“Usansolo Bizkaiko 113. udalerria bihurtzeko atean da”

“Usansolo Bizkaiko 113. udalerria bihurtzeko atean da”

Aitziber Laskibar Lizarribar

Ilusioz gainezka dago Monika Mena (Bilbo, 1980). Urteak daramatza borrokan, auzo gisa egituratuta dagoen Usansolo Galdakaotik bereizi eta Bizkaiko 113. herria izan dadin, eta eskura ikusten du aukera. 40 urte iraun duen gatazka politikoa aurki amaituko dela uste du.

Azken udal hauteskundeen ondoren, Galdakaoko udal gobernuan sartu da Usansolo Herria, eta garai historiko bat dela diozue. Handia izan da aldaketa.

Bai, historikoa izan da. Gure emaitzak berak izan dira, eta hor ikusi da usansolotarren borondateak eta nahiak berak direla oraindik. Aldatu dena galdakarren ikuspegia da: aukera bat eman zaio EH Bilduri gobernua hartzeko. Hauteskunde emaitzen ondorioz, EAJk eta EH Bilduk zuten udal gobernua hartzeko aukera, eta biek egin zizkiguten proposamenak. Guk desanexioa helburu bakarra dugula jakinda, begiratu genuen zer izango litzatekeen onena gure prozeduragaz jarraitzeko. Tira, eta historikora ere begiratu genuen erabakia hartzeko, zeren UHk oso garai gogorrak bizi izan baititu: prozesua trabaz gainezka egon da, bide guztia izan da oztopoz betetakoa… Beraz, garai hau historikoa da babestu izan gaituenak aukera eman digulako akordio baten bidez gobernuan sartzeko, eta, alde horretatik, usansolotarren hitza eta erabakia guk geuk bertatik kudeatu ahal izateko. Azken finean, orain gu gara gure prozesuaren zuzendariak.

Galdakaoko Udalean sartzeaz gain, Lurralde Antolaketarako sortu den sailaren ardura hartu duzue. Zenbateraino duzue horren gidaritza?

Prozesu nahiko konplikatu batetik gatoz, eta, orain, aukera berri honekin, borondate politiko bat jaso dugu; borondate horren ondorioz, sail hori gure esku utzi dute. Usansoloko desanexio prozesua sail horretan jorratuko da, eta gu izango gara horren zuzendariak. Hori da, azken finean, gure konpetentzia. Gu helburu bakar batekin gaude udal gobernuan: Usansoloko desanexioa bideratzea eta prozedura zuzentzea.

Desanexio prozeduraren bidea marrazteko ardura osoa zuek izango duzue, beraz?

Bai, hori da. Guk edukiko dugu ardura bide hori zuzentzeko, marrazteko, kudeatzeko. Gu izango gara orain arduradun bakarrak. Hori da aldatu dena: orain badakigula normaltasunez egingo dugula aurrera. Lehengo fasetik geratu zaiguna hau da: batetik, Usansoloren lur eremua mugatuta dago; bestetik, hauteskundeek berretsi dute borondatea, nahia eta desioa badagoela Usansolon, eta galdakoztarren aldetik ere badagoela aldeko borondatea. Orduan, errespetatze fase horretan gaude, eta gobernutik kudeatu eta zuzendu ahal izango dugu gure prozesua. Erraz laburtzen da: gu gara gure prozesuaren jabeak eta aurrera egin dezan arduradunak. Konpetentzia gurea da. Horregatik babestu genuen EH Bildu hauteskundeen ondoren, desanexio prozesua helburu izanda. Orain ikusten dugu martxan dagoela prozesua, eta gainera, martxa politean.

Inoiz pentsatu zenuten halakorik posible izango zela?

Ez. Gu beti egon gara hor borrokan, oztopo bat etortzen zitzaigun bakoitzean nola gainditu pentsatzen… Lan piloa egin dugu, beti bidean jarritako harriak gainditzeari begira, eta inoiz ez genuen pentsatu horrelako agertoki politiko bat posible izan zitekeenik, hain gertu edukiko genuenik. Zeren orain ikusten baitugu prozesua martxan dagoela, hau aurrera doala, normaltasun osoz gauzatuko dela, eta Usansolo Bizkaiko 113. udalerria bihurtzeko atean dela. Usansolo Bizkaiko 113. herria lehenbailehen izatea espero dugu, eta hori Bizkaiarentzat ere ona litzatekeela uste dugu, 40 urteren ondoren askatuko litzatekeelako izan duen gatazka politiko bat.

