Kutxa txiki bat bizileku

Natalia Salazar Orbe

Mila euro ordaindu behar dute, batez beste, Bizkaian etxebizitza pribatu bat alokatu nahi dutenek. Erosi gura izanez gero, metro koadroko 3.000 eurotik gora. Datuek erakusten dute zaila dela norbere kabuz bizitzen jartzea. Arazo horri irtenbidea eman nahi dio Bartzelonako Haibu 4.0 enpresak. Hala diote, behintzat, hango kideek. Erlauntza etxebizitzen proiektua Bilbo ingurura eramateko asmoaren berri eman dute. Hiru metro koadrotik beherako logelak, eta gainerako espazioak partekatuta proposatzen dituzte horien erabiltzaileentzat. “Denbora baterako konponbidea izan daiteke, baliabide gutxi dutenek leku pribatu batean lo egin ahal izateko, jendez betetako logelez osatutako ostatuetan lo egin ordez”.

Polemika piztu da. Bartzelonan bertan udalak esan du ez diela baimenik emango erlauntza etxebizitzei. Proiektuaren gabeziez mintzatu da, berriz, Hiritik At kooperatibako Karlos Renedo. Etxebizitza komunitarioak egiten dituzte eurek. Eta era horretako egitasmo pribatuen arazoez ohartarazi du: “Argi eta garbi esan behar da: ez dira etxebizitza duinak. Gutxieneko baldintza batzuk bete behar dira pertsonak bere bizitza modu duin batean garatzeko, eta horiek ez dira baldintza duinak”.

Bilbo inguruetara jo nahi du Bartzelonako enpresak bere proiektuak garatzera. “Bi erlauntza modular jarriko ditugu, merkatua zabaltze aldera. Horietako bat emakumeentzakoa izango da, eta bestea, mistoa”. Oraingoz, ez dute zehaztu non egingo dituzten. Ezta zenbatentzako lekua izango duten ere, lurren edo lokalen jabeek Haiburen interesaren berri izandakoan prezioak igotzen dituztelakoan. Eskaria badute, ordea: “Gaur egun, 460 eskaera daude Bilboko erlauntza etxebizitzetan bizitzeko”.

Ezaugarriak antzekoak dira gauzatzen dituzten egitasmo guztietan: espazioaren %75 bizilagun guztiek partekatzen dituzten guneetara bideratzen dute. Gainerako %25a logelek betetzen dute. Pertsona bakoitzak, batez beste, bizitzeko hamar metro koadro izango dituela diote sustatzaileek. Logelak, ordea, 1,2 x 2,2 metro zabal eta 1,2 metro garai izan daitezke. Hala ere, argitu dute logelak bi lagunentzako izanez gero, bost metro koadrora artekoak izan daitezkeela.

Haibu 4.0 enpresak azaldu du eurek sustatzen dituztenak ez direla etxebizitzak, egunerokorako espazio komunak dituzten lo egiteko bizilekuak baizik. Gaur egungo gizarteak dituen erronkei aurre egiteko “irtenbide berritzaile” gisa planteatu dituzte: “Behin-behinerako planteatutako bizilekuak dira, norbere kabuz etxe batean bizitzen hasi edo bizitza berregin nahi dutenentzako bizileku merkearen bila dabiltzanentzako aukera ona dira. Aurreztu, eta beste bizitegi erregimen egonkorrago baten aldeko apustua egiteko aukera emango diete proiektuok”.

Izan ere, alokairu merkeak iragarri dituzte. Merkeenak hilean 125 euro ordainduko dituzte. Ura, argindarra eta wifia barne hartzen dituzte prezio horiek.

“Azpietxebizitza” gisa definitu ditu Karlos Renedok era horretako proiektuak. “Ez dut uste irtenbide bakarra denik oso espazio txikiak eskaintzea, azpietxebizitza direnak, prezioan aurrezteko. Hori aspaldi asmatu zuten. Gainerakoan, ohe beroa deritzona ere egin zitekeen, eta logela bat aprobetxatu hiru lagunek txandaka lo egiteko. Hori ez da irtenbidea. Etxebizitza eskubidea eta beharra negozio bilakatzea da hori”.

