Izadiaren sustraietara lotuta

Izadiaren sustraietara lotuta

Natalia Salazar Orbe

Gero eta ugariagoak dira naturarekiko kontaktuaren eta osasunaren arteko loturaren ebidentziak. Norberak mendiko ibilaldi batean edo itsaso ondoan nabari dezakeen ongizate sentsazioa neurtzeko baliabideek agerian utzi dute eragin hori existitzen dela, eta osasun arloa hasia da hori baliatzen. Eskoziako osasun publikoko medikuak natura errezetatzen hasi dira. Norvegiako bi ospitale handienek etxola batzuk eraiki dituzte natur eremuan. Japonian, berriz, baso bainuak egiten dituzte aspalditik. Esperientzia horiei shinrin-yoku esaten diete Asia ekialdeko herrialde horretan; euskaraz, basoaren atmosfera xurgatzea. Jarduera hori Bizkaira ekarri dute, esperientzia pilotu gisa, eta, aurrera begira, interesa duen orori zabaldu nahiko liokete.

Avifes buruko gaitzen bat dutenen eta haien senideen elkarteko 30 lagunek baso bainuak egin zituzten iazko ekainetik azarora bitartean. Hiru taldetan banatuta, astero bi orduko saioak egin zituzten, egun eta ordu berean. Praktikan parte hartu aurretik eta ostean pertsona horiengan izandako eragina neurtu zuten antolatzaileek. Azterketaren ondorioak ezagutarazi dituzte: buruko gaitzen bat izanik ikerketan parte hartu zutenen %89k beren egoera fisikoaren inguruko pertzepzioa hobetu zuten. Neurketa fisiologikoak iraun zuen bitartean, taldekideen arteria presioaren eta bihotz frekuentziaren jaitsiera esanguratsu eta progresiboa erregistratu zuten. Ongizate emozionalari dagokionez, buruko gaitzen bat duten parte hartzaileen %95ek sentitu zuten aldarteak hobera egin ziela. Bestalde, jarduera hasi aurretik urduri zeudenen %81ek antsietatea arindu zitzaiela nabaritu zuten. %54k, berriz, indar eta energia handiagoa sentitu zuten.

Bestalde, pertsonen arteko harremanei erreparatuta, parte hartzaileen %90ek erakutsi zuten euren arteko harremanak hobetu zirela. Azkenik, garapen pertsonalaren alorrean, toxikoak kontsumitzen dituzten %52k adierazi zuten gutxiago pentsatu zutela euren adikzioetan, eta %55ek, berriz, egunari modu baikorragoan aurre egitea lortu zutela.

Mendatan egin zituzten baso bainuen ibilbideak, Busturialdean. Avifesek, Bizkaiko Basogintza Elkarteak, Urremendi Landa Garapenerako Elkarteak eta Europako Hegoaldeko Basogintza Batasunak (USSE) parte hartu zuten. Azken horrek koordinatu du proiektua. Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Garapen eta Azpiegitura Sailak Europako Batasuneko Feader funtsen laguntzarekin finantzatutako proiektu bat da.

Gorka Altuna USSEko kidea izan da proiektuaren arduraduna. Baso bainuen onurak azpimarratzen dituen “bibliografia zabalaren” berri izanik, pentsatu zuten “aukera ona” zela Euskal Herrian proiektuaren onurak probatzea. “Lehenengo gauza zen frogatzea ea benetan dauzkaten esandako onura horiek. Hori behintzat egiaztatu dugu”.

Mendatako PR ibilbide laburra eta Donejakue bidearen zati bat baliatu dituzte proiekturako. Eta baso bainuak gauzatzeko, Alex Gresse baso bainuen gida eta jarduera horretako giden trebatzaileari deitu zioten. Hark azaldu ditu jarduera horren nondik norakoak. “Finean, basoan modu kontzientean egotea da. Basora joan ohi garen moduan ez beste batean joatean datza: eguneroko abiadura moteldu, zentzunenak iratzarri eta norbere buruarekin eta basoarekin konektatzeko jarduera da. Gure egunerokoan hiriko ohiko erritmotik atseden hartzeko bidea da”.

