Apalak utzi, eta kaleak hartu

Apalak utzi, eta kaleak hartu

Natalia Salazar Orbe

Eguzkiaren berotasunak eta argitasunak egun osoa kalean egoteko giro aproposa eskaintzen dute udan. Hondartzarako hautua egiten dute batzuek; igerilekura jotzen dute beste batzuek. Gailu elektronikoen pantailen erakargarritasunari uko egin ezin dietenak ere izaten dira, ordea. Horietatik guztietatik harago jakintza eta fantasiarako bidea zabaltzen duten letren mundua ere kalean da. Udako liburutegiak, letren terrazak, udako irakurguneak zein letren etxolak martxan dira Bizkaiko hainbat herritan. Irakurketa aisialdian ere normal-normal txertatzeko helburua dute era horretako proposamenek.

Durangon, hamahiru urteko ibilbidea egin du Udako Irakur Guneak. Helburu zehatz batekin sortu zuten: “Gehienbat ume eta gazteengan —baina baita helduengan ere— irakurzaletasuna suspertzea aisialdi esparru batean. Horretarako materialak jartzen ditugu euren esku, irakurketa aisialdiaren parte ere badela erakusteko”. Hala azaldu du Estibaliz Albizu Goikoetxeak. Bera da Bizenta Mogel liburutegiko arduraduna.

Martxan egin dituen urteetan bilakaera handia izan du proiektuak. “Obretako metalezko txabola horietako batekin hasi ginen. Hori aldatuz joan da, eta, orain, egurrezko etxola bat daukagu”. Aisialdiarekin erabat lotuta dagoen eremuan kokatu dute, gainera: Tabiran, igerilekuen esparruaren barruan.

Alde onak ditu kokapenak, baina mugak ere bai. Eguraldi ona egiten duen egunetan, “beteta” egoten da. “Gutxi gorabehera, egunean 100 erabiltzaile inguru hartzen ditugu. Baina eguraldia apur bat kaskarra bada, ahaztu!”. Beraz, ezinezkoa da neguko datuak eta udakoak alderatzea. “Neguan, liburutegia zabalik dago 09:00etatik 21:00etara, eta mila sarrera inguru izaten ditugu. Udakoa 15:00etatik 20:00etara dago irekita. Gainera, liburutegira edonor gerturatzen da. Igerilekura ez dira joaten denak”. Beraz, irakur gunera ere ez.

Literaturaz harago, “ezagutza partekatzeko espazio” bilakatu dute lekua, urte osoan liburutegiak duen izaerari jarraituta. “Arlo guztiei buruzko hausnarketak egiteko lekua da”.

Albizu jakitun da txikitatik irakurzaletasuna lantzearen garrantziaz. Literaturan murgiltzearen garrantziari ez ezik, garapen pertsonalerako duen inportantzia ere aipatu du, ordea: “Gaur egungo gizartean, irakurketa beharrezkoa dugu, pertsona garen heinean. Gure barruko garapenean, pertsona moduan garatzeko prozesu horretan oso garrantzitsua da. Batetik, esaten dizutena ulertzeko. Bestetik, barruan daukazuna kontatzeko. Beti baitaukagu zerbait kontatzeko. Hortik sormenera goaz. Prozesu horretan, gauza asko uztartzen dira. Nik uste dut biblioteka izan behar dela horiek ahalbidetzen dituen erreminta. Bestalde, norberak barruan dauzkan ezagutzak eta hausnarketak partekatzeko tresnak ahalbidetu behar ditu”.

Udako Irakur Gunea ere asmo horretarako beste ariketa bat da. Horretarako, hainbat jarduera darabiltzate martxan. Besteak beste, errimen tailerra nabarmentzen da. “Txikiak literaturara eta poesiara hurbiltzeko modu erraz bat da. Errimekin jolasten gara. Eta teknika horiek baliagarriak dira barruan daukazun hori kontatzeko”. Jolas literarioak eta ipuin musikatuak ere eskaintzen dituzte. Eta Dixit jokoa. “Karta joko bat da, irudiak dituzten txartelek osatuta. Irudiekin, istorioak sortu, eta irudimena lantzen da”.

Herriz herri

Bilbo, Gernika-Lumo, Santurtzi, Getxo, Ugao… Hainbat dira Durangokoaren antzeko esperientziak darabiltzaten herriak. Bilboko Udalak duela bi urte ekin zion Udako Liburutegiak programari, “eskolako oporraldirako aisialdi alternatiboa” eskaintzeko. Aire zabaleko sei terraza jarriko dituzte uda osoan: hiru zabalik daude, gaur arte, Miribillan, Zorrotzan eta San Ignazion. Astelehenetik abuztuaren 16ra, berriz, Santutxun, Errekalden eta Uribarrin jarriko dituzte. Liburutegi guztiek izango dituzte liburuak, prentsa eta jolasteko gunea. Horrez gain, irakurketa bultzatzeko tailerrak eta jarduerak antolatzen dituzte txikientzat. Astelehenetik ostiralera daude zabalik, goizez eta arratsaldez: 11:30etik 13:30era eta 17:30etik 20:30era. Iaz, 11.982 pertsonak hartu zuten parte jarduerotan.

Gernika-Lumon Letren Etxolak egitasmoa darabilte martxan. Liburuak, prentsa eta jokoak eskaintzen ditu. Liburutegi ibiltaria da, eta hiru kokagune izango ditu uztailean eta abuztuan zehar. Hilaren 29ra arte liburutegiak San Juan Ibarra du agertoki. Handik aurrerako asteetan Lurgorrin eta Lorategietan izango da. Eta hasierako espaziora itzuliko da abuztuaren 21etik 30era.

Getxon, Letren Terrazak zabaldu dituzte. Abuztuaren amaierara bitartean hainbat kokalekutan izango dira. Uztailean, Neguriko Gernika parkean, Algortako Iturgitxin eta Andra Mariko Sarri parkean daude. Abuztuan, berriz, Areetako Geltokia eta Algortako Geltokia eta Aldapa plazetan egongo da. 2.000 liburu dituzte erabiltzaileen esku. Egitasmoaren helburu nagusia da udarako, eta, bereziki, haurrentzako aproposak diren irakurgaiak kalera ateratzea. Horrez gain, jokoak, familia osoarentzako jarduerak eta tailerrak ere eskaintzen dituzte. Erabiltzaileek lankidetza jokoak, irakurketara animatzeko jarduerak, eskulan tailerrak, ikuskizunak eta betiko jolasak aurkituko dituzte.

Abuztuarekin iritsiko dira Santurtzira udako liburutegiak. Mamarigan eta Kabizesen etxola bana jarriko dute. Liburuak, aldizkariak eta egunkariak izango dituzte horietan. Horrez gain, batez ere txikienentzako jolas eremua eta irakurketa sustatzeko jarduerak iragarri dituzte. Besteak beste, orri markatzaileak, ametsen ehiztariak, abanikoak edota postalak egingo dituzte. Liburuak maileguan hartzeko aukera ere izango da.

Ugaon ere liburutegia kalera atera dute. Irailaren 10era arte plazan izango da, astelehenetik ostiralera bitarteko goizetan. Liburuak eskuragarri jarri, eta literaturaren magia gerturatu dute.