“Alternatibak eraiki daitezke txikitasunetik eta umiltasunetik”

“Alternatibak eraiki daitezke txikitasunetik eta umiltasunetik”

Javi West

Uribe Kostako “urbanismo basatiari” aurre egiteko helburuz eskualdean sortu berri duten GuNe kolektiboko gazteetako bat da Ander Dokando (Getxo, 1996). Tosuren aldeko eta Bilbo Metropolitarreko Lurraldearen Zatiko Planaren (LZP) aurkako mugimenduetatik edan du kolektiboak. Era batean, GuNek Tosuko borrokaren zikloa ixten duela dio Dokandok: landa hori lehentasun moduan izan beharrean, kolektiboak eskualdeko beste proiektuetan ere jarriko duela fokua, ikuspegi “globalago” batekin.

Uribe Kostako hirigintza proiektu “basatiez” ohartarazi duzue. Zein dira proiektu kezkagarrienak zuen ustez?

Hasi berriak garenez, oraintxe bertan mapa bat eratzen ari gara. Ikusi nahi dugu zeintzuk diren eskualde mailan kalteberak izan daitezkeen baso, landa eta bestelako guneak. Horrela jakingo dugu zeri eman behar diogun lehentasuna. Hala ere, orain arte identifikatu ditugu proiektu batzuk. Adibidez, Gorlizko Uresaranzeko landan egin nahi dituzte eraikin nahikotxo; Berangon ere, Otxandategin, landa batzuk urbanizatzeko proiektua berreskuratu nahi dute; Artazatik tunela egin gura dute Ezkerraldera… Handia da gure eskualdea, eta proiektu asko daude; oraintxe bertan, prozesu batean gabiltza ikusteko zein izan daitekeen lantzeko interesgarriena eta zeinek motibatzen gaituen gehien.

Orduan, ez dira denak higiezinen proiektuak, ezta?

Ez, hori da. GuNeren helburu nagusia da salatzea gaur egun daukagun hirigintza eredua, horrek dakarren guztiarekin. Egia da batzuetan sinplifikatu egiten dugula eta, adibidez, landa batean jartzen dugula fokua bertan proiektu bat egin nahi dutelako. Baina gure helburua da gaur egungo hirigintza eredua aztertzea, eta dakartzan arazo guztiak ikustea mugikortasunaren, kulturaren, kontsumo ereduaren eta jendartearen aldetik. Horrekin, hirigintza eredua salatu nahi dugu, eta eredu horrek berarekin dakarrela esparru naturalen suntsipena makroproiektuak eta higiezinen espekulazioa egiteko.

Hala ere, ez dugu fokua espekulazio prozesuetan bakarrik jartzen. Egongo balitz proiektu bat poligono industrial bat egiteko —adibidez Getxoko Martiturrin egin gura dutena— edo azpiegitura handien proiektu bat —Azkorriko hondartza zeharkatzea aurreikusten duena—, aurre egin behar litzaieke horiei ere.

Salatu duzue proiektu horietako asko dentsitate txikiko etxebizitzak egiteko direla.

Bai, batez ere eskualdeko gune zehatz batzuetan. Dentsitate txikiko etxebizitzak batez ere Larrabasterran eta, oro har, Sopelan egiten ari dira, hondartzetatik gertu. Gune horietan, sarraskiak egiten ari dira. Egia da batzuetan haien helburua ez dela bakarrik etxe atxikiak egitea eta normalean etxe atxiki horiekin batera blokeren bat eraikitzen dutela. Dena dela, oro har, azken urteetan garatu duten prozesua dentsitate txikiko etxebizitzak egiteari begirakoa izan da; baina, adibidez Urdulizen, pisuak eraikitzen ere ari dira, nahiz eta ez izan altura handikoak. Tartekatu egiten dituzte, herriaren eta tokiaren arabera.

Bizkaiko biztanleria ez da hazten ari. Zergatik dabiltza eraikitzen hainbeste etxe?

