Jaiegunetan lanik ez?

Jaiegunetan lanik ez?

Peru Azpillaga Diez

Euskal Herrian, hamarkada askotan zehar, dendari eta merkatariek argi izan dute jaiegun eta igandeetan ez zela lan egin behar. Bertoko kulturan errotuta egon da hori, eta gaizki ikusita dago oraindik ere jaiegunetan dendak zabaltzea”, nabarmendu du Irati Sienra LAB sindikatuko kideak. Alta, krisi ekonomikoarekin batera, egoera hori aldatzen hasia dela deritzo, eta dendari txiki eta ertainek halako egunetan irekitzeko “geroz eta presio handiagoa” jasaten dutela. “Kapitalismoaren birfundazioarekin eta liberalizazioarekin batera, merkatua bide berriak bilatzen ari da etengabe”. Jaiegunetan, orain arte, “itxita” egon direla, baina horri buelta emateko saioak daudela dio.

Helburu horren atzean, batez ere, multinazionalak daudela zehaztu du Sienrak. “Presio handia egiten ari dira, azken finean, jaiegunetan irekitzeak merkatariei ez dakarkielako onurarik”. Euskal Herrian, denda gehienak 150 metro karratutik beherakoak dira, eta horiek oso ordutegi “malguak” dituztela azaldu du. “Jaiegunetan irekitzeko aukera dute aspalditik, baina ez dute baliatzen, ez dielako mesederik egiten; orain, multinazionalen presioaren ondorioz, berriz zabaldu egin da eztabaida”.

Hala uste du Maddi Aspiazu ELA sindikatuko kideak ere. Halako egunetan irekitzea komertzio txikientzat kaltegarria dela azaldu du, eta merkataritzako langileen lanaldi luzeak ekarri ditu gogora: “Ezin dugu ahaztu merkataritzako langileak astelehenetik larunbatera ibiltzen direla lanean, eta, horrekin, jada badituztela kontziliazioa bermatzeko buruhauste nahiko”. Nabarmendu duenez, pertsona bakar bat ezin da astelehenetik igandera lanean ibili. “Denok dugu atsedenerako eta kontziliaziorako eskubidea, eta hori defendatu beharra daukagu”.

Horregatik, orain dela pare bat urte Jaietan Denok Jai plataforma osatzea erabaki zuten hainbat dendari eta kontsumitzaile elkarte, eragile sozial eta sindikatuk. “Egun horietan ez irekitzeko kontzientzia handia zegoela ikusita, batik bat, salaketa lana egiteko sortu zen plataforma”, azaldu du Sienrak. Ondorioz, egun horietan irekitzeak dakarren kaltea mahai gainean jartzen saiatu dira eta dendaren batek jai egunetan irekitzeko asmoa azaldu duenean, hori eragozteko dinamikak ere jarri dituzte martxan.

Merkatari txikiei kalte

Izan ere, merkatari ertain eta txikiei jai egunetan zabaltzeak kalte handia egiten diela gogoratu du: “Soldata gehiago ordaindu behar dituzte, eta halako egunetan kontsumitzeko ohitura ez dagoenez, irabaziak ez dira hain handiak”. Bestelakoa da multinazionalen kasua; “haiei ez die halako ahaleginik eskatzen, eta, gainera, kanpaina bereziak egiteko eta kontsumoa bultzatzeko ahalmena dute”.

Aldiz, igande eta jaiegunetan komertzioak irekiz gero, enplegu gehiago sortzen dela argudiatzen da maiz. Sienrak, ordea, errealitatea oso bestelakoa dela deritzo. “Ez da egia, dendariek ez dituztelako kontratazio gehiago egiten”. Horren ordez, langileei lanorduak luzatu eta lan karga handitu egiten dietela salatu du. “Ordu estrak gehiago ordainduta estutzen dituzte langileak, baina noski, hala, pixkanaka, bide berri bat irekitzen dute, arrakala bat langileen eskubideetan, gerora beste mota bateko jokaleku bat marraztu dezakeena”. Bat etorri da Aspiazu: “Hasieran enplegua sortuko dela argudiatzen badute ere, denborarekin ikusten da egun horietan lan egiteak beste egunetako kontsiderazio bera duela”.

