Sormen sareak ehuntzen

Sormen sareak ehuntzen

Natalia Salazar Orbe

Zertan pentsatzen dute artistek? Antzeko kezkak ote dituzte bateko eta besteko sortzaileek? Zer balio ematen zaie euren lanei? Nola ezagutarazi artista eta bere obra? Zer sinergia sor daitezke munduaren beste aldeko sortzaileekin? Zer-nola uztartu artea eta filosofia? Artearen zentzuaz, norabideaz eta eraginaz kezkatuta dauden hainbat sortzailek eta pentsalarik, galderak airera bota ez ezik, erantzunak bilatzeko hausnarketak ere planteatu dituzte. Hortik sortu da Zertan pentsatzen dute artistek? Hegoalde-hegoalde-iparralde elkarrizketak munduari bira egiteko proiektua. Bizkaian egin ditu hastapenak, Bilbaoarte fundazioaren, Durangoko Artearen eta Historiaren museoaren eta Ermuko Izarra museoaren eskutik. Orain, sustatzaileak Ekuadorrera abiatuko dira, hango eragileekin harremanak saretu eta Euskal Herriko sortzaileen lanak ezagutaraztera.

Urtarrilean hasi zen ernaltzen proiektua, artea eta filosofia uztartzea helburu zuten jardunaldiekin. Euskal Herriko eta Ekuadorko artistak eta ikerlariak elkartu zituzten. Izan ere, proiektuak jarduera artistikoaren ikerketa zabalduko duen espazio kritiko bat sendotzen lagundu nahi du. Erraztu egin nahi ditu, halaber, artisten, kultur agenteen, irakasleen, ikerlarien, erakundeen eta ekoizpen artistikoko zentro lokal eta nazioartekoen arteko harremanak.

Saray Perez Castilla, Miriam Rodriguez Mora eta Cristina Morales Faro ari dira proiektua zuzentzen. Hasieratik izan dute iparraldearen eta hegoaldearen arteko harremanak eta zubiak irudikatu eta horietan sakontzeko asmoa. Horren adierazgarri, maiatzean esku hartze artistiko bat gauzatu zuten Bilbao Art Districten, Mertzede eta Erriberako zubietan. Ekuadorko Diana Gardeneira eta Cristina Morales, Ermuko Jesika Martinez-Alcocer, Bilboko Saray Perez Castilla eta Sestaoko Borja Gomez artisten lanak jarri zituzten ikusgai zubi horietan. Perezek eman ditu azalpenak: “Zubiak erabili genituen, proiektuak ezartzen dituen zubien antzera. Zubiaren alde batean Euskal Herriko lanak ageri ziren; bestean, Ekuadorkoak”. Bi herrion arteko sareak ehuntzearen garrantziaz mintzatu da: “Aukera emango digu alde bakoitzean izan dezakegun kultur kapitala inportatu eta esportatu eta komunikazio sareak taxutzeko, noraezean doazen irla independente gisa jarraitu ordez”.

Bide horrek jarraipena izango du orain itsasoaz bestaldean: Guayaquil eta Galapagoetan egonaldi artistikoa egingo dute. Asteartean abiatuko dute egonaldiaren lehenengo fasea. Rodriguez Morak eman ditu xehetasunak: “Ekuadorko artista eta kolektibo artistikoekin egingo dugu lan”. Deialdi bat egin dute bertako artistek euren lana, pentsaerak eta obrak ezagutaraz ditzaten. Urte hasieran Euskal Herrian planteatu zuten galderaren inguruan antolatu dute hori guztia: zertan pentsatzen dute artistek? “Haiek egiten dizkiguten ekarpen guztiak osatzen joango den erakusketa batean jasoko ditugu, hilaren 16tik 22ra bitartean”. Ostean, hainbat ekintzaile eta kolektibo elkartuko dituen mahai-inguru bat egingo dute.

Bestalde, uztailaren 25etik 27ra bitartean, Galapagoetako Arteen Jaialdian hartuko dute parte, Galapago uharteetan. Perezek eta Rodriguezek bertako eragile batzuekin elkarlanean antolatu dute jaialdia. Garrantzia handiko topaketa bat izango dela aurreratu dute. Hainbat erakunderen babesa ere badu. Antolakuntza lanean ari dira Ekuadorko Arteen Unibertsitatea, Galapagoetako Erregimen Bereziko Gobernu Kontseilua eta Ekuadorko Kultura Ministerioa, besteak beste. Dei egin diete bertako artista, ikerlari, irakasle eta kultura eta ingurumen kudeatzaileei, defenda ditzaten arte, kultur eskubide, hezkuntza, ikerketa eta kulturaren kudeaketari buruzko proposamenak. Arteek mundu garaikidean duten zereginari buruz gogoeta egingo dute.

Artea gizarte baten egoera soziopolitiko eta ekonomikoaren isla izan ohi da. Gabeziak identifikatzea, gogoeta egitea, ezarritako boterearen aurkako kritika, oreka… Sortzaileek garaian garaiko pentsamendua islatu dute. Proiektuaren sustatzaileek jakin nahi dute zertan ari diren pentsatzen artearekin eta kulturarekin lotutako pertsonak; zer erronka jartzen dizkien aurrean mundu garaikideak.

Den-denei zabalik

Komunitate guztiari egin diote dei parte hartzeko. Rodriguezek oso garrantzitsu deritzo horri: “Ez dira sartzen soilik artistak, ikerlariak, irakasleak eta kultur agenteak. Hau guztiau komunitatearekin jartzen da harremanetan. Galapagoetako jaialdi honetan, artean eta kulturan interesa duen orori zabaldu zaio deialdia, beren proposamenak bidaltzeko eta jaialdian era eta formatu anitzetan parte har dezaten: dantza, musika, ideiak, artea, pintura, argazkilaritza… Galapagoetan tailerrak eta jardunaldiak antolatuko dira komunitatearekin”.

Proiektuaren sustatzaileek funtsezko deritzote artisten, irakasleen, ikerlarien eta ekintzaileen arteko nazioarteko elkarrizketari, horren bidez arteen zentzu politikoa eta soziala berriz pentsatzeko. Euskal Herriko eta Ekuadorko artisten eta ikerlarien lanak eta ekarpen guztiak jasoko dituen argitalpen bat osatuko dute gero. Rodriguezek azaldu du: “Saiakera filosofiko baten eta artisten katalogo baten erdibideko argitalpena izango da”. Durangoko Azokara begira izango dute prest; hala aurreikusi dute.

Liburu horrekin itxiko dute urtebeteko lana. Eta hurrengo urteko proiektuari segida emateko bidea ere izango da; izan ere, Ekuadorko esperientzia bukatzen dutenean beste herrialde batera jo nahi dute, proiektuari jarraipena emateko. Eta munduaren egoera eta norabidea aztertzeko dauden ikusmira anitzen arteko elkarlana saretuz jarraitzeko.