Gizarteak ezarritako roletatik ihes egiten

Gizarteak ezarritako roletatik ihes egiten

Amaia Igartua Aristondo

Norak bere bizitzan lehen aldiz egingo duen bidaia kontatuko du filmak”. Bakarrik abiatuko da Lara Izagirreren (Zornotza, 1985) pelikula berriko andre protagonista. Abiatuko da, halaber, zinemagile eta gidoilaria, abuztuan hastekoa baita Nora film luzearen grabaketekin. Berak, aldiz, ondo lagunduta egingo du bidaia hori. Ane Pikaza aktorea arituko da pelikulari izena ematen dion protagonistaren paperean, eta, gainontzekoak jakinarazteke dauden arren, izen “ezagunak” agindu dituzte.

“Emakumeon ikuspegitik” istorioak kontatzeko beste ahalegin bat da Izagirreren honakoa. “Begiraden falta oso nabaria” dela azpimarratzen du zine zuzendariak, eta, hori orekatze aldera, “ahalik eta emakume gehienek beren istorioak kontatzea” aldarrikatzen du. Zornotzarraren bi film luzeak —2015ean ondu zuen lehena, Un otoño sin Berlín— dira andreen ikuspuntuen bildumari eginiko ekarpenak: 30 urteen muga zeharkatu duten bi emakume dira protagonista bietan.

Noraren kasuan, filmaren hasierako gertakari batek aitonaren autoa hartu eta Euskal Herriko hamaika lekutara joatera bultzatuko du. “Lehen aldiz sentituko du bidaia abiatzeko askatasuna eta beharra dituela”. Atzean utziko du “normala” dena irudikatzen duen herria. Road trip-aren atzean, Izagirrek “gai astun eta garrantzitsu” deritzona paratu du: emakumeen egoera. Norak Zornotzatik alde egiten duen momentutik bertatik tratatuko dena: “Berak aukeratu ez duen egoera batean aurkituko dugu protagonista, guretzat erabaki duten bizitza hori egiten”.

Norari egokitu zaio kasu honetan, baina Izagirreren filmak unibertsal egiten ditu haren komeriak, eta edozein emakumerenak bihurtzen ditu. Buruhausteen artean, zaintzarena nabarmendu du zuzendariak, bereziki: “Jakintzat ematen da gure gain hartu behar dugula”. Itxaropentsu askatuko ditu protagonistak kate horiek, bidaia kazetaria izateko asmoarekin hasiko baitu egitasmoa, baina emaitzak gazi-gozoak izango dira. “Metafora” gisa ulertu du zuzendariak: “Emakumeek geure buruari ematen dizkiogun eta gizarteak ematen dizkigun aukeren inguruko gogoeta da”.

Komedia baten bidez irudikatuko ditu horiek guztiak. Un otoño sin Berlín-ek zuen komedia apurra berridazketekin eta muntaketarekin kendu, eta “pare bat irribarre” baino ez ziren geratu azken bertsioan. Komedia “asko maite” duenez, oraingoan bide hori hautatu du Izagirrek, “gaiak duen pisutik askatzeko”, batik bat: “Emakumeek munduan duten egoera tonu arin batean kontatzen da. Polita da geure buruari barre egiteko aukera ematea”.

Ondorioz, bi film luzeen atmosfera ezberdina izango da. Honetan “bizitza” gailenduko dela azaltzen du zinemagileak. Euskal Herriko “uda on bat” helaraztea da haren asmoa; alegia, “hondartza, eguzkia, mendia, itsasoa” agertu nahi ditu. “Euskal Herriaren beste irudi bat” eman nahi duela nabarmendu du, harentzako “berria” izango den eginbeharrekoa.

Euskaraz egindako bidaia

Euskal Herriaren irudi berri horretan, urtaroa ez da desberdintasun bakarra izango. Izagirreren aurreko film luzea ez bezala, Nora euskaraz egingo da. Un otoño en Berlín gazteleraz egitea beste erremediorik ez zuen izan, aktoreen aukeraketa zela eta “ezinezkoa” izan zitzaiolako euskaraz egitea. Alabaina, prozesua iraultzea erabaki du oraingo honetan: hau da, hizkuntza erabaki lehenbizi, eta ondoren aktoreak. Euskara bere “ama hizkuntza” izanik, “aukera” irizten dio pelikula bat hizkuntza horretan zuzendu ahal izateari.

Baina gaztelera, ingelesa eta frantsesa ere entzun ahal izango dira pelikulan, eta tartean Iparraldeko eta Bizkaiko euskalkietan ere mintzatuko dira pertsonaiak. Izagirrek ertz asko aldarrikatuko ditu: “Asko gustatzen zait nolakoa den gure herria”.