Hori dela eta, etxebizitza eskubidea merkatuaren logikatik atera behar dela deritzo. “Legeak egin behar dira etxebizitza negozio ez bilakatzeko eta benetan eskubide eskuragarria izateko. Mundu guztia modu duinean bizi ahal izateko neurriak ezarri beharko lirateke”. Besteak beste, alokairuaren prezioak tasatu beharko liratekeela azaldu du. “Gainerakoan, beti egongo da zirrikituren bat enpresa batzuek negozioa egiteko”.

Uste du Haibu 4.0 enpresak zirrikitu horiek baliatuko dituela euren proiektua Bizkaian ezartzeko. “Gure legea ikusita, proiektu hori etxebizitza moduan merkatuan jartzea ez da bideragarria. Beste kontu bat da tranpa egitea. Alegia, etxebizitza gisa ez aurkeztea. Baina, berez, legeak ez du uzten etxebizitza gisa horrelakorik egiten”.

Izan ere, Eusko Legebiltzarrak onartutako Etxebizitzaren Legeak gutxieneko neurri batzuk finkatzen ditu etxebizitzetarako. Bizilagun bakoitzak, gutxienez, 25 metro koadro erabilgarri izan behar ditu etxe batean. Eta Jaurlaritzak esana du ez dituela onartuko etxebizitza duin baterako eskubidea arriskuan jar ditzaketen formulak. Haibu 4.0 enpresak, ordea, argi du: “Gobernuak esango du ez daudela erlauntzak jartzen uzteko prest. Hala ere, badakite arazorik gabe jar ditzakegula”.

Renedok partekatutako espazioak dituzten proiektuak babesten ditu. Era horretako etxebizitzak egiten dituen kooperatiba bateko kidea da. Baina beharrezko deritzo baldintza batzuk betetzeari. “Norberak beretzako gutxieneko espazio bat izateko apustua egiten dute gure proiektuek”. Gutxieneko neurri batzuk errespetatuko dituen logela edo etxebizitza bat proposatzen dute, eta, hortik kanpo, partekatzeko espazio komunak.

Horrez gain, euren proiektuak administrazioak bultzatutakoak dira. “Zuzkidura etxebizitzak dira. Hau da, zerbitzu bat eskaintzen da horien bidez. Aldi baterako dira, eta bizitzaren fase zehatz batzuei erantzuteko pentsatuta daude. Prezioa ere merkatuko logikatik at dago”. Egitasmo pribatuen arriskuari buruz ohartarazi du: “Era horretako apustuak egiten dira diru gehiago eta etekin handiagoa ateratzeko”.

Administrazioak sustatutako proiektuak egin ez dituenean, kooperatiban eratutakoak bultzatu ditu Hiritik At kooperatibak. Eta beti egiten dituzte pauso berberak; haien ustez, ezinbestekoak direnak: “Lehenengo, erabiltzaileekin egiten da diseinua, beraiekin batera pentsatzen da zeintzuk diren gutxieneko beharrak, eta zeintzuk behar kolektiboak. Kooperatiban edo administrazioaren eskutik egiteak bermatzen du proiektua ez bihurtzea negozio bat”.

Hamar metro koadroko logela bat edo etxebizitza txiki bat eta eremu komunak eskaintzen dituzte euren proiektuek. Gipuzkoan dituzte martxan bi egitasmo. Bizkaira oraindik ez dira iritsi.

Etxebizitzetarako merkatuak ezartzen duen tipologia aldatu beharraz mintzatu da Renedo. “Ez da normala guztiok bizitzea 80 metro koadroko etxebizitza berdinetan, eskema berekin: sukaldea, komuna, guztiok izatea garbigailu bat etxean… Horren atzean kontsumismoa dago. Sistemak bultzatzen gaitu etxean denetarik izatera, bizilagunekin ezer ez partekatzera eta eraikinean espazio komunik ez egotera”. Horren aurrean, espazio partekatuen alde egin du: “Kontsumoa jaisteko egiten den zerbait izan behar da, bizi eredu eraldatzaileak bultzatzeko eta komunitatea indartzeko. Ez da oinarritu behar etekina ateratzea helburu duen ikuspuntu ekonomiko hutsean”.