Irailean izango da, bigarrenez, Deiadar Xtreme mendi lasterketa

Irailean izango da, bigarrenez, Deiadar Xtreme mendi lasterketa

Peru Azpillaga Diez

Joan den urteko estreinaldiaren ostean, badirudi Deiadar Xtreme mendi lasterketak urte luzez irauteko asmoa duela. Irailaren 13tik 15era bitartean izango da deiadar mendiak oinarri dituen lasterketaren bigarren edizioa, eta, biltzen dituen hiru lasterketa moten ibilbidea findu ostean, aurreko urteko arrakasta gainditzea espero dute antolatzaileek.

Trail 52 Sport Mendi Klubak antolatzen du Deiadar Xtreme mendi lasterketa. Euskal Herrian 200 kilometroko distantzia duen lasterketa bakarra da, eta Bizkaiko tradizioan errotuta dago gainera. Izan ere, Deiadar Xtreme ultratrailak, Bizkaiko Batzar Nagusietara deitzeko erabiltzen ei ziren bost deiadar mendiak zeharkatzen ditu: Ganekogorta, Gorbeia, Kolitza, Oiz eta Sollube. Bost mendi horiek estrategikoki sakabanatuta daude, adarraren oihartzuna Bizkaiko lurralde osoan entzun zedin, eta, beraz, lasterketak berak ere, Bizkaia osoa zeharkatzen du, deiadarraren burrunba lau haizeetara zabalduz.

Gernika-Lumon hasi eta amaitzen den 200 kilometroko ibilbide gorabeheratsua du lasterketak, eta Bizkaia ikuspegi berri batetik ezagutzeko aukera eskaintzen du, gauez zein egunez. Besteak beste, lasterketak 32 udalerri, hamabost mendilerro, 25 gailur eta bi parke natural biltzen ditu. 22.000 metroko desnibel metatua du eta Bizkaiko hiru batzar nagusiak ere zeharkatzen ditu.

Ezaugarri teknikoei lotuz, erdi buruaskitasun formatua du lasterketak, eta, beraz, korrikalariek ibilbidean zehar hamazortzi anoagune izango dituzten arren, baliabide propioak ere eraman beharko dituzte. Gainera, bi bizi oinarri izango dira ibilbidean, Balmasedan 88. kilometroan eta Urkiolan 164. kilometroan. Horietan, partaideek janari beroa jasotzeko, jantziz aldatzeko eta dutxatzeko zein lo egiteko aukera izango dute. Irailaren 13an, 10:00etan abiatuko da lasterketa, eta, gehienez ere, 56 ordu dituzte partaideek ibilbide osoa egiteko.

Aurreko edizioan, 94 pertsonak eman zuten izena: 89 gizonek eta bost emakumek. Horietatik 59k amaitu zuten lasterketa. Gizonezkoen denborarik onena, Juan Romanok egin zuen, 31 ordu eta 50 minuturekin, eta emakumezkoena, berriz, Agurtzane Argigarrok, 44 ordu eta 22 minuturekin.

Deiadar Xtreme ultratrail lasterketaren exijentzia maila dela eta, antolatzaileek beste bi lasterketa mota ere antolatzen dituzte. Bata, Deiadar Ultra, 100 kilometroko lasterketa da, Sollube eta Oiz deiadar mendiak zeharkatzen dituena. Larunbat gauerdian abiatuko da, eta 24 ordu dituzte partaideek 10.600 metroko desnibel metatuta duen ibilbidea egiteko. Bestea, Deiadar Maratoia da, 42 kilometro luze den ibilbidea. Irailaren 15ean 09:00etan abiatuko dira partaideak, eta, besteak beste, Sollube mendia igotzea izango du oinarri. Deiadar Xtreme lasterketan bezala, Gernika izango dute abiapuntu eta helmuga beste bi lasterketek ere. Horretaz gain, deiadar mendiak igotzeko lehiakortasunik gabeko martxak antolatuko dira, korrikalarien igarotze momentuarekin bat eginez.

Mendiarekiko errespetua

Lehiaketa bat izatetik harago, Deiadar Xtreme lasterketak, mendizaletasunaren berezko balioak sustatzea du oinarri, eta, horregatik, egitasmo osoan zehar, ingurumenarekiko errespetua erabatekoa izatea nahi dute antolatzaileek. Hori dela eta, arreta berezia jarriko dute ingurumenaren kontserbazioarekin lotura duten araudiko neurriak betetzen, eta, ahal den neurrian, saiatuko dira zaborrik ez sortzen. Esate baterako, anoaguneetan ez da edalontzirik izango eta partaide bakoitzak ontzi birziklagarri bat eraman beharko du. Era berean, haien zaborra markatu beharko dute partaideek eta eramateko poltsa bana ere izango dute.

Berrikuntza bat ere izango da aurtengo edizioan. Mendiaren baloreak aldarrikatzeko, Deiadar Xtreme lasterketak mendizaletasunaren munduan modalitate ezberdinetan murgildutako bizkaitar bat omenduko du urtero. Alex Txikon alpinista izango da omenaldi hori jasoko duen lehenengo protagonista, Nanga Parbat mendia neguan eskalatu duen lehenengo mendizalea.

Omenaldia jasotzeaz gain, Txikonek 100 kilometroko Deiadar Ultra lasterketan parte hartuko du. Dena den, ez da alpinistarentzako lehendabiziko aldia izango; izan ere, zortzimilakoetan eskarmentu handia izateaz gain, mendi lasterketetan ere parte hartu izan du behin baino gehiagotan.