“Disfrutatzen dudan bitartean, arraunean jarraituko dut”

“Disfrutatzen dudan bitartean, arraunean jarraituko dut”

Javi West Larrañaga

Jon Elortegi (Barrika, 1977) aparteko arraunlaria da, eta horren erakusle dira dauzkan sei Kontxako Banderak; lau Urdaibairekin lortuak, eta bi Castrorekin. 2016an hasi zen Deustuko seniorren entrenatzaile lanetan, azken Kontxako bandera irabazi eta astebetera. Aurten, KAE 1 ligatik TKE arraunlarien lehen ligara igo daitezke deustuarrak, kanporaketetara heldu eta ondo lehiatuz gero.

Pozik zaudete denboraldiarekin?

Bai; iaz hirugarren gelditu ginen, eta aurtengo helburua zen joan den urtekoa hobetzea, eta kanporaketetarako lehen bi postu horietan egotea. Oraindik asko falta da, eta ezin dugu akatsik egin, baina oraingoz nahiko bideratuta daukagu, eta helburu hori betetzeko bidean gabiltza. Uste dut hamabost puntura daukagula hirugarrena.

Beste urte batzuetan baino hobeto zabiltzate. Hobeto zaudete fisikoki ala beste arrazoiren bategatik da?

Iaz jende askok utzi gintuen: batzuk Kaikura eta Zierbenara joan ziren, eta beste batzuek utzi egin zuten arrauna. Horregatik, ez da izan erraza traineru on bat betetzea. Beste alde batetik, hau nire hirugarren urtea da, eta jendea hobetuz doa. Etxeko mutilek —traineruaren oinarri diren gazte horiek— asko hobetu dute, eta uste dut horrek dakarrela goranzko bide hori.

Beste urte batzuetan baino azkarrago doa trainerua. Egia da aurten ez dagoela orain dela bi urteko Donostiarraren edo Santurtziren gisako talderik; oso indartsu zebiltzan. Zarautz bai, Zarautz beste guztion gainetik dabil, pausotxo bat aurrerago. Hala ere, nahiz eta maila polita egon ligan, uste dut guk lortu dugula aurrean egoteko gaitasun hori, batez ere etxeko jendearen hobekuntzen ondorioz.

Orduan, aurtengo helburua kanporaketetara heltzea da, ala baduzue beste helbururen bat?

Lehen helburua da kanporaketetara heltzea, eta denboraldi hasieran ezarri genuen. Egia da espero genituen arerio batzuk ez direla ondo ibili, Arkote adibidez. Aurrean egoteko talde bat zen, neguan oso-oso indartsu ibili dena, baina arazoak eta zorte txarra izan ditu, eta ez dago lehen postuetarako borroka horretan. Horregatik, uste baino lehenago jarri gara kanporaketetarako postu horretan. Baina, jakina, behin hori lortuta —finalera helduta—, edozein gauza gerta liteke, eta gure helburua han egotea da. Horrek TKE ligara igotzea badakar, ongi etorria izango da.

TKE ligara igotzea lortuz gero, zer espero daiteke Deustu bezalako arraun talde batetik?

Horretan pentsatu ere ez dugu egin. Pausoz pauso goaz, helburuz helburu. Azkenean, nahiz eta Bilbo izan, harrobiko talde bat da, kanpotik batzuek pentsatu arren hemen kristoren fitxaketak egin ditugula. Harrobia asko lantzen dugu; harrigarria da zenbat neska-mutil gazte mugitzen diren hemen: 150 fitxa inguru. Aurten, gainera, TKE ligan sei talde bizkaitar daude, eta arraunlariak ahalik eta talde onenean sartzen saiatzen dira; horregatik, arazoak izan ditugu neguan traineru indartsu bat betetzeko.

Harrobiaren garrantziaz aritu zara. Bertakoek izaten dute aukera postu bat lortzeko senior mailara heltzen direnean?

Bai, bai, hala da. Etxeko gehienak 24-25 urtetik beherakoak dira. Iaz bi igo genituen, eta aurten seniorretan bigarren trainerua daukagu Portugaleterekin batera. Hor lanketa prozesu batean gabiltza, baina noski, maila ona daukatenak lehenengo trainerura doaz.

Hala ere, aukera izanez gero, jende asko joaten al da beste talde batzuetara?

Egia esan, bigarren trainerua daukagunez, hemen geratzen dira. Iaz ez genuen lortu ateratzea arazo ekonomikoengatik, bigarren traineru bat izateak diru asko balio duelako. Hala ere, harrobia lantzeko inbertsio bat da, eta, horrekin, hemengo mutilak ez doaz inora, eta formatzen jarraitzen dute.

Orduan bigarren trainerua izatea gastu handi bat da?

Bai, baina ez gastua, inbertsioa baizik. Mutilek urte bat edo bi egiten dituzte bigarren traineruan, eta indarra hartzen dute klubaren babespean.

Zuk sei Kontxako Bandera dauzkazu arraunlari moduan. Alde horretatik, beraz, beteko zenituen helburu guztiak; baina entrenatzaile gisa baduzu helburu pertsonalik?

Ez. Disfrutatzen dudan bitartean, arraunean jarraituko dut aurrera, eta, hala ez denean, nire familiarekin geratuko naiz, lasai-lasai. Arraunean sei Kontxa irabazi ditut, eta aukera asko izan ditut ligak irabazteko, baina ilusio handia egiten dit edozein estropada irabazteak. Zapatuan daukagu Santoñako estropada, eta edozein txapelketa bezala hartuko dut.

Imajinatzen dut entrenatzaile moduan beste era batera ikusten dituzula gauzak zentzu askotan, ezta?

Bai, kirolariak berez oso geurekoiak gara. Beti nahi dugu irabazi, gero eta gehiago, eta, ahal bada, ahalik eta alde handienarekin. Entrenatzaile moduan beste ikuspegi bat daukat. Badakit estropada bat agian ez dela helburu bat, eta atzetik beste lan bat dagoela aurrera begira, adibidez sasoi onean egotea hemendik hil batera. Kirolari moduan emaitza txarrak inoiz ez zaizkizu gustatzen, baina entrenatzaile moduan badakizu ordaindu beharreko bidesari bat dela aurrerago ondo egoteko.