Taldeka lehiatuko dira 24 pilotari Bizkaia Torneoko txapelaren bila

Taldeka lehiatuko dira 24 pilotari Bizkaia Torneoko txapelaren bila

Peru Azpillaga Diez

Aukeratu dituzte jada Bizkaia Torneoaren zortzigarren edizioko 24 partaideak. Zozketa bidez osatu dira lehiaketan arituko diren sei taldeak, eta, taldeen osaketa ikusita, gutxi dira faboritoren bat aukeratzera ausartzen direnak.

Bizkaia Torneoa esku pilotak dituen hiru modalitateak biltzen dituen urteko lehiaketa bakarra da. Hala, talde bakoitza osatzen duten lau pilotariak buruz buru, lau eta erdian eta binaka lehiatuko dira, eta hiru partidatik bi irabazi beharko dituzte, gutxienez, lehiaketan aurrera egiteko.

Sailkapenaren arabera, sei kapitain hautatu dituzte —Joseba Ezkurdia, Danel Elezkano, Jokin Altuna, Iñaki Artola, Aimar Olaizola eta Mikel Urrutikoetxea—, eta, ostera, zozketa bidez eratu dituzte lau kidez osatutako sei taldeak. Talde bakoitzak mendi baten izena hartu du, eta eraketa hala geratu da: Ganekogorta taldean, Ezkurdia eta Julen Martija arituko dira binaka, Peio Etxeberria lau eta erdikoan, eta Javier Zabala buruz buru. Oiz taldean, Elezkano II.ak eta Javier Zabaletak osatuko dute bikotea, Erik Jaka lau eta erdikoan lehiatuko da, eta Aitor Elordi buruz buru. Gorbeian, Altuna III.a eta Beñat Rezusta izango dira binakako lehian, Julen Retegi lau eta erdikoan eta Dario Gomez buruz burukoan. Sollube taldean, Artolak eta Jon Ander Albisuk egingo dute bikotekako lana, Joanes Bakaikoa lau eta erdikoan izango da eta Beñat Urretabizkaia buruz buru. Anboto taldean, Olaizola II.a eta Andoni Aretxabaleta ibiliko dira batera, Unai Laso lau eta erdikoan eta Axier Arteaga buruz burukoan. Azkenik, Kolitza taldean, Urrutikoetxea eta Jon Mariezkurrena izango dira binakakoan, Victor Esteban lau eta erdikoan eta Asier Agirre buruz burukoan.

“Taldeak parekatuta geratu dira oso, eta, hori kontuan izanda, zozketek batzuetan desorekak sortzen dituztela”, azaldu du Inaxio Errandonea Aspeko zuzendari komertzialak. Ideia berari eutsiz mintzatu da Olaizola II.a: “Edozein pilotarik jokatu nahiko lukeen txapelketa da Bizkaiko torneoa; talde oso indartsuak eratu dira, eta zaila izango da kanporaketetan aurrera egitea”. Nabarmentzekoa da Iker Irribarriak eta Oinatz Bengoetxeak ez dutela parte hartuko.

Bizkaia Torneoko buruz buruko partidak hamazortzi tantotara jokatuko dira, eta binakakoak, berriz, 22ra. Finaleko hiru partidak kenduta, zeinak 22 tantotara izango diren hirurak. Txapelketako norgehiagoka bakoitza, gainera, Bizkaiko frontoi batean izango da. Hortaz, final-laurdenak Etxebarrin eta Barakaldon jokatuko dira, eta finalerdiak Ermuan eta Zierbenan. Finala, berriz, Bilbon izango da, Bizkaia frontoian, Aste Nagusiko feriaren barruan.

Torneoa Bizkaiko Foru Aldundiak urtean antolatzen dituen lau lehiaketetako bat da. Lorea Bilbao Euskara eta Kultura diputatuaren esanetan, torneoaren helburua “pilota sustatzea, afizioa sortzea eta erreferente berriak sortzea da, hurrengo belaunaldiek ere pilotari hel diezaioten”.