Eraginek neurriak hartuko ditu BBK Liveko lan baldintzen aurka

Eraginek neurriak hartuko ditu BBK Liveko lan baldintzen aurka

Natalia Salazar Orbe

Enpresaren ohorearen kontra egin eta bere irudia erabiltzeagatik salaketa jartzeko mehatxua egin zion BBK Live antolatzen duen Last Tour enpresak Eragin gazte prekarioen plataformari. BBK Liveko langileen baldintzak salatu eta argitara ematean, enpresaren irudia erabiltzeagatik eman zion abisua. Jakinarazpena jaso ostean, Eraginek ordura arteko argitalpenetatik ezabatu egin zuen Last Tourren logotipoa, baina ez du etsi langileen eskubideen urraketak salatzeko egitekoan. Eta oihartzun handia lortu du.

Orain, Eragin plataformako kideek iragarri dute aztertzen ari direla lan baldintzen urraketen harira zer neurri hartu. Oraingoz, ez dakite zer bide jarraituko duten, baina ez dute baztertu auzitara jotzea. Hala jakinarazi zuten asteazkenean egin zuten prentsaurrekoan. Unai Sainzek azaldu zuen: “Hainbat ekinbide aztertzen ari gara Bilboko beste erakunde eta elkarte batzuekin batera. Oraingoz, zer bide hartu esploratzen ari gara. Baina ziur gaude, jaso ditugun testigantzak direla eta, egoera hau salatzeko modukoa dela”.

Last Tour enpresak “egiten dituen lan eskubideen urraketak” salatzeaz gain, horien aurrean Bilboko Udalak duen jarrera ere salatu dute: “Biak baitira BBK Live jaialdiko langileak prekarizatuta eta esplotatuta egotearen erantzule zuzenak”. Hala adierazi zuen Leire Arrutia kideak.

Jaialdiak milaka ikusle elkartu zituen Kobetamendi inguruetan joan den astean. Ekitaldiak zenbait enpresa pribaturi —besteak beste, Last Tourri— ematen dizkien “ikaragarrizko etekin ekonomikoak” ekarri ditu gogora Arrutiak, eta haren erantzukizuna nabarmendu: “Jaialdigunea antolatzearen arduraduna izateaz gain, jaialdi honetan lan egiten duten langileek lan baldintza duinik ez izatearen arduraduna ere bada”.

Festibalean langileen eskubideak urratzen zirela entzun ondoren, egoera benetan zein den argitu beharra zegoela uste zuen plataformak. Hala, enpresarekin lanean aritutako langileen lekukotasunak jasotzeari ekin zioten. “Testigantza horiei esker, argi ikusi dugu lan esplotazio egoera larria bizi dutela”. Arrutiak zerrendatu egin ditu baldintza horietako batzuk: “Orduko bost euro baino gutxiagoko soldatak izan dituzte. Zenbait kasutan 3,5 euro baino ez dute irabazten. Hamabost orduko lanaldiak izan dituzte. Atseden hartzeko eskubiderik ez dute izan. Hainbat kasutan, lan kontraturik gabe lan egin behar izan dute. Lan ikuskatzailea agertuz gero gezurra esatera behartu dituzte. Jaialdigunean bertan lo egin behar izan dute. Bi mortadela xerra baino ez zituzten sandwichak besterik ez zizkieten eskaintzen. Hori gutxi ez balitz bezala, lan baldintza hobeak eskatu dituzten zenbait langile kaleratu ere egin dituzte”.

Sare sozialetan hedatu zuten kanpaina, eta erantzun zabala izan du. Jaialdia hasita zegoela, hainbat beharginek lanera ez joatea erabaki zuten. Lan egiteari uko egin diotenez gain, jaialdian beharrean aritu direnen lekukotzak jaso zituen, eta horiek ere sare sozialetan zabaldu ditu Eraginek. Hala zioen horietako batek: “Bilera eduki berri dugu Kobetamendin, lan baldintzen berri jasotzeko, eta hamar, hamabi eta hamazazpi ordu arteko lan txandak eman dizkigute; azaldu dutenez, gainera, ikuskariren bat baldin badator, gezurra esan behar diegu, esanez kontratua daukagula eta zortzi orduko txandak egiten ditugula”. Testigantzetako bat besterik ez da hori.

Last Tourrek asteon erantzun die zabaldutako salaketa horiei. Enpresa azpikontratatuen bizkar utzi du langileen baldintza eskasen ardura. Hitzez hitz, ondokoa adierazi du: “Sustatzaile gisa dugun jardunetik harago doazen aldagaiak dira”. Hamabi orduko lanaldiei eta orduko lau eurotik beherako soldatei buruzko salaketen harira hitz egin dute era horretan. Eragineko kide Mikel Alvarezek adierazpen horiei ere erantzun die: “Azpikontratazio horien bidez euren ardura alde batera uzten dute, eta, gainera, langileen eskubideak urratzen dituzte. Kritika bera egiten diegu Last Tourri eta erakunde publikoei”.

1,4 milioi diru publikotan

Gainera, Eraginek salatu du langileekiko jarrera hori duen jaialdiari 1,4 milioi euroko diru laguntza ematen diola Bilboko Udalak, “lan baldintza tamalgarri horien berri badu ere”. Hala adierazi du Arrutiak. Eta gaineratu: “Bilboko alkateak dio finantzaketa hori Bilbon aberastasuna lortzeko dela. Baina, aberastasuna, norentzat? Noren eta zeren kontura?”.

Bide horretatik, Last Tour enpresa eta udala bera egin dituzte langileen eskubideen urraketaren erantzule. Eta Bilboren hiri eredua ere izan du hizpide Arrutiak: “Ez dugu onartuko saldu nahi diguten hiri eredu hau. Ez dugu onartuko Bilbo lan esplotazioaren eta prekarizazioaren hiria izatea. Eta, beraz, ez dugu onartuko jaialdi honek gure hiriaren izena izan dezan”.