Doinu tradizionalak, argitara

Doinu tradizionalak, argitara

Ane Maruri Aransolo

Gabon gau aurreko bederatzi goizalde ilun eta hotzetan 04:00etan elkartzen dira Gernika-Lumoko marijesiak. Hala, herritarrei Gabonak iragartzeko asmoz, goizalde hotzak berotasunez betetzen dituzte.

Gabon koplak dira, Gabonak iragartzeko elementu sinbolikoak. Bizkaiko hainbat herritan ateratzen dira kalera marijesiak, eta, lekuan lekuko tradizioari jarraituz, bakoitzak bere erara abesten ditu ohikoak diren kantuak. Marijesiak, abenduak, kebonikuak…, hainbat izen dituzte, baina kantatzen dituzten abestien hitzak, doinuak zein erritmoak antzekoak dira han eta hemen.

Gernika-Lumon, urte luzez errotutako tradizioa da. Azken urteetan, gainera, gorakada izan du bizirik jarraitzen duen ohitura zaharrak, eta kultur ondare hori batu, gorde eta ezagutarazi nahi dute marijesiek. Hala, multimedia proiektu bat abiarazi dute, ikus-entzunezko zein idatzizko materiala gizartean zabaltzeko: “Teknologia berrien bitartez iragana eta oraina batu gura ditugu geroa zaintzeko, hurrengo belaunaldiek tradizio hori berenganatzeko”.

Hori horrela, abenduaren 14rako dokumentala, liburuxka eta diskoa kaleratzea eta euskarri digitalera salto egitea aurreikusi dute; egun horretan, aurkezpen ekitaldia egin gura dute Lizeo Antzokian, “dokumentala eta multimedia proiektua herritar guztiei ezagutarazteko”. Orain, egitasmo hori gauzatzeko lanean dabiltza; grabaketa lanak egiten ari dira. Abenduan, dokumentalagaz eta diskoagaz, marijesien gaur egungo doinuen, ibilbideen eta berezitasunen berri eman nahi dute. “Gainera, gaur egungo koplak argitaratu gura ditugu, azalpen eta guzti”, aitortu dute. Horretarako, idatzizko bi liburu kaleratuko dituzte; bata, hiru hizkuntzatan idatzita egongo den liburua izango da (hitzen zabalkunderako), eta bestea, berriz, ikerketara bideratutako liburua. Ikerlan hori 2020. urtean kaleratzea aurreikusi dute, eta inoiz kaleratu ez den dokumentazioa agertuko da.

Webgune berriaren bitartez, berriz, gizartearen eskura jarriko dute informazio guztia.

Tradizio “zabala”

Gernika-Lumoko marijesiak dira proiektuaren abiapuntua, baina ez dituzte ahaztuko Bizkaiko beste herrietako marijesiak; besteak beste Ea, Gautegiz Arteaga, Busturia, Ibarrangelu, Muxika, Mendata, Lekeitio eta Iurretakoen tradizioak aintzat hartuko dituzte. Hala, dibertsitate zabaleko ohitura dela erakutsiko dute.

Proiektuari esker, belaunaldiz belaunaldi Gernika-Lumoko marijesiek eduki duten eboluzioa eta garapena aztertu dituzte, eta udalerriaren berezko historian eta kulturan marijesiek duten garrantzia horri balioa eman gura diote.

Argi diote ez dela lan erraza izan proiektua garatzeko behar duten informazioa lortzea eta dokumentatzea, materialak leku eta euskarri desberdinetan sakabanatuta baitaude. Hango eta hemengo artxibategiak bisitatzen ibili dira; Baionako Euskal Museoa, esaterako. Hala, denetariko idatzietatik eskuratu dute informazioa.

Pedro Garratzak 1919. urtean argitaratutako liburuxkan Gabon aurreko kopla batzuk bildu zituen, ordura artekoak, eta, lan horri esker, garai hartako abestietako koplak ezagutu ahal izan dituzte ikerlariek. 1951 eta 1955. urte bitartean Gaubeka inprentak argitaratutako idatziak ere aztertu dituztela adierazi dute, bai eta etxe eta baserrietan aurkitutako eta argitaratu gabeko hiru eskuizkribuak ere. Sebero Altube, R.M. Azkue edota Manuel Lekuona ikertzaileen lanak ere begiztatu dituzte proiektu honetarako.

Ez dira asko, baina badaude marijesiei buruzko idatziak. Ez, berriz, soinu lanketarako erregistro nahiko. “Artxibo soinudunen falta nabarmena da. 2008. urtea baino lehen egindako grabazio bi besterik ez daude: bata, historikoa, 1967koa, eta bestea 2001. urtean landutakoa; 2001ekoa, baina, ez da gaur egungo marijesien isla zuzena”, aitortu dute proiektuaren bultzatzaileek.