Desanexio prozesuaren martxa erabat irauliko da, beraz?

Bai, bai, guztiz aldatuko da. Pentsa Usansoloko eremua dagoeneko mugatu dela; mugaketa egin zen galdeketa bidez, eta hori onartu zen hauteskundeen aurretik. Mugak ezarrita daude, eta orain gainontzeko pausoak eman behar dira. Orain, geldialdi edo blokeoen errudunak gu ginateke, eta hori ez dugu onartuko. Martxa guk geuk jarriko dugu, eta guri interesatzen zaigu ahalik eta ondoen eta arinen egitea. 40 urte baino gehiago daramagu honetan. Orain aukera esku artean ikusten dugu, eta ilusioz eta gogotsu gaude.

Hemendik aurrera zer pauso aurreikusi daitezke?

Pausoak oso errazak dira: lehenengo eta behin, batzorde mistoa eratu behar da, hainbeste borrokatu dugun batzorde misto hori. Gure zinegotzi ordezkaria izango da batzorde mistoko burua, lurralde antolaketarakoa. Eta, hortik aurrera, pausoak eman beharko dira normaltasun osoz: foru arauak hor daude, eta eman behar diren pauso guztiak idatzita ditu. Emango dira pauso horiek guztiak, eta ez dugu aurreikusten denbora lar gauzak normaltasun osoz egiten baldin badira. Gainera, EAJk ere prozesua bultzatzeko prest dagoela esan du beti. Beraz, eman beharreko pausoak behar bezala ematen badira, martxa politean joango da prozedura, eta ez du izango inolako oztoporik. Horrek guztiak, nire ustez, azkartu eta lisatu egingo du bidea. Aldekoa izan daitekeen beste egoera bat ere badugu, gainera: Podemos, Auzoak eta EH Bildukoekin batera gobernatuko dugu, eta horrek nolabaiteko legitimitatea eta indarra ematen dio prozesuari, zeren galdakarrak ordezkatzen dituzten talde gehienak ere badaude gobernuan.

Desanexiorako galdeketa egin egingo da, beraz?

Egin, printzipioz egin behar litzateke. Foru arauak dakar teknikoki prozedura gauzatzerakoan galdeketarekin amaitzea, desanexionatu nahi den herritxoan edo sortu nahi den udalerri berri horretan galdeketa egitea. Ikerketa guztiak eginda eta teknikoki bete behar diren baldintzak beteta, galdeketa aurreikusten du foru arauak. Hori egin behar litzateke, eta gero osoko bilkuratik pasatu.

Esaten duzunean ez dela denbora asko beharko, zenbat denborari buruz ari zara?

Badaude epe batzuk. Foru arauak epe batzuk ezartzen ditu, baina ez dugu aurreikusten legealdi osoa ematea prozeduragaz.

Alegia, legealdia amaitu aurretik espero duzuela gaia amaituta egotea?

Hori da. Eta alde horretatik ere guretzat historikoa izan da, ez baikenuen ikusten eskura guk kudeatzea eta guk zuzentzea prozedura, horrek esan nahi duen guztiarekin: guk ezartzen dugula martxa, guk ezartzen ditugula tenpusak eta gainontzeko guztia. Alde horretatik, erantzukizun handia dugu gainean, baina baita aukera handiak ere gauzak modu onean bideratzeko. Uste dugu gauzak normaltasunez eta lasaitasunez eginda ere legealdi osoa ez dugula beharko. Gainera, usansolotarren artean ikusten dugu oso gogotsu gaudela, oso indartsu, eta aukera honekin indartu egin garela; martxan gaudela eta martxan jarraitu nahi dugula. Martxan gauden heinean, hor dugula aukera, atean gaudela, 40 urte eta gero.