‘Denontasuna’ ospatzen

‘Denontasuna’ ospatzen

Lander Unzueta Lekerikabeaskoa

Espazio publikoak denentzako direla argi dago gizartean. Edo hala uste da, gutxienez. Herritarrentzat libreak diren guneak errespetuz zaintzea eta horietan denei zuzendutako egitasmoak sortu, prestatu eta egitea normaltzat jotzen da; espazioen erabilera, ordea, mugatu egiten da askotan.

Hala ere, badaude denontasun hori zabaldu eta gune publikoei bizi berri bat eman nahi dietenak. Esaterako, Mundakan joan den urtean ospatu zuten lehenengo bider Danona Donea jaialdia. Izen bereko herri plataformak antolatutako jaialdia Santa Katalinako baselizan egin zuten, uda garaian.

Herri plataforma, hasieran, Mundaka Festival musika jaialdi handiari aurre egiteko sortu zen. Izan ere, plataformako kideen arabera, besteak beste, Santa Katalinan bertan egin izan duten jaialdiak ez du Mundakako txoko berezi hori errespetatu izan. Leku publiko hori itxi eta herritarrei bertara libreki sartzeko aukera kentzen zietela salatu izan dute plataformako kideek, eta, hain zuzen, horren aurkako adierazle gisa sortu zuten Danona Donea plataforma.

‘Zulo irekia’

Horrela, jaialdi desberdin eta alternatibo bat egiteko aukera planteatzen hasi ziren mundakarrak. Sinpletasuna oinarri hartuta, nahasmen kultural eta artistiko bat ekarri nahi izan zuten Santa Katalinara. Jaialdi komertzialetatik urrundu, horiek ekartzen duten argi eta zarata kutsadura ahaztu, baseliza dagoen txoko berezi hori aintzat hartu, eta mundu guztiari, edozein adin, genero edo jatorriko herritarrei, zuzendutako egitasmoa prestatu zuten.

Antolatzaileek adierazi dutenez, Danona Doneak, zulo irekia izeneko ereduagaz esperimentatzen du. Eredu horrek “sormen kolektiboa eta bat-batekotasuna, nahastea, sorpresa eta konexio sortzailea” sustatu eta bultzatzea du helburu. Hori dela eta, jaialdi alternatiboak ez du inolako agendarik. Plataformakoek herritar guztiei hurreratzeko deia egiten diete, baina baita parte hartzekoa ere. Izan ere, jaialdiagaz bat egin nahi dutenen ideiak, proposamenak eta ekarpenak ezinbestekoak dira Danona Donearentzat.

“Gunean bildutakoen proposamen guztiak ondo etorriak diren biribiltasunean bihurtu nahi ditugu”, diote antolatzaileek. Zer esan nahi dute horrekin? Edozein motatako egitasmo kultural eta artistikori bere txokoa eskainiko diotela: besteak beste, dantzari, musikari, antzerkiari, olerkiari, irakurketari, solasaldiari eta edozein eratako ikuskizunei. Batez ere, jendarteko esperimentazioa barneratu nahi du Danona Doneak.

Bertan direnek nahi dutena

Hala, antolatzaileek proposamen sinple bat egiten dute jaialdia aurrera eraman ahal izateko: egitasmoa hasteko garaian, bertan bildutakoek egin nahiko luketen edozer gauza proposatu, eta, taldetan banatuta, horiek gauzatu nahi dituzte. Kontzertu txikiak, liburu baten pasarteen irakurketa, gastronomia errezetak, ingurumen hezkuntzari lotutako hitzaldiak… denak du bere lekua Santa Katalinako jaialdian. “Parte hartuko duen edozeinentzat esperientzia bera aberasgarria izango delakoan gaude; ikasketa, loturak, sormen piztaldia, ideia bereziak eta bertan sortuko zaiguna saria izango delakoan”.

Iazko egitasmoa horrela gozatu zuten. Txalapartarien ikuskizunek edota dantzek hartu zuten baselizaren ondoko zelaia. Balorazio oso ona egin ostean, oinarri berari jarraituta jaialdia hobetzeko asmoagaz datoz bigarren aldi honetan.

Izan ere, zulo irekia deritzon eredu hori beste udalerri batzuetara zabaltzeko esperantza dute Mundakakoek. Bide horretan, hainbat solasaldi eta ekitaldi egin dituzte bai Busturialdean bai eskualdetik kanpo, Bilbon esaterako. Han zabaldu dutenez, aipatutako denontasun horren barnean, autogestioa nabarmendu nahi dute.

Ez argindarrik, ez txosnarik

Danona Donea elektrizitaterik gabeko ospakizuna izango da. Agertokiak eta txosnak ere alde batera utziko dituzte, Santa Katalinak “txoko eder bat” eskaintzen baitu. Janaria eta edaria norberak eramatea proposatu dute, gainera. Izan ere, jaialdiak zabaldu nahi duen mezuetako bat da “espazio publikoen denontasuna zaintzea”.

Finantzaketari dagokionez, jaialdiak inolako diru sarrerarik ez duela izango azpimarratu dute plataformako kideek. “Parte hartuko duen edozeinentzat aberasgarria izango da esperientzia bera, bertan sortuko dena sari izango delako”. Dena dela, interesa duten artistak aintzat hartu, eta horiei beren produktuak salgai jartzeko aukera eskaini diete: “Artistak diru premia balu, bertan izan dezake aukera ikus-entzuleek nahi dutena ematea bideratzeko”.

Kulturaren topagune izanik, hizkuntzaren aldarria ere egin nahi du Danona Doneak. Euskaratik jaiotako egitasmoa dela nabarmendu dute antolatzaileek, eta hizkuntzari ere bere lekua eskaini nahi diote, transformatuz joango den agenda horretako jardueretan txoko bat eginik. Hala ere, beste hizkuntzei ere aterpe bat eskainiko dietela jakinarazi dute. Argi dute jaialdiak, sortzetik, asko hazteko nahiaren ordez, “zabal zabaltzeko gogoa” duela, eta horren alde borrokatzeko prest daudela diote plataformako kideek.

Hori dela eta, hurrengo larunbatean, uztailaren 13an, Mundakara joan eta jaialdi alternatibo eta desberdin horretan parte hartzeko gonbita egin diete herritar guztiei. 12:00etan biltzeko asmoa dute, Santa Katalinan. Izen ematea ere ireki dute, Danona Donearen sare sozialen bitartez, nahi duenak joango dela baieztatu, eta, horrela, antolaketa errazten laguntzeko. Azaldu dutenez, partaideek izen ematea ez da derrigorrezkoa, baina jaialdian parte hartu nahi duenak aldez aurretik ideiak emateko eta proposamenak gehitzeko aukera duela adierazi dute, horrela aha lik eta jaialdirik bereziena prestatzeko asmoagaz.