Basoko altxor bilatzaileak

Basoko altxor bilatzaileak

Javi West Larrañaga

Askori, perretxikoen zaleak izan arren, ez zaie gustatzen elkarteetan egotea”. Horrela laburbildu du Placido Iglesiasek egungo mikologiaren egoera. Errotari Durangoko talde mikologikoaren buruetako bat da bera. Perretxiko eta onddoekiko zaletasunak gora egin duela azpimarratu du. “Jendeak uzkur ez balu egingo, askoz bazkide gehiago izan zitzakeen gure elkarteak. Mila bazkide izan genitzake bestela, Euskal Herrian daukagun zaletasun handiari esker”. Elkarteekiko mesfidantza horri buruz umorez aritu da: “Ez dakit uste duten galdetu egingo diegula ea non batzen dituzten perretxikoak. Baina ez da hori gure asmoa”.

Errotarri mikologia elkartea 2000. urtean sortu zuten, berak eta beste sei zalek. Harrezkero, gorantz baino ez du egin bazkide kopuruak. Gaur egun, 450 kide inguru dituzte. Pozik dago zenbaki dotorea delako, baina badu kezkatzeko motiborik. “Arazoa da gehienak 50 urtetik gorako jendea garela, eta gazte gutxi daudela. Horrexek kezkatzen nau; belaunaldi aldaketa kolokan dago”.

Bazkideetako batzuk Euskal Herritik kanpokoak direla zehaztu du Iglesiasek: “Madrildarrak, kataluniarrak, kanariarrak, baita suitzar eta finlandiarren bat ere”. Horiek ez dute parte hartzen urtean zehar egiten dituzten jardueretan, baina elkarteak urtero argitaratzen duen aldizkaria jasotzen dute etxean. “Prestigio handia dauka gure aldizkariak. Orriz orri, dagoeneko hogei espezie berri ekarri ditugu argitara, lehen zientziak ezagutzen ez zituenak”, azaldu du mikologia elkarteko kideak euren argitalpenak egindako ekarpena.

Hala ere, Iglesiasen esanetan, egiten dituzten jarduerengatik ematen dute izena gehien-gehienek; irteerengatik, erakusketengatik, ikastaroengatik eta talde barruko giroagatik. Sukaldean erabiltzeko batzen dituzte perretxikoak elkarteko gehienek, baina badaude, Iglesias bera bezala, aztertzeko bakarrik hartzen dituzten gutxi batzuk.

Urteroko irtenaldiez eta erakusketez gain, hainbat ikastaro antolatzen dituzte. Argazkilaritza eta sukaldaritza lantzeko jardunaldiak egin dituzte, baita mikroskopiari dagozkionak ere, “mikologiaren munduan sakondu nahi dutenentzat”. Ikastaro espezializatu horietan izena ematen dutenak gehiago izaten dira perretxiko eta onddoen azterketan jardun nahi dutenak, eta ez onddo eta perretxikoak soilik sukalderako osagai gisa hartzen dituen jendea.

Perretxiko eta onddoen identifikazio zerbitzua ere eskaintzen dute: “Egiten ditugun jardueretatik garrantzitsuenetakoa da identifikazioa. Horri esker, pozoitzeak saihesten ditugu zaleen artean”. Bazkide ez direnak ere joan daitezke Durangon duten egoitzara astelehenetan, asteburuan mendian batutakoa ezagutzen laguntzeko.

Oraindik asko ikertzeko

Errotari elkarteko kideak azaldu du Euskal Herria bereziki leku ona dela perretxikoentzat, klimagatik eta hezetasunagatik: “Guk geuk 1.300 perretxiko inguruko galeria bat daukagu”. Jangarriak diren horietako asko ezjakintasunagatik ez direla jaten uste du, nahiz eta asko sukaldean “onargarriak” izan eta beste batzuk oso onak. “Aditu batek, agian, ehun bat perretxiko identifika ditzake, baina zale gehienek dozena bat bakarrik; batzuek, baita hogei ere”.

Gainera, perretxikoen munduaren ikerketa ez dela inoiz amaituko uste du, beti agertzen baitira espezie berriak. “Perretxiko espezie batzuk baldintza aproposak daudenean bakarrik agertzen dira, eta, askotan, hamar edo hogei urtean behin izaten da hori”. Perretxikoen munduaren “konplexutasunari” egotzi dio arrazoia Iglesiasek. Ohartarazi du edonoiz ezin daitekeela joan mendira perretxiko jakin baten bila, urteko hezetasunaren eta tenperaturaren arabera ateratzen baitira.

Antzina oso zaletasun maskulinoa zela onartu du, eta gizonek gizartean zuten rolari erantsi dio ardura: “Orain dela 50-60 urte, emakume gehienak ez zeuden lan munduan sartuta, eta, gizonak, tabernara joaten ziren moduan, mendira joaten ziren”. Aldaketa egon dela uste du Iglesiasek, eta emakumeak ere zaletzea “begi onez” ikusi dute elkartean. “Gazteen artean ez dago desberdintasunik perretxikotara joateari dagokionez; gizon eta emakumeak parean daude”.