Burdinaz landutako Bizkaia

Burdinaz landutako Bizkaia

Aitziber Laskibar Lizarribar

Bizkaia eta burdina; elkarri lotuta dauden elementuak dira. Batak besteari zuzenean eragin dio: batak bestearen nolakotasuna baldintzatu du. Aberatsa da garai bateko burdinolek Bizkaiko lurretan utzitako ondarea; askotarikoa, baina nahiko ezezaguna. Datu batek erakuts dezake burdinak lurraldean izandako indarra: berrehun burdinola inguru izan ziren Bizkaian.

“Burdinak Bizkaiaren identitatea, ekonomia, paisaia eta kultura lantzen lagundu du”, azaldu du Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak. Hori dela eta, iraganera begira jarri da. Lehen baino sakonagorago begira. Aldundiarena den eta Muskizen dagoen Pobal burdinola museoak hamabost urte betetzen dituela baliatuta, urteetan egindako azterketak bistaratu ditu.

Erakusketa berria zabaldu du Pobalen: Burdinoletan zehar. Bizkaia, Territorio Ferrón. “Erakusketan, industria horretako aztarna onenen hautaketa zehatza topa daiteke”, azaldu du Bilbaok. Hain zuzen, Bizkaiko burdinolei buruzko dokumentazio eta irudi berri asko jarri dituzte ikusgai, azken urteetan museoak egin duen ikerketa lanaren emaitza. Lurraldean zeuden berrehun burdinoletatik, 70 ingururen aztarna esanguratsuak mantentzen dira egun Bizkaian zehar. Industria aurreko instalazio horietako askoren ezaugarriak erakutsiko dira bilduman, eta dituzten ezaugarrietatik bereziak diren adibideetan sakonduko da.

Irudien indarra

Irudiak leku berezia du erakusketan, eta, argazkiez gain, marrazkiak eta ikus-entzunekoak erabiliko dira, ola haien “estetika berezia” bisitariei helarazi nahian.

Santiago Yanizen begirada artistikoa da horren adibide: droneen bidez hartutako irudi ikusgarriak erreportaje batean bildu ditu Yanizek. “Burdinolak inoiz ikusi ez diren bezala ikusi ahalko dira, inguratzen eta besarkatzen duten naturarekin behar bezala uztartuz”, azaldu du aldundiak. Pobal museoa 2011. urtetik osatzen ari den argazki funtsaren zati da Yanizen lana; guztira 2.000 argazki baino gehiago dituen funtsaren zatia. Estreinakoz daude ikusgai horiek guztiak. Baita hainbat teknikarekin egindako marrazkiak ere.

Dokumentu historiko berrien artean ere badira marrazkiak: tartean, 30 euskal burdinolari buruz 1907 eta 1919 artean egindako marrazkien bilduma bat. Adituek altxortzat dauzkate dokumentu horiek, burdinola askoren testigantza grafiko bakarrak baitira. Eraikinak, presak, ubideak eta garai bateko makinak xehetasun handiz marraztuta ageri dira dokumentu horietan.

Burdinura bideoa “poesia bisual” gisa izendatu dute; hiru minutuko dokumental ederra. Santi Yanez eta Anton Lazkanok egindako lana da, eta honela definitzen dute ikus-entzunekoa sortzaileek berek: “Kolitza menditik Bizkaiko golkora arteko bidaia zirraragarria, burdina egiten duen uraren ibilbidea iradokitzen duen bidaia bat, Barbadungo kultura industria paisaiaren bitartez. Zentzumen guztietarako gozamena”.

Burdinolarik bikainenak

Erakusketan nabarmentzen diren burdinolen artean, Orozkoko burdinolen “errepertorio arkitektoniko bikaina” aipatu du aldundiak: Torrezar, Torrelanda eta Anuntzibai biltzen ditu, besteak beste. Lea ibaiaren arroan zehar, berriz, Villarreal de Berriz ilustratuaren arrastoa suma daiteke diseinatu zituen presa modernoen bidez. Barbadungo multzoa aipatzekoa da: kilometro bakoitzeko burdinola bat izan zuen.

Bizkaiko burdinola hidraulikorik zaharrena ere ezagutu ahalko da museoan: Munitibarreko Bengola ola, XIV. mendekoa. Eta ezin ahaztuta utzi egun museo bihurtutako Pobal burdinola bera. Industria iraultza gainditu, eta XX. mendean ere aktibo izan zen. Bostehun bat urtez burdina egiten aritu zen makina hidraulikoa ikusgai du oraindik ere.

Erakusketaz gain, bestelako ekitaldiak ere prestatuko ditu Pobal museoak: hitzaldiak eta gaiari lotutako ibilbide berriak antolatuko ditu datozen hilabeteotan, eta bi argitalpen kaleratuko ditu: Bizkaiko burdinolei buruzko liburu bat, eta euskal burdinolen marrazkien azterlana.