Animaliak gizakiari adarra jo

Animaliak gizakiari adarra jo

Natalia Salazar Orbe

Herri eta etxeetan ohikoak izan dira azkarrei edo argiei eta txepelei buruz kontatutako ipuinak. Sarri asko, ongia eta txarra aurrez aurre jartzeko. Animaliak ere izan dituzte protagonista ipuin askok. Horietako bat da 1924an Joxe Miel Barandiaranek Muxikako Jose Etxebarriaren ahotik jasotako kontakizuna. Astoa, txakurra, katua, oilarra eta aritoa izenburuarekin argitaratu zuen, Eusko-folklore lanean.

Baserri batean asto zahar bat zeukaten, lanerako jada ezgauza zena. Hala, bada, morroiek ugazabari esan zioten animaliak jan besterik ez zuela egiten eta onena hurrengo egunean hiltzea zutela.

Zetorkion patuaren berri izan bezain laster, etxetik alde egin zuen astoak. Txakur bat aurkitu zuen bidean. Hura ere burumakur eta isilik zegoen, adausi egin gabe, zaharra izanik, etxean ez zutelako nahi. Egoera berean egonik, bidean elkarrekin jarraitzea erabaki zuten.

Aurrera eta aurrera zihoazen kontuak esanez, eta etxe baten ondoan katu bat aurkitu zuten leiho batean, alarauka. “Zergatik zaude hain estu?”, galdetu zioten txakurrak eta astoak. Eta hark erantzun: “Ugazabandreak hil egin gura nau, txito bat harrapatu dudalako”. Haiekin ihes egiteko gonbidapena egin zioten hari ere. Eta katuak, onartu.

Oso urruti joan ziren elkarrekin. Orduan, oilar batekin egin zuten topo. Eguerdiko hamabiak ziren, eta hura ere goibel zegoela ikusi zuten, kukurrukurik ere egin gabe. Harritu egin ziren, eta hirurek galdetu zioten: “Zer duzu, kukurrukurik egin barik egoteko ordu honetan?”. Eta hark erantzun zien: “Zer edukiko dut, bada, bihar ordu honetan lapikoan egon behar dut eta!”. Hiru animaliek eurekin joatera gonbidatu zuten. Eta oilarrak ere onartu egin zuen.

Bidean aurrera egin zuten laurek. Halako batean, ahari batekin egin zuten topo. Beerik ere egin gabe, isilik zegoen, eta jan ere ez zuen egiten. “Zer duzu jan ere ez egiteko?”, galdetu zioten. “Gaur zortzi gure jabearen alaba ezkondu egingo da, eta hil egingo naute ezteietan jateko”, erantzun zien ahariak. Besteek, orduan, esan zioten: “Etxe honetatik alde egin behar duzu, hil ez zaitzaten, guk egin dugun bezala”. Aharia, ordea, beldur zen: “Baina nora joango naiz? Besteren batek hartuko nau, eta burua apurtzera eramango nau!”. Beste animaliek eurenari ekin zioten. Eta azkenean konbentzitu zuten. Elkarrekin jarraitu zuten bidean, gaueko hamabiak arte. Lapurrak bizi ziren etxe baten leihoan argia ikusi zuten orduan. Hara joan behar zutela pentsatu zuten.

Gerturatu zirenean, txakurra adausika hasi zen. Aharia ate aurrean jarri zen, eta hari topekadaka hasi zen. Barruan zeuden lapurrak ikaratu egin ziren. Beste lapur talde bat izan zitekeela pentsatu zuten, eta ezkutatu egin ziren. Kolpeen ondorioz, ahariak atea behera bota zuen, eta animalia guztiak sartu ziren barrura. Han zeudela, astoak, sudurreko lurrunarekin, argia amatatu zuen, eta animalia bakoitzak bere ustez lekurik onena zena hartu zuen: katua sutonodoan jarri zen; oilarra, tximinian; txakurra, atearen atzean; aharia, eskailera azpian, eta astoa, kortako atean. Denak zeuden isil-isilik.

Lapurrek jakin nahi zuten zerk eragin zituen zarata haiek. Zotz egin zuten nor joango zen sukaldera begiratzera. Handik ordubetera, lapurretako bat azaldu zen su ondoan. Han zegoen katua ukitu zuen, eta hark erpeka egin zion. Lapurra zutik jarri zen, eta oilaskoak txarpa begian sartu zion. Handik alde egiteko saiakera egin zuenean, txakurrak izugarrizko haginkada eman zion. Eskailera ondotik igarotzean, berriz, topekada mordoa jaso zuen. Horietako bat tripan eman zion ahariak. Orduan, ukuilurako bidea hartu zuten. Astoa zuen zain, ate atzean, eta bi ostiko eman zizkion. Lurrean botata geratu zen, luze-luze eginda, altxatzeko adorerik gabe.

Animaliek kolpeka hartu zuten lapurra zain zituen kideengana joan zen. Haren itxura ikusita, etxera ez itzultzea erabaki zuten. Abereek, etxea eurentzat zutela ikusita, lapurrek prest utzia zuten afaria jan zuten. Oturuntza hark baretu zituen aurretik lagun kuadrilla berriak pasatutako penak.