Hil osorako musika pilulak

Hil osorako musika pilulak

Natalia Salazar Orbe

Jaialdi erraldoiak eta makro ekitaldiak nagusitzen ari diren garaiotan, herritarrei kalitatezko musika, dantza eta antzerkia pilula txikietan eta hilabete osoko asteburuetan eskaintzeko betiko asmoari eutsiko dio, beste urtebetez, Musikairek. Elorrioko Arriola kultur elkarteari esker, hamasei ikuskizunez gozatzeko aukera izango dute herriko bizilagunek zein bisitariek, gaur hasi eta hil osoko asteburuetan barreiatuta. Hori guztiori, doan.

“Programazio eklektikoa” iragarri du, ohi bezala, Aitor Iriarte Arriola kultur elkarteko kide eta jaialdiaren antolatzaileak. Herriko plaza eta Lariz, Tola eta Jara jauregiak izango dituzte agertoki Elorriora bilduko diren “maila handiko musikariek”. Herrian izango dira, besteak beste, Arturo O’Farrill, Ray Fernandez, Maureen Choi edota Robert Smith Bluesband.

Atzerritik etorri eta horietako batzuek izen handia izan arren, artista horien ondoan tokiko bertako ordezkariei ere berdin nabarmentzeko maila aitortu die Iriartek. “Badirudi kanpotik datozenek aparteko aura dutela. Baina Joseba Tapia gustuko baduzu, Arturo O’Farrill hobea da?”, galdetu du, norbere gustuen garrantziari aipamen eginda.

Musika, nagusi

Jaialdia 2001ean abiatu zutenetik bertatik argi izan zuten zer-nolakoa izango zen: “Ez genuen nahi asteburu batean herria hankaz gora jartzea eta izandako bisitari kopurua zenbatzea, eta gero udan zehar herria basamortu bihurtzea”. Artearekiko gerturatze hori ohitura bihurtzeari eman diote garrantzi handiagoa: “Bertakoa zara? Begira zer-nolako aukera daukazun: kalera atera, paseoan ibili, kafe bat hartu eta gauez ordu eta erdiko ikuskizuna izango duzu. Eta hurrengo egunean, gauza bera. Normaltasun osoz. Herrira muntaketa izugarria eraman gabe”.

Jaialdiaren ardatza musika da, ikus-entzuleek urte osoan Arriola antzokian izaten dutelako aukera mordoa antzerkiaz gozatzeko. “Hamabostean behin programatzen dugu antzezlan bat. Musikarekin jendea aretora erakartzea gehiago kostatzen zaigu. Hala, Musikaire baliatzen dugu ikuskizun horiek aurrera ateratzeko”.

Plazako emanaldiek kontzertu itxura hartuko dute. Jauregietan egingo dituztenak, ostera, errezital gisa aurkeztu ditu: “Jauregietako ugazabek bi asteburutan barrura sartzen uzten digute. Barruko lorategietara sartzen bagara, formatuak ere bat egin behar du lekuarekin. Ezin zara jauregian sartu, eta burrunba handiko ikuskizuna ekarri”. Horiek eserita entzuteko errezitalak izaten dira, “jazz ukituarekin”.

Elorrio klasikoa gisa ermitetan eta herriko bestelako lekuetan formatu txikiko kontzertuen gisara hasi zen jaialdiak gainezka egin zien antolatzaileei. Proiektuaren arrakastak bultzatuta, leku berrien bila abiatu behar izan zuten. Herriak aukera mordoa du: monumentu historiko eta artistiko izendatuta dago. Ezkutuko paraje horietan bilatzen hasi, eta jaialdia are erakargarriago bilakatu zuten lekuak aurkitu zituzten: jauregiak.

Jakin-mina piztu zuten. “Esango nuke hasieran jende gehiago etortzen zela jauregiko lorategia ezagutzearren, ikuskizunera baino”. Jauregietako lorategiek berezko duten erakargarritasuna areagotzen saiatzen dira, gainera, eta eremua girotzen, batez ere, argiztapena baliatuta.

Igande arratsaldeetarako dantza garaikidea eta antzerkia plazaratzeko helburua ezarri diote beren buruari. “Lan luzeak programatzea baztertu genuen, astun samarrak gerta zitezkeelakoan. Hamabost minutuko piezak aukeratzen saiatzen gara; bata bestearen atzetik jarrita, ordubeteko ikuskizuna osatzen dugu. Jendearentzako askoz erakargarriagoa izaten da formatu hori”. Jara jauregian ikusi ahalko dira mikroantzerki lanak. Plazan egingo dituzte, berriz, dantza garaikideko piezak.

Antolatzaileek ia 100.000 euroko aurrekontua izan dute 11 eguneko programa osatzeko. Arriola antzokiaren oporraldian eskaintza kalera aterako dute haren bidez. Gora begiratu, eta eguraldiak ateri eustea dute orain ardura nagusia, jaialdiaren xarma ez zapuzteko. “Euria bada elizpera edo antzokira joan behar izatea pena da”.