Lindano hondakinak garbitzeko neurriak galdegin dituzte

Lindano hondakinak garbitzeko neurriak galdegin dituzte

Peru Azpillaga Diez

Asko izan dira tokiko udalen eraketen lurrikarak sortutako arrakalak. Egoera instituzional berria ikusirik, Ekologistak Martxan elkarteak bizitza politikoaren erdigunean kokatu nahi izan du aspaldi abiatutako lindanoaren aurkako borroka. Hori dela eta, dei egin die hondakin toxikoen ondorioz kalteak jasaten dituzten udalerriei, garbiketa eta birsorkuntza neurriak “behingoz” martxan jar ditzaten.

Gogoratu dutenez, martxoaren 27an Eusko Legebiltzarrak aho batez adostu zuen lindanoaren kutsadurari aurre egiteko legez besteko proposamena, eta, horren bidez, Eusko Jaurlaritzari galdegiten zion lindanoaren kalteak jasaten dituzten udaletan Gizarte Ekintza Mahai Sozial eta Instituzionalak eratzea bultzatzeko. Horregatik, eskatu dute hondakin toxikoaren kutsadurak kaltetutako udalerriek neurri aktiboak har ditzaten lindanoari aurre egiteko.

Horretarako, Tokiko Ekintza Mahaiak eratzeko idazkiak bidali dizkiete udal horiei: Bilbo, Barakaldo, Trapagaran, Erandio, Sondika, Mungia, Santurtzi eta Gasteizi. “Lindanoa Euskal Herriko ingurumenari kalte egiten dion arazo iraunkor eta metagarria da; hondakinak bezala. Bere kalteak eta arriskuak indarrean mantentzen dira eta aldizkakotasun handiegiarekin agertzen dira”, salatu dute bidalitako oharrean.

Azaldu dutenez, lindanoaren kutsadura substantzia toxiko eta arriskutsuak fabrikatzen ziren garaitik eratorria den arren, ingurumenean eragiten duen kaltea eta osasun publikorako duen arriskua instituzioen “ardura zuzena” dira. “Instituzioek kutsadura iraunkor hau amaitu behar dute, neurri zehatz eta koordinatuen bidez. Ezin dugu lindanoaren arazoa, hainbeste urte igaro ostean, bere horretan mantendu iraganetik eratorritako arazoa dela argudiatuz”, erantsi dute.

Izan ere, lindano lantegiak orain dela 30 urte baino gehiago itxi ziren arren, substantzia kutsakor horren ondorioek gure lurretan jarraitzen dute. Urteetan pestizida gisa erabili zen lindanoa, eta zenbait gunetan nekazaritza lur horiek kutsatu zituen, baina, Bizkaian, lantegietan sortutako hondakin toxikoen isurketek eragin dute gaitza. Euskal Herrian, lindanoa ekoizten zuten hiru enpresa egon dira; hirurak Bizkaian.

Lur azpian gordetako gaitza

Desagerrarazi beharreko material arriskutsu gisa izendatua du Nazio Batuen Erakundeak lindanoa, eta 2008. urteaz geroztik erabat debekatuta dago. Bizkaian, 1990eko hamarkadan utzi zitzaion sortzeari, baina jarduera horren ondorioek gure artean jarraitzen dute, lurpean ezkutatuta. Kutsatutako gune guztien artean, Trapagarangoa, Lemoizkoa, Santurtzikoa eta Bilbokoa dira ezagunenak. Eraginkortasun gutxikoa zen lindanoa sortzeko prozesua tona bat lindano ekoizteak bederatzi tona hondakin sortzen zituen, eta, beraz, erraz botatzea funtsezkoa zen errentagarria izateko. Horregatik, nonahi eta nolanahi bota zuten: ohiko zabortegietan zein basoetan, era ofizialean zein ezkutuan; kontrolik eta segurtasun neurririk batere gabe.

Lindanoa oso substantzia kutsakorra da, iraunkorra, eta gorputzean pilatzen dena. Irentsiz gero, gorputzean geratzen da, baina baita arnastu edo ukituz gero ere. Esate baterako, Lehen Mundu Gerran gaseztatzeko erabili zen, eta gerra hartan heriotza gehien eragin zituen substantzia izan zen. 2015. urtetik, gainera, Osasunaren Mundu Erakundeak minbizia sortzen duten gaien artean zerrendatua du; lehen taldean, gainera: toxikoak eta minbizi eragileak direla frogatua dutenen zerrendan.

Luzaroan kontrolik gabe edonon bota ostean, Bizkaiko hainbat lurretan irauten du oraindik ere lindanoak; besteak beste, erreka eta ibaiak kutsatuz. Horrek eragin zuzena du bizkaitarren bizitzan, jakin ez arren, erreka eta urtegi horietatik uste baino gehiagotan hartzen baita ura baratzeak ureztatzeko, eta, gainera, badirelako erreka horietatik edaten duten abereak.

Hain zuzen ere, hori da Oiolako urtegiaren kasua. Lindanoz kutsatutako gunerik ezagunena da urteetan Barakaldo, Sestao eta Alonsotegi urez hornitu dituen urtegia. 130.000 pertsona baino gehiagori edaten eman die, gutxi gorabehera. 2008an lindano maila handia antzeman zuen Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak, araudiek onartutako muga baino hamabi aldiz handiagoa. Ikerketa egin ostean, ez zuten argitu nondik zetorren kutsadura, kontrolik gabe egindako isurketaren bat baitu jatorrian. 2014az geroztik, urtegiko ura ez da etxeetara heltzen, baina lindanoak bertan jarraitzen du, eta abereek ur hori edaten dute.

Jatako zabortegia da lindanoaren kutsaduraren eta horri aurre egiteko utzikeriaren beste adibide esanguratsu bat. Lemoizen, Jatako zabortegiaren ondoan, lindanoa zegoela jakinarazi zion herritar batek Ekologistak Martxan-i, modu anonimoan. Hauts zuri gisa, hainbat multzotan pilatuta, 60-80 tona daudela kalkulatzen da, basarte batean ezkutatuta, sasitza eta eukalipto sail batean.

Horretaz gain, beste hainbat foku ere badira Bilbon eta Santurtzin, esaterako, eta, horregatik, Ekologistak Martxan-ek argi utzi nahi izan die kaltetutako udalei badela garaia neurriak hartzeko. Izan ere, kasu horiei guztiei gehitu behar zaizkie 1990eko hamarkadan hondakin arriskutsuak modu kontrolatuan gordetzeko eraikitako biltegiak. Ezagunenak Leioan, Barakaldon eta Loiun daude, eta, biltegian gordetako gai toxikoek arriskurik sortzen ez badute ere, behin-behinerako dira: 30 bat urteren ostean, atera egin behar dira.