Hori da gure zalantza. Biztanleria jaitsi egingo da hurrengo urteetan eta herri askotan jaitsi da jada, baina Uribe Kosta gehiena Bilbo Metropolitarraren LZParen barruan dago. Lurralde plan horren arabera Ezkerraldea izango da industriarako lekua, Bilbo izango da turismorako eta zerbitzuetarako, eta gure eskualdea, Uribe Kosta, lo-hiri moduan erabili nahi dute; etxebizitzak eraikitzeko eskualdea izango da. Bi interes daude gure ustez: lehenik eta behin, enpresa eraikitzaile asko daude lur horien atzetik, birkalifikazioa haientzako diru sarrera bat delako. Gainera, batzuetan, eraikitzaile horiek badute udalekin edo gobernu taldeekin harremana, eta haiek ere interesa izaten dute proiektu horiek aurrera eramateko. Ofizialki gobernu taldeek ez dute dirurik ateratzen hortik, baina halako prozesuak etengabeko garapen gisa saltzen dituzte. Ez dute egiten lurraldearen egituraketa logiko bat zeinetan etxebizitzarekin batera zure ogibidean jarduteko azpiegitura edo zure kontsumorako behar duzuna eskaintzen dizuten.

Merkatuari egin dakioke aurre?

Zeri deitzen diogu merkatua? Merkatuak ez dauka sentimendurik, eta ezin daiteke triste edo pozik egon. Horren atzean enpresa partikularrak daude, eta horien atzean norbanako batzuk daude interes partikular batzuekin, beraiek etekin handiagoak ateratzeko. Azkenean, merkatu horrek etengabeko hazkundea behar du, eta, etxebizitzen kasuan, produkzio hori aurrera eramateko era bakarra da lursailak saltzea, birkalifikatzea eta etxebizitzak egitea. Enpresa pribatuak daude horren atzean: Bycam, ACS… Eta horien atzean pertsonak daude interes partikularrekin.

Gazte askok salatzen dute emantzipatzeko arazoak dituztela. Pentsatzen dut zuentzako ez litzatekeela hain larria izango eraikitzen direnak etxebizitza sozialak izango balira.

Egoeraren arabera. Beraiek etxebizitza pila bat egiten dute, eta askotan esaten dute zati bat babes ofizialeko etxeetara bideratuko dela, edo alokairu sozialerako. Oro har, etxebizitza huts nahikotxo dago, eta horiek kudea daitezke etxebizitza berriak eraiki baino lehen. Gazteek ez daukate emantzipatzeko aukera errealik etxeak egin arren, gazte horiek ezin dutelako ordaindu alokairu soziala ere. Arazoari erantzun organikoa eman behar zaio, bestela etxebizitza huts gehiago pilatuko direlako. Adibidez, Getxon azkenengo alokairu sozialekin gertatu da gazte batzuek ezin izan dutela alokairu hori ordaindu etxebizitza horiek haiei esleitu zitzaizkien arren.

Parte hartze eta gardentasun falta salatu duzue.

Bai, egia da azkenaldian modan jarri direla prozesu parte-hartzaileak eta legez jasota daudela, baina prozesu horien helburu nagusia ez da herriak parte hartzea, baizik eta tramite bat egitea. Agintarien aurpegi zuriketa bat da, eta prozesu parte hartzaile horietan egon den edonork esan diezazuke hara zoazela, azalpen pare bat ematen dizkizutela eta zuk zure desadostasuna adierazi arren zure iritzia ez dela loteslea. Azkenean, ahoa betetzen zaie demokrazia hitzarekin.

GuNe kolektibotik alternatibak eraiki daitezke?

Alternatibak eraiki daitezke txikitasunetik eta umiltasunetik. Adibidez, etxebizitza kooperatiba bat eginez edo nekazari kooperatiba bat eginez. Egia da oraindik ez daukagula ahalmena GuNetik egoera iraultzeko, baina pixkanaka joan gaitezke gizarte harremanak eta kontsumo formak aldatzen. Egunerokotasunean egin daiteke inurri lan hori beste gizarte eredu bat sortzeko. Alternatibak badaude: Errekaleor eta Bretainiako ZAD dira adibide.