Taldeak osatu, eta gidak lagunduta egiten dira ibilbideok. Horien onurei buruz mintzatu da Gresse: “Oro har, gure sistema immunologikoa bultzatzen du, NK zelula gehiago sorrarazita; bakterioei eta birusei eraso egiten dieten zelulak dira horiek. Horrez gain, kortisola gutxitzen du; estresa eragiten du hormona horrek. Hori da jarduera honi buruz bereziki arreta ematen ari dena”. Horrez gain, geroago aurkitu dituzten onurak zerrendatu ditu: “Kognizio eta kontzentrazio gaitasuna hobetzen dutela egiaztatu da. Loaldiarentzako onurak ditu, baita bizitasunarentzat ere. Eta onura fisiologikoak. Onurak mugagabeak dira”.

Bost bektore daude lotuta gizakiaren osasunarekin. Hala azaldu du baso bainuen gidak. “Ingurumen osasuna bizi garen ingurunea da. Edozein natur ingurunek ahalbidetzen dizu”. Osasun fisikoa da bigarrena. “Sarri bitan banatzen da. Fisikoa eta immunologikoa. Fisikoa ariketa fisikoa eginda lantzen da. Immunologikoa da basoari lotuago dagoena”. Buruko osasuna ere pieza bakar gisa zein bitan banatuta har daitekeela azaldu du: emozionala eta espirituala. “Ez naiz ari jainkoei edo zerbait oso metaforikoari buruz, asmoen zentzuari buruz baizik. Hau da, gure bizitzarako nahi dugunari buruz hausnarketa egiteko denbora hartzea. Hori ere basoak ematen dizu, gidak hausnarketarako uneak sortzen dituelako. Eta egunerokoan ez dugu izaten halako une askorik”. Osasun soziala aipatu du azkenik, jendearekiko harremanen bidez lantzen dena.

Bereziki, osasun mentala eta soziala lantzen ditu berak. Osasun mentala ez da gaixotasunekin soilik lotu behar. Estresari aurre egiten ere laguntzen du. “Osasun mota horietan hartzen du gidak garrantzi gehien, basora beste era batera joaten irakatsita”. Ibilbide lasaiak egiten dituzte; laburrak eta errazak. Kontua ez da jarduera fisikoa egitea. “Hasteko, zentzumenak esnarazten ditugu”. Eguneroko zaraten, kutsaduraren, usainen eta abarren aurrean “gorputzak zentzumenak ixteko erreakzioa izaten du. Ihes egiteko edo erasotzeko prestatzeko”. Hala azaldu du Gressek. “Beraz, zentzumenak esnarazi nahi ditugu nerbio sistema parasinpatikoa martxan jartzeko”. Nerbio sistema horrek lasaitasunera itzultzea ahalbidetzen du, eta energia aurreztea. “Guk zientzia aplikatzen diogu paseoari”.

Arbasoen ohiturak

Zentzumenak esnatu ostean, dezelerazio prozesuari ekiten diote. “Dezelerazioa naturaren erritmoa bilatzea da”. Hori guztiori hainbat jardueraren bidez gauzatzen dute. “Guk egiten dizkiegun iradokizunak euren beharretara egokitu ditzatela eskatzen diegu”. Baso bainuaren ibilbideari bukaera emateko, paseoa itxi egiten dute. “Hasiera eta bukaera bat izan behar ditu”.

Gressek argitu du baso bainuen praktikak ez direla orain asmatutakoak. “Gure aitona-amonek egiten zituzten. Baserrietan esaten zuten: ‘Haserre bazaude, eser zaitez han, harri baten gainean, eta hausnartu’. Gehienek galdu egin dute basora joateko modu hori. Bizikletan ibiltzera edo onddotan joaten gara sarri asko. Guk eskaintzen ditugun jardueretan, pertzepzioa lantzen da askoz gehiago, isilpean egoten gara. Parte hartzaileek esperientzia partekatzen dutenean, hitz egiten duenari ez zaio eteten. Batek hitz egiten du, eta besteek entzun egin behar dute. Ez da erantzunik espero. Askatasun eremu bat sortzen da. Ez da batere mistikoa, e? Ez da surrealista. Oso normala da, baina gure egunerokoan bizi dugunaren kontrakoa”.

Avifesekin hasitako proiektu pilotuak jarraipena izateko lanean dihardu orain USSEk. Bertako jendeari zein turistei zabaldu nahiko liekete esperientzia. “Baso jabeekin negoziatu behar dugu. Basoetatik ateratako produktu eta zerbitzu ugariei balioa emateko modu bat iruditzen zaigu; egurra ekoizteko lekuez gain, beste etekin batzuk izan ditzakeena baso jabeentzat. Eta ikusgarritasuna”.