenoan aurkeztuko dute proiektua, eta Euskotren zein udaleko ordezkariekin bilduko dira datozen egunetan.