Mundua ezagutzeko abentura

Mundua ezagutzeko abentura

Lander Unzueta Lekerikabeaskoa

Milurteko erdia. Bost mende igaro dira Lur osoa zeharkatu zuen lehen bira abiatu zenetik. Ordutik hona 500 urte igaro dira, eta bira hori urrun geratzen da. Hala ere, askorentzat pentsaezina da orain bost mende eskasera arte munduko biztanleriak ez izatea Lurra borobila den ziurtasunik, laua den ustea zabalduta egotea.

Arrazoi hori dela eta, munduko lehen bira gizadiaren historiako jazoerarik garrantzitsuenetako bat dela esan daiteke. Hasieran, bost ontziz eta 239 pertsonaz osatutako espedizioak mundua goitik behera aldatu zuen, hainbat arlo eta esparrutan. Trinidad, San Antonio, Concepcion, Victoria eta Santiago ontziak 1519ko abuztuaren 10ean Sevillatik irten ziren merkataritza bide berriak aurkitzeko helburuagaz. Hiru urte eta 28 egun iraun zuen bidaia luzean, Brasil, Filipinak eta Cabo Verde zeharkatu zituzten, eta, 1522an, berriz Sevillan lehorreratu ziren.

Bidaia, hala ere, oso gogorra eta oztopoz betetakoa izan zen; horren erakusgarri dira espedizioak izan zituen ondorioak: ontzi eta marinel horietatik, ontzi bakarra iritsi zen helmugara, bizirik zeuden hamazortzi lagunekin soilik. Tripulazio horren barnean, bidaia hasterakoan, Euskal Herriko 33 lagun batu ziren. Horien artean, noski, denentzat ezaguna da Joan Sebastian Elkano getariarra. Elkanok espedizioaren lehen hilabeteetan Concepción ontziaren maisu kargua hartu zuen arren, espedizioko buruzagi Magallaes hil egin zuten, eta, hortaz, Elkanok Victoria ontziaren agintea hartu zuen. Horrekin batera, espedizio osoaren agintea ere beregain hartu zuen getariarrak.

Kargu horren ondorioz da hain entzutetsua Elkanoren izena. Hala ere, berarekin batera beste hiru euskaldun iritsi ziren: Juan Arratikoa bilbotarra, Juan Zubileta barakaldotarra, eta azkenik, Juan Akurio bermeotarra. Akurio Elkanoren Concepción ontziko kontramaisua eta, ostean, Victoria ontziko pilotua izan zen.

Bermeoren partaidetza

Hori horrela, argi dago espedizio historiko bat izanik ere haren inguruko xehetasun asko galduak edota ahaztuak izan direla azken 500 urteetan. Antonio Pigafetta italiarrak egin zuen biraren kronika; haren lana dokumentaziorik handienekoa da espedizioaren gorabeherak jakiteko, baina xehetasun asko galdu egin dira.

Memoria hori berreskuratzeko eta aldi berean ahaztuta geratu diren herriko marinelak gogoratzeko helburuagaz, Bermeoko Galerna Taldeko kideek espedizioan parte hartu zuten bermeotarren historia argitzeko eta laburbiltzeko lana hartu dute urteurren berezirako.

Ikerketaren ardatz bezala Akurio hartu dute taldekoek. Izan ere, “Bermeoko pertsonaia historikoen artean ezezagunena” dela diote. Beragaz batera, espedizioan izena eman eta parte hartu zuten beste sei bermeotarren izenak ezagutarazi, eta horien bizitza kontatu nahi izan dute Galernakoek. Hiru urtez XV. eta XVI. mendeetako testuetan murgilduta egon ondoren, Pedro Txindurza, Anton Basazabal, Juan Agirre, Pedro Mugertegi, Martin Insaurraga eta Pedro Sautua marinel bermeotarren xehetasunak batu dituzte taldekoek.

Horiek bermeotarrei zabaltzeko hainbat ekitaldi egitea aurreikusi dute Galernakoek. Esaterako, EHUko ikerketa taldeagaz elkarlanean aritu ostean, ikastetxeetan marinel horien berri emateko solasaldiak egingo dituzte. Horrez gain, udalerri osoan zehar egingo den Escape Village bat prestatzeko lanean ere ari dira, zazpi marinelen historia ezagutzeko zazpi proba desberdinekin. Azkenik, abuztuaren 10ean, urteurrenaren egunean hain zuzen ere, zazpi bermeotarrei buruzko hitzaldiak egingo dituzte udalerrian.

Ikerketak “aurrera” jarraitzen duela diote Galernakoek. Beraien lana mundu birari buruzkoa, baina batez ere “bermeotarrei buruzkoa” dela azaldu dute. “Nortzuk ziren, nondik zetozen, non bizi izan ziren, zer gertatu zen mundu biran eta ondoren”. Hainbat erantzun aurkitu nahi dituzte, eta, horretarako, gaiaren inguruan informazioa eskaini ahal duen edonori harremanetan jartzeko eskaria egin dute. Modu horretara, pertsona horiek “herrian ezagutzera eman eta Bermeoko ondare bihurtu” nahi dituzte.

Urteurrenaren alde iluna

500. urteurren hau ospatzeko egitasmoak martxan daude dagoeneko. Elkano eta haren tripulazioaren istorioa ia kondaira bilakatu da, mistizismoz eta erromantizismoz betetako kontakizuna. Urteurrena ospatzeko, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta beste hainbat erakunderen laguntzagaz, Mundu bira 500: Elkano Fundazioa sortu du. Azaltzen dutenez, “Elkanok merezi du ezaguna izatea euskaldunen artean eta mundu osoan”.

Elkano erakunde eta hedabideen artean etengabe goraipatua izan bada ere, asko dira erreferente gisa hartzea gaizki ikusten dutenak. Horien artean da Idoia Arrieta historialaria. Hark azaltzen duenez, hain goraipatua den espedizioa konkista izan zen. Mundu bira egitean hainbat herri suntsitu zituztela salatzen du; Pigafettaren kroniketan azaltzen den bezala, aberastasunak lapurtu eta herri indigenetako biztanleak hil edota bortxatu zituztela. Horren adibidetzat du, esaterako, Filipinetako Bulaia. Kronikalariaren berbetan, “erre” egin zuten.

Arrietak argi du “irabazleak” direla historia idazten dutenak, eta, espedizioarekin lortutakoa gizadiarentzat historikoa den arren, bere alde ilunak ere jakin behar direla.