Espaziontzietako kapsulak logelen ordez

N. S. O.

Logela txikien ideia bizilekuetara ez ezik ostatuetara ere eraman dute Bilbon. Kapsula ostatu bat ireki dute Areiltza Doktorearen zumarkalean: Optimi Rooms. Hostel premium gisa aurkeztu dute sustatzaileek: 24,95 euroren truk alokatu daiteke lagun batentzako logela pribatua eskaintzen duen kabina; bi lagunentzakoa, berriz, 34,95 euro ordaindu behar da. Maiatzean irekitzekoak ziren, baina ekainaren bukaeran zabaldu zuten, Bilbao Turismoren baldintzetara egokitu beharra izan dutelako. IƱaki Zabala sustatzaileak esan du “beteta” dutela ostatua orduz geroztik.

Era horretako ostatuak Japonian sortu ziren 1970eko hamarkadaren amaieran. Hotelek baino eskaintza merkeagoa egiten zieten trena galtzen zutenei edota hirian parrandan geratu nahi zutenei. Hala ere, Optimi Roomseko sustatzaileek argitu dute Asiako herrialdeko kabinak baino handiagoak direla eurenak, erosotasuna nabarmendu nahian. 1,20 metroko oheak dituzte. Baina altuera txikiko gelak dira.

Hostel deritzen ostatuekiko bereizgarria, berriz, pribatutasuna dela azpimarratu dute. Izan ere, kapsuletan sartzeko beharrezkoa da horren erabiltzaileak bakarrik izango duen txartela. Eta gune komunetan ere, dutxa hartzeko edo arropa aldatzeko, esaterako, pribatutasuna bermatuta dagoela nabarmendu dute.

Pribatutasuna eta erosotasuna. Horiexek dira azpimarratu dituzten aurkezpen txartelak. Erabiltzaile bakarrentzako 36 kabina jarri dituzte, eta bi erabiltzailerentzakoak beste hamalau. Horietan guztietan, koltxoi biskoelastikoak jarri dituzte. Helburua argia da: bezeroek hotel bateko logela baten prezioa aurreztea nahi dute, eurena merkeagoa delako. Baina ez dute nahi motxila lepoan iritsiko den ohiko txangozalez betetzea eraikina. Sustatzaileek eurek esana da.

Horregatik jarri dituzte 25 eta 35 euro arteko prezioak. Hala ere, Aste Nagusia, BBK Live jaialdia edo jende ugari erakartzen duten bestelako ekitaldiak iristen direnean prezioak egokitu egingo dituztela iragarri dute.

Kapsulek espaziontzi bateko gelak iradokitzen dituzte. Eta erabiltzaileek eskuragarri duten teknologia eta dekorazioa ere lagungarri dira irudikapen horretan. Besteak beste, aginteko botoi bat sakatuta, etengabeko aireztatze sistema jar dezake martxan bezeroak. Telesailak edo filmak streaming bidez ikusteko aukera ematen duten telebistak dituzte eskuragarri, eta led argiz argiztatutako ispiluak edota USB eta aurikularrentzako konexio atakak aurkituko dituzte geletan. Zientzia fikziozko lotarako lekuen itxura duen ostatua etorkizuneko aukera nagusietako bat bilakatu nahi dute sustatzaileek.