“Hemendik gutxira, komertzio txiki guztiak desagertu egingo dira”

“Hemendik gutxira, komertzio txiki guztiak desagertu egingo dira”

P. Azpillaga Diez

Merkatarien jarduna ez da inoiz xamurra izan. Norberak martxan jarritako negozio bat aurrera ateratzeko, asko dira bidean zehar gainditu beharreko oztopoak. Azken urteetan enpresa multinazionalek, turismoak eta teknologiak izandako gorakadaren ondorioz, baina, areagotu egin da dendari txikien gaineko presioa, eta, merkatari handiekiko lehiak itota, geroz eta gehiago dira euren buruak denda behin betiko ixtera behartuta ikusten dutenak. Hori da, besteak beste, Bilboko Zazpikaleetako Astrid Sanz dendariaren (Bilbo, 1967) kasua.

Zergatik erabaki duzu denda behin betiko ixtea?

Egoera hau jasangaitza delako. Saltoki handiekin lehia mantentzea ezinezkoa da, eta, orain, gainera, Internet bidezko erosketek are okerrago bihurtu dute egoera, jendea dendetara joateko ohitura galtzen ari delako. Horrela jarraitzekotan, nire ustez, hemendik gutxira komertzio txiki guztiak desagertu egingo dira.

Bilboko Zazpikaleetan zenuen denda. Tradizio handiko erosketagunea da hori…

Egoera larria da, komertzio asko ari dira ixten; baita hemen urte asko daramatzaten dendariek ere. Eta etorkizunak ez du itxura onik guretzat. Guk hiru urte egin ditugu zabalik, eta, ireki genuenetik orain arte, itzela izan da bilakaera.

Zer ondorio dakartza dendari txiki batentzat jaiegunetan irekitzeak?

Oso kaltegarria da guretzat. Komertzio txiki baten jabea bazara eta bakarrik lan egiten baduzu, asteko zazpi egunetan egin beharko duzu lan. Nik astelehenetik larunbatera egiten dut lan, goizez eta arratsaldez; igandeetan ere ireki behar badut, desagertu egiten da nire bizitza. Jada nahiko gaitza da sei egun lan egin behar izatea lanaldi etenarekin.

Baina, ez du irabaziak handitzeko aukerarik ematen?

Hori ez da hala. Orain, udan adibidez, asteburuetan izugarrizko beherakada nabari da, jendeak alde egiten duelako. Ez da egia jendea igandeetan erosketak egitera joaten denik.

Turismoaren gorakada, ordea, nabarituko zenuen…

Maletekin Zazpikaleetako pisuetan gora eta behera ibiltzen direlako nabaritzen da, baina ez dendarion poltsikoetan. Ostalaritzan edota souvenir dendetan nabarituko dute, baina gure komertzioetan erosketarik ez dute egiten turistek.

Zer eskatuko zenieke instituzioei?

Babes pixka bat. Komertzio txikia hondoratzen ari da, eta berdin zaie; kate handiak sustatzea da euren helburua. Horiek dira egun ditugun alokairuak ordain ditzaketen bakarrak, hala nola alde zaharrean ditugun zerga izugarri handiak; multinazional bat izan ezean, ezinezkoa da aurrera egitea hemen.