Zazpigarren artea aretoetatik kanpo

Zazpigarren artea aretoetatik kanpo

N. S. O.

Kultura kalera atera, eta denen eskura jartzea. Horra hor hainbat herritan gauzatutako proposamena. Hala, zazpigarren artea ere aire zabalean eskaintzen dute, kalea zinema areto bihurtuta. Hainbat lekutara iritsi da eskaintza. Besteak beste Bilbo, Mungia, Gernika-Lumo eta Eara.

Asteon hasi dituzte saioak hiriburuan. Asteazkenean egin zuten lehen emanaldia, eta abuztuaren 13an egingo dute azkena. Zortzi emanaldi antolatu dituzte, beste horrenbeste gau eta agertokitan. Atxuri, Txurdinaga, Basurtu, Indautxu, Castaños, Ibarrekolanda, Santutxu eta Errekalde irudiz, soinuz eta istorioz beteko dituzte.

Hurrengo saioa astearterako aurreikusia dute, Inmaculada elizaren ondoan, Basurtun. Mi querida cofradía komedia proiektatuko dute. Lehenago, Ane film laburra ikusi ahalko dute aire zabaleko zinema aretora biltzen direnek. Emanaldi nagusiaren aurretik, euskal sortzaileren baten film labur bat emango dute saio guztietan.

Bilbon emango dituzten film luze guztien artean Jainkoak ez dit barkatzen eta Handia ikusi ahalko dira euskaraz, gaztelerazko azpidatziekin. Abuztuaren 1ean emango dute lehenengoa. Lezo Urreiztietaren bizitza kontatzen du dokumentalak, Euskal Herriaren historiari lotuta. Handik astebetera emango dute Altzoko erraldoiaren bizitzan oinarritutako Handia. Gainerako saio guztien antzera, emanaldiak 21:30ean hasiko dira. Film laburrei dagokienez ere, bi lan emango dituzte euskaraz: Ama eta Basoan.

Udalak antolatutako kaleko zinema ez da, ordea, auzo guztietara iristen. Bilbo Zaharra da auzo horietako bat. Hala ere, izaten dute kaleko zinema han ere. Auzokideek horma batean zine pantaila margotu zuten, eta udaberrian hasita aldiro proiektatzen dituzte pelikulak plazan.

Udako eskaintza handitu

Gernika-Lumon ere bide berari ekin diote. Iaz berreskuratu zuten kaleko zinema, eta, aurten, musika emanaldiak gehitu dizkiote proposamenari. Kultur etxeak antolatzen ditu saiook, eta helburu argia dute: udan kultur eskaintza areagotzea. Kristina Arana kultur etxeko zuzendariak eman zituen azalpenak: “Orain arte, neguan gauza gehiago egin izan dira, baina udan ez horrenbeste. Herriko auditoriuma aprobetxatzea ere bada asmoa. Hasiera da. Hemendik hasiko gara, eta ikusiko dugu hurrengo urteetan udako programazioa zer-nola indartu eta bultzatzen dugun”.

Uztaileko astearteetan ematen dute zinema, Seber Altube auditoriumean. Ostegunetan, berriz, kontzertuez goza daiteke leku berean. Euria bada, Elai Alai aretora eramango dituzte pelikulak eta, Lizeo antzokira, berriz, musika emanaldiak. Asteartean, Aquaman ikusi ahalko da, gazteleraz. Eta hilaren 30ean, Asterix, euskaraz. Kontzertuei dagokienez, hilaren 25ean, Baster M. igoko da oholtzara, eta, 29an, Nebbian. Emanaldiok gazteak erakartzeko modua ere badirela uste du Aranak.

Ean, ostegunak dira zinema egunik bizienak: Udako Zinema Zikloa martxan dute Busturialdeko kostaldeko herrian. Eskolondo bihurtzen dute zinema areto. Datorren ostegunean, Eskerrik asko, ugazaba! proiektatuko dute. XXI. mendeko Robin Hood esaten dioten Francois Ruffinen asmoak kontatzen ditu lanak. Abuztuan, beste lau lan emango dituzte. Mungian ere egin dute Zinea Euskaraz. Bi emanaldi egin dituzte beste horrenbeste astetan. Biak egin dituzte Foruen plazan.