Noir generoko film laburrek hartuko dute Plentzia, gaur eta bihar

Noir generoko film laburrek hartuko dute Plentzia, gaur eta bihar

Amaia Igartua Aristondo

Plentzia film laburren gotorleku bilakatuko da zortzigarrenez. Asteburu honetan, VIII. Nazioarteko Metraje Laburreko Filmen Lehiaketa hartuko du udalerriak. Hamazortzi film labur aukeratu dira bi egun horietan proiektatzeko, baita jaialdiak eskaintzen dituen hiru sariengatik lehiatzeko ere: epaimahaiaren saria, euskal saria —alegia, euskal film laburrik hoberena saritzen duena— eta publikoaren saria. 2.000, 1.000 eta 800 euro, hurrenez hurren. Plentziako Santa Maria elizaren aldamenean emango dira filmak, larunbatean eta igandean sakabanaturik, 22:00etan hasita.

Noir zinemari leial, genero horri dagozkionak eta hark biltzen dituen askotariko adarkatzeak jorratuko dituzte filmok. “Delituzko ekintzen inguruan” dihardutenak dira, Ibon Dolado Mikrofilm Short jaialdiko komunikazio zuzendariak azaldu bezala, eta “eduki adierazgarri eta irudien estilizazio boteretsua” erabiltzen dute kontaketa sortzeko. Espresionismoan du aurrekaria noir generoak, baina bide propioa egin du urteetan zehar, handik eta hemendik eragin ezberdinak jasoz; horrenbestez, egun, genero “eklektiko” bilakatu da, Doladok aldarrikatu duenez.

Ezaugarri hori argi azaltzen dute Mikrofilm Short jaialdiko lehiaketarako oinarriek. Diziplina andana onartzen dira: besteak beste, polizia filmak, terrorea, komedia beltza, suspensea edota thrillerra. Estiloari dagokienez ere, ekoizleei sormenerako abagunea uzten die generoak. Jaialdiaren eskakizunetara itzuliz, kontraste handiko gaueko edo eguneko sekuentziak lehenesten dira, edo itzalak edota lainoa, besteak beste, pribilegiatzen dituen argazkigintza. Hortik aurrera, gaiak atenporalak dira, garai orotan ardura sortzen dutenak: “Politika eta gizartearekiko ikuspegi kritikoa eta patuaren zorigaitza, besteak beste”.

Oinarri horiei men eginda, mundu osoko 500 film labur inguru aurkezten dira urtero lehiaketara, guztiak hogei minututik beherakoak. Haietatik, lagin txiki bat hautatu behar izaten dute jaialdiko bi egunetan proiektatzeko. “Buruhauste galanta izaten da”, onartzen du Doladok. Aurten, hamazortzi sartu dira programazioan. Haietatik zein izango irabazle, “gaitasun handiko” hiru emakumeren eskuetan dago: Sensi Nuevo, Macarena Astorga eta Francy Fabritz zinemagileengan, hain zuzen.

Lehiaketa baino gehiago

Mikrofilm Short Festival jaialdiaren oinarria film laburren lehiaketa izan arren, beste hainbat ekintza ere antolatzen dituzte bi egun horietan, guztiak doakoak eta aire zabalekoak. Kontzertuak, antzerkia, erakusketa bat eta bideomapping saioak izango dira ikusgai, bideo laburrekin batera, asteburu honetan Plentzian. Hala, ikus-entzunezkoen ekarpena borobiltzen da: “Kulturaren inguruko diziplina artistikoez gozatzeko aukera ematen duela uste dugu”.

Hala ere, ekintza gehigarriak eta film laburren lehiaketa ildo beretik doaz. Alegia, ohikoak ez diren sortzaileak agertzeaz, Doladok azpimarratu bezala: “Hasieratik argi izan dugu jaialdi honen antzeztokia artista berrientzako edota zerbait interesgarri edo desberdina esateko dutenentzako lekua dela”. Lehiaketaren inguruan antolatutako jarduerak erabakitzerako orduan ere, artista “hasi berriak” izaten dituzte jomuga, “aurrera egiteko behar duten aukera hori eskainiz”.

Ezin ahaztu, ordea, jaialdiaren muina film laburrak direla. Larunbatean, Mikroexpress lehiaketa izango da; 10:00etan hasi, eta 00:30eko sari banaketarekin bukatuko da. Ordu horietan guztietan zehar, parte hartzaileek, zortzi kideko taldeetan antolatuta, bi minutuko ekoizpen bat ondu beharko dute, gau horretan bertan proiektatuko dena. Hirugarren aldia izango da aurtengoa. “Zinema egiteko teknologia eskura daukan edozein pertsonaren edo lantaldearen sormenari erronka egitea” da haren helburua, Doladok adierazi bezala.

Mikrofilm jaialdia Plentziako ohiko topagune bihurtu da jada. Duela zazpi urte hasi ziren antolatzen, “nahi gabe”, Doladok onartu duenez, eta dagoeneko zortzigarren aldira heldu dira. “Espero genuen baino oihartzun handiagoa hartu du”. Nazioarteko jaialdia izanik, munduko hamaika toki eta kultura ezberdinetako ekoizpenak ematen dira, baina komunikazio zuzendariak argi dauka Mikrofilm Shorten epizentroa non dagoen: “Gure helburua izan da herriarentzat herriko festibal bat egitea, azken finean Plentziako auzotarrena baita Mikrofilm jaialdia”.

Aldebikotasuna

Udalerriak, ordainetan, bere egin ditu noir generoaren inguruko ekintzak, eta antolatzaileak jakitun daude aldebikotasun horretaz. Doladok azpimarratu du “oso harro” daudela egindako lanaz: “Batez ere Plentziako Alde Zaharreko herritarrekin eta ostalaritzarekin sortu dugun harremanagatik”.

Hala ere, komunikazio zuzendariak onartu du “oraindik ikasteko eta hobetzeko gauza asko” dituztela. Aldiz, iraupena ez dago hobetu beharrekoon artean. Jaialdiaren bi egunei “nahikoa” irizten die Doladok: “guri, eta baita gerturatzen den jendeari ere”. Jaialdi motz bat aldarrikatzen du, intentsitatearen mesedetan: “Azken finean, gauean hasten da, eta dena jarraian doa. Ikusle moduan arreta handia jarri behar da, eta horrek nekatu egiten du”. Horrenbestez, “oraingoz, bi egunekin, aski”.