Ezohiko hamaika film, udaz eta udazkenaz gozatzeko

Ezohiko hamaika film, udaz eta udazkenaz gozatzeko

Javi West

Bilbo Arteko Art House Zinema hamaika filmeko ziklo bat eskaintzen arituko da urriaren 3ra arte. Begirada heterodoxoa, kontakizun apartak da zikloaren izena, eta ohikotasunetik kanpo dauden filmek osatzen dute. Zaharrak zein berriak, luzeak zein laburrak, zientzia fikziozkoak zein dokumentalak. Antolatzaileek oso aukeraketa aberatsa egin dute jatorriari dagokionez; izan ere, gehienak europarrak izan arren, txinatarrak eta estatubatuarrak ere badaude. Denak emango dira jatorrizko hizkuntzan eta gaztelaniazko azpidatziekin.

Zikloaren helburua da zinema banatzaile independenteei omenaldia egitea, eta horregatik da eskaintza hain ezohikoa. Bilbo Artetik argudiatu dute “kanonak desafiatzen dituzten artistek” sortutako filmak direla, eta onartu dute ez direla film arinak, ezta publiko orokorrarentzako modukoak ere. “Ez dira film errazak; pentsatzeko eta gozatzeko zinema da”, azaldu du Alicia Prieto antolatzaileetako batek: “Jakitunentzako dela esan dezakegu”.

Aniztasuna eta kalitatea

Hu Bo film zuzendari txinatarraren An Elephant Sitting Still, (Elefante bat geldi jesarrita) dramarekin hasi zuten zikloa, uztail hasieran. Lau orduko opera prima amaitzean, autoreak, 29 urterekin, bere buruaz beste egin zuen, eta, kritika izugarriekin batera, pelikularen gaineko misterioa eta jakingura handitu zuen gertakariak. Filmaren luzera apustu arriskutsua zen arren, jende asko joan zen saiora. Dena den, Prietok nabarmendu du Bilbo Arteren helburua ez dela ahalik eta jende gehien joatea, baizik eta kalitatezko gauzak eskaintzea. Pelikulak doakoak direnez eta jende kopurua bigarren mailakoa, ziklo hau ez da arrisku bat haientzat. “Jendea erakartzeko, [Charles] Chaplinen zikloa izan genuen”, argudiatu du Prietok: “Horrekin, beteta zegoen aretoa, baina ziklo hau lasaiagoa da; ez dira hain film ezagunak, eta horrek are interesgarriagoa egiten du”.

Jean Luc Goddarden Grandeur et décadence d’un petit commerce de cinéma (Zinema areto txiki baten handitasuna eta dekadentzia) da beste eskaintza berezietako bat. 1986an atera zuten Serie beltza liburuetan oinarritutako 37 telefilmetako ataletako bat bezala. Behin bakarrik bota zuten telebistan, eta ez zen zinemetara iritsi. Hala ere, edo agian horregatik, kritikariek ondo baloratu zuten zuzendari frantsesaren lana.

Nicolas Winding Refn daniarraren The Neon Demon (Neonezko deabrua) beldurrezko filmak, aldiz, oihuak eta txistuak jaso zituen Cannesko zinemaldian, baina baita kritika onak ere. Oro har, filmaren estetika goraipatu zuten, baina askok gidoiaren substantziarik eza nabarmendu zuten. Edozelan ere, Cahiers du Cinema aldizkariak 2016ko hirugarren film onena izendatu zuen. Zikloko film zaharrena 1963koa da, eta berriena, iazkoa. Luzerari dagokionez, ordu eta erdira heltzen ez direnak daude, baina badaude hiru eta lau ordukoak ere. Askotarikoak dira filmak; dramak, historikoak, zientzia fikziozkoak eta dokumentalak daude. Hala ere, deigarria da hamaika zuzendariak gizonezkoak izatea, eta bat ere ez izatea Ozeania, Afrika edo Latinoamerikakoa.

Egitaraua

Film gehienak asteazkenetan eskainiko dira, eta batzuk ostegunetan ere bai. Denak izango dira doan, eta zikloak urriaren 3ra arte iraungo du, Bilbo Arte zentroan.

Abuztuak 1. Sayat Nova (Granaden kolorea), Sergei Parajanov (1969, Armenia). 19:00etan.
Abuztuak 8. Dokfa nai meuman (Dofka deabruaren esku barruan), Apichatpong Weerasethakul (2000, Thailandia). 19:00etan.
Abuztuak 21 eta 22. Bai ri yan huo (Ikatz beltza, izotz mehea), Diao Yinan (2014, Txina). 19:00etan.
Abuztuak 29. Trydno byt bogom (Zein zaila den jainko bat izatea), Aleksei German (2013, Errusia). 18:00etan.
Irailak 5. Grandeur et décadence d’un petit commerce de cinéma (Zine areto txiki baten handitasuna eta dekadentzia), Jean-Luc Godard (1986, Frantzia/Suitza). 19:00etan.
Irailak 11 eta 12. Bir zamanlar Anadolu’da (Behin batean Anatolian), Nuri Bilge Ceylan (2011, Turkia). 18:00etan.
Irailak 26. The Neon Demon (Neoizko deabrua), Nicolas Winding Refn (2016, Frantzia). 19:00etan.
Urriak 3. Ikarie XB-1, Jindřich Polák (Txekoslobakia ohia, 1963). 19:00etan.