Ibai Maruri Bilbao
“Gogoangarria” izango da 2019ko uda Bilboko hotelentzat, guztiak batzen dituen elkarteko presidente Alvaro Diaz-Munioren esanetan. Markak hautsi dituzte. Abuztuan, beteak izan dituzte eskainitako logelen %91. Uztailean, portzentajea apalagoa izan zen: %80 inguru. Baina hoteletako arduradunentzat datu “ikusgarria” da, horrelakorik ez baitute lortu aurreko urteetako hil berean. Diaz-Muniok aitortu du “apur bat” behera egin duela Alemaniatik eta Erresuma Batutik etorri ohi diren bisitarien kopuruak. Baina, kontrara, gora egin du Herrialde Katalanetatik eta Espainiatik etorri direnenak, eta horrek lagundu die balantzea orekatzen. Igualtsu mantendu da frantziarren etorrera.
Bilboko hotelen elkarteak estrategia bat ipini du martxan, etxe turistikoen fenomenoari aurre egiteko. Diaz-Muniok azaldu du: “Hotel berriak ireki dira, eskaintza handitu dugu, eta prezioen igoera orekatua izan da”. Hain zuzen ere, datorren hilabetetik aurrera, Bilbok lau izarreko beste hotel bat edukiko du: Sercotel taldeak jesuiten egoitza zaharrean eraiki du, eta zabaltzeko prest dago ia. Gaur egun, Bilbok 74 hotel ditu, eta, guztira, 8.022 ohe eskaintzen dituzte. Iaz, 1,8 milioi bisitariri eman zieten zerbitzua.
Hoteletako buruek uste dute asmatu dutela; batez ere, eskaintza handitzean oinarritu den estrategiarekin. Uda zelan joan den ikusita, baikor agertu dira urteko balantzeari begira. Batez besteko okupazioa %70 izango dela aurreikusi zuten, eta, orain arteko datuei erreparatuta, lortzeko moduan egongo direla iruditzen zaie.
Dena den, bada lortu ez duten helburu bat: oraindik ere, ez da gau bira iritsi Bilbora datozen bisitariek hoteletan igarotzen duten batez besteko denbora. Era berean, udako hilabeteei ez diete ateratzen “behar besteko etekina”: urria da hilabeterik errentagarriena hiriburuko hotelentzat, kongresu eta jardunaldiei esker. Udazkenean, logelen prezioa %15 eta %20 artean garestitzen da, bilkura horien antolatzaileak “ordaintzeko prest” baitaude.