Kaleen artean liluratzeko aldia

Kaleen artean liluratzeko aldia

Aitziber Laskibar Lizarribar

Ametsen munduan murgiltzeko aldia badator Bilbora; ilusioak hegan eramaten uztekoa, begiek harriduraren harriduraz dir-dir egin dezaten baimentzekoa, sentimendu berriak esperimentatzekoa eta komunikatzeko modu berezien bidez zenbait egoerari buruz hausnartzekoa ere bai. Hori guzti hori kalean, beste ehunka pertsonaren ondoan bizitzekoa. Astelehenean hasiko da Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdia, Bilboko Kalealdia.

Hogeigarren aldia du aurtengoa, eta urtetik urtera handituz joan den egitasmoa sekula baino hobea izango dela agindu dute sustatzaileek. Nazioarteko 29 konpainiak 80 emanalditik gora egingo dituzte astelehenean hasi eta igandera bitartean. Kalean eta dohainik ia denak. Kaleko arte eszenikoen nazioarteko panoraman lehen mailan dauden konpainien proposamenik berrienak izango direla nabarmendu du antolatzaile den Bilboko Udalak; gure artean ikusi ahalko diren lan askok saria jasoa dutela Bilbon erakutsiko duten lanagatik.

Ez hori bakarrik. Estreinaldiak ere izango dira Kalealdian; Euskal Herri mailako estreinaldiak, eta erabateko estreinaldiak ere bai. Berezia da horietako bat, ikuskizunetik harago doana: Ipar Euskal Herriko Mysterieuses Coiffures konpainiak fantasiazko mundu batera eramango ditu ikusleak; sentimen proiektua eramango du, ikusteko baino gehiago sentitzekoa izango dena. Hartarako espresuki landutako dekoratuen bidez, hiru giro diferente sortuko dituzte Casilda Iturrizar parkean. Jaiaren munduan dena izango da kolore, dena jolaserako dei. Loreen munduan landare orrazkerak egingo ditu “ile apaintzaile zoroak”, eta ingurua lorez apaintzeari begirako sorkuntza tailerrak ere egongo dira bertan. Samurtasunaren, baretasunaren eta soseguaren mundua, berriz, egon, etzan eta amesteko gunea izango da, “burua hodeietara eramatekoa”.

Teatro due Mondi Italiako konpainiaren Como crepe nei muri / Wall Cracks kaleko antzezlana izango da beste erabateko estreinaldi bat. Harrien eta hesien bitartez egunero eraikitzen diren hormei eta mugei buruz ari da lana, gainditzeko ezinezkoak diren hormei buruz, baina baita beldurraren eta konfiantza faltaren bitartez pertsonen artean eraikitzen diren hormei buruz ere.

Hausnartzeko ere bai

Euskal talde batena da erabateko beste estreinaldia ere: Hortzmuga taldearena. Migrazioaren gaia lantzen du Bidaia lan berrian. Gizarte gogoetarako tresna gisa erabiliko du kaleko antzerkia, eta herritarrak emanaldiaren parte bihurtuko ditu, formatu biziko ekintzaren elementu aktibo gisa. Hortzmugarena ez da izango migrazioaren inguruko hausnarketa sustatuko duen talde bakarra.

Eta izango dira euskal talde gehiago ere; guztira, hamar. Dikothomia taldeak, esaterako, [e.go] lana eramango du Bilbora, Leioako Umore Azokaren azken ekitaldian Euskal Ikuskizun Onenaren saria irabazi zuena. Pertsona bakoitzaren barne mundu diferenteak azalaraziko ditu zirku garaikideko konpainia horrek.

Deabru Beltzak, Barsanti Cia, Malas Compañias, Markeliñe, Natxo Montero, Trakamatraka eta The Funes Troup izango dira Kalealdian parte hartuko duten beste euskal taldeak. Kaleko ikuskizunak, clowna, zirkua eta dantza eskainiko dituzte, eta material birziklatuarekin egindako musika tresnekin sortutako esperientzia ere bai.

Kokaguneei dagokienez, Casilda Iturrizar parkea izango da ekitaldi gehienen agertoki, batez ere astelehenetik asteazkenera bitartean; “aire zabaleko antzoki handi” bilakatuko da parkea egun horietan. Gainerako egunetan, Areatzan, Arriaga kanpoaldean, Plaza Barrian eta Santiago plazan izango dira ikuskizunak.