Hala, urtez urte emandako garapenaren errealitatea ahalik eta hoberena islatzeko, oraingo eta lehengo marijesiak elkarrizketatu dituzte, euren esperientzia eta bizipenak jasoz; 40 pertsona baino gehiagoren sentsazioak eta errealitateak jaso dituzte dokumentalerako. Testigantzekin, ahoz aho transmititu den ohitura ahotsez zabaldu nahi dute.

Testigantza horiek, gainera, leku historikoetan grabatzen ari dira; Segundo Olaeta Musika Eskolan, esaterako. Berezia da musika eskolaren eraikina; izan ere, marijesien geraleku finkoa zen; bertan beti gelditzen ziren. Hala, eraikinaren jabe Rufino Unzetak agindu zuen 1967ko marijesien disko historikoa grabatzea. “Esan ohi da alaba etxetik joan behar zitzaionez, eta etxeko ohiturekin gogoratzen jarraitzeko asmoz, marijesien koplak grabatzeko agindua eman zuela. Diskoa gaur egun musika eskola den eraikinean grabatu zen”, aitortu du Amagoia Lauzirika Gernika-Lumoko Marijesien kideak.

Disko hori dokumentalean erreproduzituko dute, eta lehengo eta geroko doinuen arteko desberdintasunak aztertuko dituzte.

Marijesien antolakuntzaz, prestaketaz edota ibilaldiez ere hitz egingo dute multimedia proiektuan. Bederatziurrenean udalerriko txoko guztietara heltzeko bide desberdinak egiten dituzte, eta horien antolakuntzaz hitz egingo dute bakarlariek. Lidergoa erakutsi behar dute bakarlariek, eurei jarraitzen baitiete taldeek, euren koplei erantzunak emanez. Hartu eman horiei buruz ariko dira dokumentalean gaur egungo eta antzinako bakarlariak, eta euren esperientzia bat edo beste kontatuko dituzte.

Jatorriz gizonezkoena den ohituran, iaz, bakarlari modura estreinatu da Ane Miren Arejita abeslari gernikarra; bera da marijesien historian bakarlari lanetan aritu den lehen emakumezkoa. Idigi dira zeruko, ate diamantezkoak estrofa abestu zuen iazko abenduaren 22an, eta esperientzia hori oso hunkigarria izan zela dio: “Txikitatik entzun ditut marijesiak, eta bakarlari modura aritzea oso berezia izan zen. Gurasoak ere oso hunkituta zeuden”.

Arejita izan da lehen emakume bakarlaria, horrek dakarren konpromiso eta pisu sinbolikoagaz. Baina taldean urte luzez egon dira andrazkoak, bakarlariari gau hotzetan erantzunak emateko prest.

“Marijesien aspaldiko ekimena da berdintasunaren bidea egitea, eta marijesien artean normaltasunez egin dugu”, diote Marijesien taldeko kideek. Bakarlariei dagokienez, berdintasunaren bidea egiten jarraitu behar dutela diote, baina kantarien artean lortu dute. Egun, %50 baino gehiago izaten dira emakumeak, eta hori gizartearentzako “bide erakusgarria” da. Hala ere, hainbat sasoitako gorabeherak azalduko dituzte andrazko marijesiek. Eta gaur egungo gazteen ikuspegia zein den ere landuko dute, “belaunaldi barrien iritzia jakiteko”.

Izan ere, ohitura zaharra denak indarra eta bultzada hartu du azken hamarkadetan 1970etik gaur egunera bitartean. Bilakaera horretan, identitate sentimenduak gero eta pisu handiagoa hartu du, Marijesien iritziz, eta horrek eragin du taldea ugaritu, finkatu, generoaren arabera normaldu eta bizirik mantentzea.

Entzun egiten dira, gozatu. Leihotik doinuak iristean, agurtu egiten dute askok, eta eskerrak ematen dituzte beste batzuek. “Marijesiak gernikarron emozio eta identitate ikurra dira. Gernikarrontzat koplak, kantariak, ohitura eta entzuleak dira marijesiak”. Hala, herritarrek abenduko 16tik 24ra bitartean marijesiei egiten dizkieten keinuak ere jasoko dituzte proiektuan; direla argi keinuak, leihora ateratzeak, agur egiteak edota jatekoak eta edatekoak eskaintzea. Identitatea noraino iristen den erakutsiko dute.

Proiektuaren finantzaketa

Gernika-Lumon errotutako tradizioari buruzko multimedia proiektu hau aurrera eramateko eta Bizkaiko kultura ondarea bultzatzeko, hainbat iturriren beharrizana dute Marijesiek. “Finantzaketa osoa betetzeko, hainbat diru iturritara jo dugu. Proiektuaren %30 daukagu ziurtatuta, BBK Fundazioak eman diguna hain zuzen”, azaldu du Iñaki Uribarrena idazkariak. Halaber, Gernika-Lumoko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza ere edukiko dute, baina zenbatekoa zehaztu gabe dago. Herriko enpresa batzuei ere eskaera zuzenak egingo dizkietela aitortu dute, geratzen zaiena betetzeko: “Denen laguntza behar izango da”.