Ikusi-makusi

Igor Elordui Etxebarria

Zer ikusi? Gauza bat ikusi. Zelan hasten da? Hasten da, hasten da… “a”-tik. Argia? Nola argia, laztana; ez, ez da argia. Aulkia? Ez, ez da aulkia. Abioia? Non ikusten duzu zuk abioi bat, alabatxu? Arbola? Ez, izan zitekeen arbola, baina ez da. Autoa? Baaaaai, autoa da.

Baina ez auto bat, ez; zientoka auto, milaka auto, errepidean, hara eta hona. Auto handiak eta auto txikiak; auto zaharrak eta auto berriak. Sorterrira itzultzen ari diren autoak eta sorterritik urruntzen ari diren autoak. Goraino gauzez lepo doazen autoak eta apenas maletatxo bat daramaten autoak. Sabairik ez daukaten autoak eta sabaian “etxea” daramaten autoak. Gidaria besterik ez doazen autoak eta bost, sei, zazpi, zortzi… lagun barruan doazen autoak. Helmugara ailegatuko den autoa eta ailegatuko ez dena.

Ikusi-makusi. Zer ikusi? Gauza bat ikusi. Zelan hasten da? Hasten da, hasten da… “i”-tik. Ilargia? Ilargiaaaaa? Eguna da eta! Ez, ez da ilargia. Irratia? Ez, ez da irratia. Itsasoa? Ez da itsasoa, baina bero-bero… Ba, orduan, itsasontzia, aita? Bai, itsasontzia da. Begira, han ikusi ahal dira pare bat itsasontzi; ikusten dituzu? Haiek handiak dira, gainera; erraldoiak. Itsaso zabalean, joan-etorrian, pertsonak, eta autoak ere bai, batera eta bestera garraiatzen ibiltzen diren horietakoak.

Mediterraneoa itsasontziz zeharkatuz familia osoak, eta singleak. Txakurrarekin bidaiatzen dutenak eta eramangarriarekin bidaiatzen dutenak. Kamarotedunak eta kamarote bakoak. Italiarrak, espainiarrak, frantsesak, alemaniarrak, ingelesak, euskaldunak… Afrikarrak gutxi. Afrikarrek ez dute halako itsasontzietan Mediterraneoa zeharkatzen. Afrikarrek askotan ez dute lortzen Mediterraneoa zeharkatzea ere; halako itsasontziek ez dituztelako naufrago afrikarrak artatzen, besteak beste.

Ikusi-makusi. Zer ikusi? Gauza bat ikusi. Zelan hasten da? Hasten da, hasten da… “a”-tik. ostera ere “a”? Ez da, ba, berriro autoa izango, e, aita? Ez, ez da. Autobusa da? Ez, ez da autobusa. Argia? Ez ba, argia igarri bai, baina ikusi… Baina argia pizteko botoia bai. Bai, botoia bai, baina ez da. Aulkia? Ez, orain ere ez da aulkia; baina pista bat: lehen ezetz esan dizudan gauza bat da, gora begiratzen baduzu… Abioia! Abioia! Bai, orain bai bada abioia, hortxe, gure muturren aurrean. Nora joango da hori hegazkin hori?

Uda. Oporrak. Hasi da exodoa promestutako atsedenaldira. Kapitalismoaren asmakizun perfektua da urtebetez kasik jo eta fuego lanean aritzea, geroago dirua xahutzera beste norabait joateko. Hori horrela, munduko parte honetako gehiengo batek, deskantsua behar edota merezi duen usteari men eginez, bizitzaz benetan gozatuko du ez dakit nongo etxean edota ez dakit norako bidaian… hamabost egunez? hilabete batez? Nola daiteke bizitzaz hilabete batez etxetik kanpo gozatzea hamaika hilabetez etxean goza ezin badaiteke? Horrela dela sinetsarazita gaude ala, okerragoa, horrela ote? Ikusi-makusi…