Azokatik platerera nola eraman

Azokatik platerera nola eraman

Natalia Salazar Orbe

Peruko sukaldaritzaren errezeta klasikoak: marinatutako arrainez edo itsaskiz egindako platera; patatak huankaina erara edo oilasko ajia. Ohiko sukaldaritzaz harago esperimentatzea gustuko duten sukaldari amateurrentzako zein sukaldaritza tradizionala ikasi nahi dutenentzako aukera berria zabaldu dute Bilbon: Erriberako Merkatuko Sukaldaritza Eskola. Sukaldari profesional baten eskutik kozinatzearen sekretuak ezagutzeaz gain, ikasitakoa praktikan jartzeko lekua ere atondu du Bilboko Ostalaritzako Goi Eskolak, udalarekin elkarlanean. Agertoki egokia izango du: Erriberako merkatuaren bigarren solairua, lehengaiak lekuan bertan jaso eta eraldatzeko aukera ematen duen toki batean, hain zuzen.

Finean, sukaldaritza ikastaroak eskainiko dituzte, egunero, denetariko zaleentzat: helduentzat, umeentzat, txokoetako kideentzat, adinekoentzat, zaleentzat, etxeko andre eta gizonentzat… Hala azaldu du Joseba Lozano Bilboko Ostalaritzako Goi Eskolako zuzendariak. “Aukerak zabaldu nahi ditugu sukaldaritzari buruz zerbait ikasi nahi duten guztientzat: txokoko sukaldaritza, etxekoa, etxetik doazen ikasleentzat… Denetarikoa”. Hori guztia “agertoki ezin hobean” eskainiko dute, “produktu eta ekoizle guztiekin batera”.

Martxan dago jada. Gaur, mota askotako hanburgerrak egiten irakatsiko diete ikastarorako izena eman dutenei. Asteartean, berriz, arroza izango da nagusi sukaldaritza eskolako ezkaratzean: onddo risotto-a eta arroz beltza txibiekin prestatzen irakatsiko dute. Hurrengo egunetan, sukalkia eta marmitakoa, Peruko sukaldaritza edota barazki beteak. Arraina prestatzen ere ikas dezakete ikastaroetan izena ematen dutenek. Legatz bonboia eta lupia Bilboko erara egingo dute, hain justu, uztailaren 23an. 35 euro ordaindu behar da aipatutako ikastaro bakoitza.

Gehienez 12 lagunentzako lekua du saio bakoitzak. Lozanok zehaztu du sei lagun elkartuz gero nahikoa izango dela aurrera ateratzeko. Kopuru hori, betiere, ikastaroaren araberakoa izango da. “Ikastaro batzuk garestiagoak dira; beste batzuk, aldiz, merkeagoak”.

Sukaldaritzaren zaleentzat aukera ugari eskaintzen ditu proiektuak. Ikastaro laburrak, esaterako, bi orduko saioetan eskaintzen dituzte. Edozein eratako elkarte edo kolektibori zuzenduta daude.

Irailetik aurrera, berriz, Sukaldaritza blokea abiatuko dute. Lau saioz osatuta daude, eta sukaldaritzari buruzko ikuspegi zabalagoa jaso nahi dutenengan pentsatuta antolatu dituzte.

Saio guztiak praktikoak izango dira, eta ikasleek eurek prestatutako jakiak dastatu ahal izango dituzte. Parte hartzen duten guztiek sukaldeko postua, lehengaiak eta sukaldariak azaldutako eta egindako errezetak prestatzeko beharrezko tresna guztiak izango dituzte. Ez da behar inolako ezagutzarik, “ikastaroak profesionalak ez direnentzat pentsatuta daudelako eta aisia gastronomikoaren proposamen bikainak direlako”.

Proposamen gehiago

Ikastaroez gain, esperientzia gastronomikoak ere eskainiko dituzte. Horietan parte hartzen dutenek merkatua bisitatuko dute, sukaldariarekin batera, azken horrek erosketak egiten dituen bitartean. Produktu freskoen ezaugarriak bertatik bertara ezagutu ostean, zuzeneko sukaldaritza saio baten lekuko izango dira: sukaldariak aurrez erositako produktuekin prestatuko ditu platerak. Saioa bazkari batekin bukatuko dute.

Proiektua turistei begira ere pentsatuta dago. Turistentzako proposamen gastronomikoek saltokietako bezero bilakarazi nahi dituzte bisitariak. Produktuak merkatuan erosi eta eskolan prestatzea du helburu egitasmoak.

Umeei eta gazteei sukalderako bidea zabaltzeko proposamenak ere egin dituzte. Gazteentzako ikastaroen bidez, sukaldean autonomia sustatu nahi du ostalaritza eskolak. Bestalde, umeentzako tailerrak adin askotako haurrentzat pentsatuta daude, eta, besteak beste, eskolako oporraldietara egokituta. Adinekoei dagokienez, haiei zuzendutako sukaldaritza jarduerak eta tailerrak eskainiko dituzte. Aukerak denetarikoak dira.

Parte hartu nahi duenak webgunera jotzea eta izena ematea besterik ez du. Proiektuaren sustatzaileen ustez, “merkataritza eta gastronomia tradizionalaren balioa sustatzeaz gain, Erriberako merkatuari balio erantsia ematen lagunduko du”.