Kuban izan ziren sorginak

Kuban izan ziren sorginak

Peru Azpillaga

Normalean, erratz gainean hegan bidaiatzeagatik dira ezagunak sorginak, baina esan ohi da istant batean edonora lekualdatzeko gai direla, botere eta arao magikoei esker. Ondarroako kondaira batean jasotzen denez, esaterako, hango sorginek ez zuten erratzik behar nahi zuten tokira bidaiatzeko, eta, itsasoarekin bat eginez, Kubaraino joateko gai ere baziren, hala nahi izanez gero.

Hori jasotzen du, gutxienez, behin haraino bidaiatu, eta etxera azukre kanabera batekin bueltatu zen gazte batek. Beste kondaira askotan bezala, ordea, kontakizuna ez da samurra, besteak beste, sorginen alde maltzurra ere bistan uzten duelako pasarteak. Izan ere, urte luzez, gizakiak sorginei egotzi izan dizkie egunerokotasunean pairatutako gaitz eta ezbeharrak.

Arpoia eta olatua

Behin, arrantza lanetatik bueltan aita eta gainontzeko marinelak etxeratu zirenean, semea txalupa garbitzera hurbildu zen, egunero egin ohi zuenez. Zereginak eginda txalupatik ateratzera zihoanean, lau andre ikusi zituen portuan, isil-gordeka, ontziren batean sartu nahian. Begi kolpe batez baino ez zituen ikusi, eta, hala eta guztiz ere, horietako bat bere ama zela iruditu zitzaion gazteari. Hori dela eta, txalupako brankan ezkutatu, eta emakumeek zer egingo zain geratu zen mutikoa.

Berehala heldu zen gaua, eta, iluntasunarekin batera, emakumeak txalupan sartu ziren. Tostan jesarri eta arraun bana hartu ostean, haietako batek zera esan zuen: “Una palada y cien millas paalante“. Baiezkoa erantzun zioten gainontzeko hirurek, eta, olatuen gainetik eta hodeien azpitik, konturatzerako, Kuban ziren lau sorginak eta brankan ezkutatutako gaztea.

Emakumeak txalupatik jaitsi eta aldendu zirenean, mutikoa kostara hurbildu, eta azukre kanabera bat hartu zuen, bizitako esperientziaren testigantza moduan. Hala, hurrengo egunean, etxera itzultzerakoan, aitari gertatutakoa kontatu zion. Aitak ez zuen inondik inora sinetsi semeak esandakoa, baina, hark azukre kanabera atera zuenean, zalantza egiten hasi zen. “Hau ere esan zuten sorginek, aita”, erantsi zuen orduan semeak; “olatu bihurtuta gure txalupa ondoratuko dutela azaldu zuten barre artean”.

Aitak ez entzunarena egin zuen semearen aurrean, baina, etxetik atera baino lehen, lau arpoi hartu zituen, badaezpada. Bare zegoen itsasoa, eta, pixkanaka, herritik aldentzen hasi zen aitaren txalupa, marinelekin batera. Handik gutxira, ordea, gaiztotzen hasi zen itsasoa, eta, hasieran lasaitasuna mantentzen saiatu arren, denbora gutxiren bueltan, beldurra nagusitu zen txalupan. Gero eta handiagoak ziren olatuak, eta bortizki egiten zioten eraso alde batetik bestera kulunkatzen zen egurrezko ontziari. Urak behin eta berriro gainditzen zuen karela, eta, marinelak xukatzen saiatu arren, olatuek etenik gabe jotzen zuten ontzia.

Azkenean, etsita, kapitainak arpoiak hartzeko oihukatu zien gizonei, eta zuten indar guztiarekin itsasoaren kontra jaurtitzeko. Marinelak zur eta lur geratu ziren kapitainaren agindua aditzean, baina, hala ere, entzundakoa bete, eta arpoiak olatuen aurka bota zituzten. Arpoiek itsasoa ukitu bezain laster, urak gorriz tindatu ziren, eta, sorginkeria bat balitz bezala, olatuak desagertu eta bare-bare geratu zen itsasoa. Gertatutakoa ezin sinetsirik, eta beldurra gorputzean barruraino sartuta, marinelak ahalik eta azkarren itzuli ziren portura. Inor ez zen ausartzen gertatutakoaz hitz egitera, baina marinel guztiek zur eta lur begiratzen zioten beren kapitainari. Nolatan zekien arpoiena? Zergatik gorritu zen ura?

Kapitaina zuri-zuri zegoen; begirada herrian iltzaturik, mutu. Txalupa portura heldu zenean, marinelak esplikazio eske hasi zitzaizkion kapitainari, baina hark isilik jarraitzen zuen, eta, bere tripulazioko kideengana biratu gabe, ziztu bizian hartu zuen etxerako bidea.

Etxera sartu zenean, emaztearen izena oihukatu zuen, baina bere garrasiek ez zuten oihartzuna beste erantzunik jaso. Orduan, logelako atea ireki zuen, dardarka, eta hor geratu zen, zur eta lur, ikusten ari zena ezin sinetsirik. Emaztea ohean etzanda zegoen, odolez beterik, arpoi bat gibelean iltzaturik.