Eta hori da, hain zuzen ere, Sienraren aburuz, jaiegunen eta igandeen irekieraren bidez bilatzen dena: “Mendebaldeko eta, batez ere, AEBtako kulturaren hedapena baliatzen dute dinamika ezberdinak bultzatu eta palanka egiteko”. Black friday edota shopping gaua bezalako egitasmoei egin die erreferentzia. “Pixkanaka bada ere, ordutegiak malgutzen hasten dira, orain arte zeuden muga batzuk ezabatuz”.

Gainera, krisi garaiarekin batera etorritako salmenten beherakadari aurre egiteko dendetako ordutegiak luzatzeak zentzurik ez duela erantsi du Sienrak. “Jendearen erosteko ahalmenaren beherakadaren ondorioz izan da hori, ez ordutegiak ez direlako egokiak”. Aspiazuk, esaterako, Bartzelona eta Madril hirien adibideak jarri ditu mahai gainean: “Komertzioak egunero zabaltzen duten eremuak adibide hartuta, argi geratu da lanean ere eragin negatiboak dituela”. Erosteko ahalmenari buruz ere aritu da: “Azken finean, nik hamar euro baditut gastatzeko, berdin dit denda bat sei edo zazpi egunez irekita egotea, diru kantitate bera izango baitut erosteko; beraz, igandeetan irekitzeak ez du irabazi gehiago ekartzen”.

Sienrak ohartarazi duenez, multinazionalen helburua merkatua “bereganatzea” denez, ez zaie inporta jaiegunetan irekitzea eta ordu gehiago sartu arren irabaziak ez handitzea. Euren asmoa kontsumorako ohiturak aldatzea delako. “Hori da arazorik larriena”. Denda txikiak lehia “oso desorekatuan” daudela deritzo, eta, lehiatu ahal izateko, prezioak etengabe jaistera behartuta daudela. “Lehia mantentzeko, merkatari txikiek ez dute jaiegunik, edota langileek igandeetan ere lan egin behar dute; hankaz gora jartzen ditu orain arte ezarritako eskubideak”.

Turismoa eta hiri eredua

“Turismoaren igoera da jaiegunetako irekiera defendatzeko erabiltzen duten beste argudioetako bat, baina batez ere alderdi politiko batzuk ordutegien liberalizazioa bultzatzeko erabiltzen ari diren aitzakia bat baino ez da”, zehaztu du Sienrak. Azaldu duenez, dendariek argi utzi diete turistek ez dutela haien komertzioetan erosten. “Inditex bezalako multinazional handien kasuan ere, han lan egiten duten delegatuek baieztatzen dute turistak ez direla sartzen”.

Horrekin batera, etorrera handiko turismo eremuen izendapena ere kritikatu du Sienrak. “Eremu horiek ordutegi bereziak dituzte, eta, orain arte, oso argi zegoen zeintzuk ziren eremu horiek: alde zaharrak, gune monumentalak… Gaur egun dagoen erregularizazioarekin, berriz, izendapena zabaldu dezakete; horrek esan nahi du hirietatik harago, herrietan ere ordutegien liberalizazioa eman ahalko dela”.

Ordutegien liberalizazioaren harira, instituzioen jarrera jarri du ezbaian Aspiazuk: “Nik uste dut hemen argi dagoela instituzioak enpresa interes horien aldera lerratzen ari direla”. Kontsumo eredutik “harago” udalek zein diputazioek bultzatzen duten hiri ereduaren aurka egin du: “Egunero zabalik dagoen hiri eredu bat, hirian kontsumoa bultzatzeko… Baina, zer motatako kontsumo eredua? Esanguratsua da Bilbon edota Donostian gero eta handiagoak direla etorrera handiko turismo eremuak”.

Hortaz, gizarteak zer motatako hiria eraiki nahi duen erabaki behar duela uste du Aspiazuk: “Aisialdi guztia kontsumora bideratuko duena edota aisialdia ere beste era batera ulertuko duena”. Multinazional handiek ordutegi zabalak langile eta dendari txikien kalterako baliatzen dituztela dio, eta, era berean, “aisialdi guztia kontsumora” bideratzen dela.