“Ordaintzen ez zaigun lana salatzearren isuna jarri digute”

“Ordaintzen ez zaigun lana salatzearren isuna jarri digute”

Aitziber Laskibar Lizarribar

Urtebete darama Bilbon Raquel Cabanesek (Alacant, Herrialde Katalanak, 1984). Sukaldari hamasei urte egin ditu, eta Bizkaiko hitzarmena ona dela dio, beste leku batzuetakoekin alderatuta. Arazoa, ordea, beste bat da: hitzarmena ez da betetzen. Horren berri eman, informatu eta euren lan eskubideak aldarrikatzen hasi denean etorri zaionak izututa dauka. Isuna jarri diote; hiru hileko soldata baino handiagoa.

Isuna jaso berri duzu: 2.250 euro. Zer leporatu dizute?

Isuna, berez, kartelak jartzeagatik da; hori da leporatu digutena. Hiri garbiketarako udal ordenantza jarri dute argudiotzat.

Zer jartzen zuen kartel horietan?

Informazioa emateko kartelak ziren. Adibidez: Sukaldari, tabernari, ezagutu zure hitzarmena. Behar baino ordu gehiago sartzen dituzu? Gehieneko lanaldia bederatzi ordukoa da. Beste kartel batek zioen: Astero duzu bi eguneko atsedenaldia eta hilero igande batekoa? Ba, eskubidea duzu. Beste batek: Soldata igo dizute irailean? Eskubidea duzu, konbenioan aldaketa bat egon delako. Ordaindu dizkizute 90 euroak? Edo sukaldarien beste eskubide bati buruzkoa: Zure labanak erabiltzen dituzu? Higatzea ordaindu behar dizute. Jaiegunei buruzkoa ere bazegoen: Lan egiten duzu jaiegunetan? Behar bezala ordaintzen dizute? Zortzi jaiegunetan lan egiteagatik hamar eguneko saria izan behar duzu. Gure eskubideen aldarrikapenak besterik ez dira horiek guztiak; hitzarmena bete dadila soilik eskatzen ari ginen. Ni Valentziako komunitatetik nator, eta Bizkaiko hitzarmena hobea da; baina betetzen ez bada…

Langileek ez dute eskubide horien berri? Edo barneratua dute ez direla beteko, eta kito?

Bien nahasketa dela uste dut. Ezjakintasuna badago; nik hamasei urte daramat sukaldean lanean, eta badira ez dakizkidan kontuak. Baina beste aldea ere badago. Horregatik ari gara kanpaina bat egiten: Hau ez da dagoena dago No es lo que hay. Ostalaritzan, oso barneratua dago ideia bat: ‘Dagoena dago’, ‘badakigu ostalaritza oso gogorra dela’. Baina guk ere badugu hitzarmen bat, baditugu eskubide batzuk.

Duela gutxi, Eragin-en inguruan antolatzen hasi zarete ostalaritzako langileak. Zergatik?

Eragin gu laguntzen ari den gazte eragile bat da. Gure lan baldintzengatik kezkatuta gauden gazte batzuk biltzen hasi ginen, eta konturatu ginen lehen arazoa informazio falta zela. Beraz, kartel horien bidez, betetzen ez diren eskubideei buruzko informazioa eman nahi genuen. Protesta egiteko bildu ginen, eta kartel batzuk ere jarri ziren. Taberna kopuruagatik gure interesekoak diren lekuetan egin nahi genuen protesta; adibidez, Plaza Barrian.

Zehazki, zer gertatu zen?

Urtarril erdialdean geratu ginen protesta egiteko. Gu hitzarmenari buruzko informazioa ematen ari ginen, karteletatik aparte. Kartelak ere jarri ziren, hori egia da, baina guk, adibidez, ez. Pertsona asko geunden, Ertzaintza etorri zen, eta jende multzo horretako hiru identifikatu gintuzten. Gauza da tabernetako batean arazo bat egon zela, eztabaida bat. Inguruan zeuden ertzain batzuk etorri ziren, NAk eskatu zizkiguten hiruri, joateko eskatu ziguten, eta joan egin ginen, besterik gabe. Ez genuen pentsatzen isuna jarriko zigutenik horregatik. Gu informatzen soilik ari ginen, arazorik gabe joan ginen lasai, eta, sei hilabeteren ondoren, gutuna jaso dugu oso isun larriarekin. Guk ez genituen kartelak jarri, baina, gainera, ez zeuden kolarekin itsatsita ere. Ez zuten kalterik eragin, eta ez dute garbiketarako gasturik sortu. Zeloarekin jarri ziren, eta hurrengo egunerako ez zeuden han.

Orduan, zergatik uste duzu zigortu zaituztetela benetan?

Guk uste dugu hau kontu politiko bat dela, zalantzarik gabe, zeren Bilbon alde guztietan daude kartellak, eta guri 2.250 euroko isuna jarri digute… Neurrigabea da. Baina, gainera, gu ez gintuzten kartelak jartzeagatik geratu edo identifikatu. Emakume batekin hizketan ari ginen, azaltzen ez ginela haren kontra ari, gure eskubideen berri ematen soilik ari ginela. Ez zen bestelako arazorik izan.

Ordaindu duzu isuna?

Ez. Defentsarako dinamika bat egiten ari gara orain. Erasoa salatzen ari gara, eta kolektiboei deitu diegu laguntza, babes eske. Isunaren aurkako helegitea aurkezteko asmoa dugu, zeren hau desfase bat da. Gainera, ez digute isun bakar bat jarri; hiru jarri dizkigute, identifikazioa hartu ziguten bakoitzari bat. Guztira, 6.750 euro. Pixkanaka egingo dugu aurrera, baina aurrera jarraituko dugu. Ez dugu ontzat ematen gertatzen ari den hau.

Zigorrari aurre egiteko eta lan eskubideen defentsarako dinamika bat abiatuko duzuela jakinarazi duzue. Zertan datza?

Hori pentsatzen eta lantzen ari gara orain. Guzti hau aurreko astean etorri zitzaigun eta oraindik hitz egin behar dugu. Azkenean isunak ordaindu behar baditugu diru bilketa bat egitea pentsatu dugu, sare sozialetan gertatutakoaren berri ematea…

Edozein kasutan, antolatzen jarraitzeko asmoa duzue?

Noski; antolatzen eta eraso hauek salatzen. Nire soldata 700 eurokoa da! Ni sukaldaria naiz, astean 30 ordu lan egiten dut eta 700 edo 780 euro kobratzen ditut. Barregarria iruditzen zait egoera: ordaintzen ez zaigun lana egiten ari garela salatzearren isuna jarri digute; hiru hilabeteko soldata. Izugarria da.

Ostalaritzan lan egiten duzuenen egoeraz jabetzen da jendea?

Ez dakit zenbateraino. Ezetz uste dut, ez dela pentsatzen jarri ere egiten. Horregatik, informatzeko eskuorriak ere egin nahi genituen. Adibidez, zu taberna batera egunero joaten bazara eta pertsona bera ikusten baduzu lanean egunero… Ez dakit jendea pentsatzen jartzen den, baina… Horregatik nahi genuen informatu, eta langileok indar pixka bat hartu.