“Askoz lasaiago itzultzen nintzen etxera, ideiak ordenatuta”

“Askoz lasaiago itzultzen nintzen etxera, ideiak ordenatuta”

N. S. O.

Iñaki Rotaetxe Saratxaga (Alonsotegi, 1974) Avifes elkarteko kideak hiru hilabetean parte hartu zuen baso bainuen esperientzian. Nortasunaren mugako nahasmendua dauka, eta esperientzia horrek gaixotasunean eta beregan,oro har izan dituen onurez mintzatu da.

Zergatik erabaki zenuen baso bainuetan parte hartzea?

Avifesen daukagun Gorantza kirol elkartearekin egin genuen irteera batean planteatu zidaten baso bainuetan parte hartzeko aukera. Lasaitzeko erremintaren baten bila nenbilen, ipurterrea bainaiz, eta oso mugitua. Esperientziak zer-nolako ekarpena egin ziezadakeen probatu nahi nuen.

Zerbait aldatu al da zure bizitzan esperientzia horretan parte hartu ostean?

Bai. Hainbat pertsona ezagutu nituen. Horrez gain, naturan paseo pausatuak egiteko aukera hori gustatzen zait. Lehenago beste era batera egiten nituen ibilbideak, mugimendu gehiagorekin, gora eta behera ibilita. Paisaiaz eta inguratzen zaituen guztiaz gehiago gozatzeko aukera ematen du.

Zeintzuk onura nabaritu dituzu?

Programan murgilduta egin nituen hiru hilabeteetan lasaitasun izugarria sentitu nuen. Lasaiago ikusten nuen neure burua; ez nuen pentsatzen gaixotasunaren sintomatologian edo gero etxean egin behar nituen gauzetan. Ibilbidean zehar genituen sentsazio on guztiek inbadi nintzaten uzten nuen. Eta, horren ostean, askoz lasaiago itzultzen nintzen etxera, ideiak ordenatuta eta buruan nahaste-borrasterik gabe.

Onurak unean bertan soilik nabari dituzu, edo bukatuta ere luzatzen da ongizate sentsazioa?

Baso bainuen saioetan ordenatu samar sentitu nuen neure burua. Saioak bukatu zirenean, nik neuk bilatzen nuen praktika hedatzea, ikasitakoa lantzea eta aztoratuago sentitzen nintzenean erlaxatzea. Nire kabuz bilatu ditut bakarlekuak.

Zer egiten zenuten baso bainuen saioetan?

Taldeetan banatu gintuzten. Nire taldean, hasi baino lehen, besteak beste, odol presioa begiratzen ziguten, eta taupadak neurtzen. Gero, gidak ibilbidetik eramaten gintuen. Geldialdiak egiten genituen, eta galdetzen zigun zer-nolako sentsazioak genituen, inguruko eremutik zer gustatzen zitzaigun… Beste batzuetan, liburu baten pasarte bat irakurtzen ziguten. Gidari laguntzen utzi behar genion. Haren atzetik joan behar genuen: ezin genuen aurreratu. Paseo laburra eta oso lasaia izan behar zuen.

Zaila al da, hasieran behintzat, ibilbide gidatua egitea, presaka ibiltzera ohituta gauden garai hauetan?

Ni neu, harritu egin ninduten praktikan egin genituen jardueretako batzuek. Zirkulua egin genuen, eta bakoitzak zer sentitzen zuen adierazi behar zuen. Baina gurera elementu bat iritsi arte ezin genuen hitz egin: adartxo bat, lore bat edo luma bat zure eskuetara iritsi arte, ezin genuen hitz egin, beste kideei entzun behar genien. Bestalde, gidak infusio bat prestatzen zuen ibilbidean jasotako loreekin. Bakoitzak tragoxka bat edaten genuen, eta sobran zegoena lurrera botatzen genuen, lurrari itzultzen genion. Handik aurrera gidariaren proposamenei jarraitu nien.

Nola lortzen da kezkak alde batera utzi eta norbere buruarekin eta naturarekin konektatzea?

Gidaren azalpenei jarraitu besterik ez da egin behar. Aurrez zehaztutako bideetatik oinez sartzen gintuen. Bidean gindoazela, batzuetan errekan sartzen ginen, beste batzuetan irakurketa entzuteko geldialdiak egiten genituen… Hori guztia lagungarria da.

Zenbait herrialdetan medikuek naturarekiko harremana agintzen diete pazienteei. Gomendatuko zenuke halakorik?

Lanean eta familia barruan sor daitekeen estresa kentzeko modu bat da. Senideekiko eta lagunekiko harremanetan laguntzeko modu bat da. Gizarte oso estresatuan bizi gara, eta onurak bistakoak dira. Egunerokotik deskonektatze hutsak ahalbidetzen du buruak atsedena hartzea.