1.200 euroko isuna marrazoak legez kanpo arrantzatzeagatik

1.200 euroko isuna marrazoak legez kanpo arrantzatzeagatik

Aitziber Laskibar Lizarribar

Gernika-Lumoko auzitegiak Ondarroako Tonino Segundo ontziko arduradunak zigortu ditu ingurumenaren kontrako delitua egitea egotzita. Ontziko armadoreari eta patroiari 600na euroko isunak jarri dizkie, eta hiru hilabete eta hamar egunez arrantza egiteko debekua. Legez babestuta dagoen marrazo mota bat arrantzatzeagatik zigortu dituzte akusatuak; “zuhurtziagabetasun larriz”, ingurumenaren aurka aritzeagatik.

Hogei marrazo muturmotz arrantzatzea leporatuta epaitu zituzten, zehazki, patroia eta armadorea, eta itsasontziko beste bi arduradun ere ikertu zituzten. Iazko apirilaren 23an arrantza ikuskaritzak Toñino Segundo arrantzontzia arakatu zuen, eta, legez arrantzatu zitzakeen marrazoen artean ezkutatuta, babestuta dauden marrazo muturmotzak aurkitu zituzten. Bestelako zigor espediente bat ere zabaldu zuten ontziaren aurka, deklaratutakoa baino tona eta erdi kaela gehiago zituztelako harrapatuta. Legezkoa da kaela, tintoleta eta marrazo urdina arrantzatzea, eta hartarako baimena bazuen Toñino Segundo arrantzontziak; marrazo muturmotza arrantzatzea, berriz, legez kanpokoa da. Iazko miaketan, halakoak aurkitu zituzten ikuskatzaileek kaela artean.

Lehenago du abiapuntua, hala ere, auziak. 2017ko irailean milaka marrazo agertu ziren Ondarroako portuan. Argazkiak sare sozialetan hedatu ziren. Herrian zehar zabaldu zenaren arabera, arrantzatutakoen artean marrazo muturmotzak ere baziren, eta hainbatek hegalak moztuta zituzten. Jaberik ez zen agertu.

Eguzki talde ekologistak salaketa aurkeztu zuen orduan, eta Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen. Horren ondorio izan zen miaketa, eta horren emaitza da kaleratu berri den epaia.

“Merke ateratzen dira ingurumenaren kontrako delituak”, ohartarazi du Eguzkik epaiaren berri izan duenean: “60 euro legez kanpo harrapatutako marrazo bakoitzeko”. Hala ere, pauso positibotzat du zigor epaia.