Instrumentalizazioaren aurka

Instrumentalizazioaren aurka

Aitziber Laskibar Lizarribar

“Gure izenean ez!”. Argi esan dute Bizkaiko E28 koordinakundeko kideek. Ohartarazi dute LGTBI mugimendua ez dagoela “salgai”. Ez dutela onartuko euren eskubideen aldarria “merkantilizazatzea”, eta aurre egingo dietela “instrumentalizazio” saioei. Bide horretan jardungo dute gaur, Nazioarteko Sexu Askapenerako Egunean, eta bide horretan egingo dute mobilizazioa. Bilboko Jesusen Bihotzetik abiatuko da manifestazioa, 19:30ean, eta eragile eta pertsona guztiei egin diete parte hartzeko deia: “Denon borroka da; guztiak deitzen ditugu aldarrikatzera eskubideak ez daudela salgai”.

Izan ere, erabiliak sentitu dira azkenaldian; edo instrumentalizazio saioen erdigunean. “Antikapitalistak gara”, ohartarazi dute, ordea, Leire Gomez Sare Lesbianistako kideak eta Borja Muñoz Arraztia Guztiok elkartekoak. E28 koordinakundearen ordezkari gisa aritu dira biak, gaurko mobilizaziorako deia egin eta azkenaldian LGTBI kolektiboaren izenean egin diren hainbat ekitaldiren inguruko desadostasuna agerian uzteko.

Aurreko asteburuko Bilbao Bizkaia Harro jaialdia jarri dute jomugan. “Izena aldatu diote aurten Pride-ri, baina Pride da”, zehaztu dute. Izena aldatu izana ez zaie kasualitatea iruditzen. Ekitaldia Harro plataformarekin lotu eta “nahasmena” eragiteko asmoa ikusi diote atzean: “Gu Harro plataformako kide gara, eta Harro ez da Pride. Pride ez da Harro”.

Duela mende erdiko hazia

Gaurko egunaren jatorrira egin dute salto E28 koordinakundeko kideek, oinarriei heldu eta aldarrikapenaren zergatietara jo nahian. Gaur 50 urte sortu zen Nazioarteko Sexu Askapenerako Egunaren hazia, New Yorken izandako istilu batzuen harira. Gay mugimenduaren topagune zen Stonewall Inn tabernan Poliziarekin hasitako liskarrek homosexualen aurkako jazarpen oso bortitza eragin zuten, eta kolektibo horrek Poliziari aurre egin zion lehen aldia izan zen.

Hamar urte geroagoko beste gertaera bat ere ekarri dute gogora: 1979ko ekainaren 10ean Espainiako polizia batek Vicente Vadillo Santamaria Francis trabesti ezaguna hil zuen, tiroz, Oreretako dantzaleku batean.

“Gaur eta hemen ere, errepresio polizialaren aurka irmo agertzen gara”, adierazi dute, mobilizazioen zentzua argi utzi nahian; “Sistema zapaltzaile honen beso armatuak, Poliziak, pertsona arrazializatuak kriminalizatzen ditu, kapitalaren etxegabetzeak babesten ditu jendea kale gorrian uzteraino, eta errefuxiatuak deportatzen ditu. Azken finean, subjektu disidenteei jazarri, eta atxilotu eta torturatu egiten ditu. Guk argi daukagu: errepresioaren aurrean tinko agertzen gara”.

“Borrokan jarraitzeko” premia azaldu dute, beraz, sexu askatasunaren aurka Bizkaian aurreko asteburuan izandako bi eraso aipatuta: Sestaokoa eta Bilboko Iturribide kalean izandakoa. “Ez diegu utziko askatasun osoz bizitzeko, kaletik bakarrik ibiltzeko edota eraso matxista eta homofoborik gabeko jai seguruak bizitzeko eskubidea lapurtzen”, adierazi dute. “Elkarrekin borrokan jarraituko dugu”.

Hain zuzen, elkarlanerako deia egin du Bizkaiko E28 koordinakundeak; elkarrekin borrokatu eta elkar zaintzekoa: “Mugimendu sozial ezberdinen arteko borroka eta zaintza sarea berreskuratu eta indartzeko beharra azpimarratzen dugu. Hain handia den etsaiaren aurrean, aliantza indartsu, kritiko eta intersekzional baten beharra daukagu”.

“Posible da”

Sare hori sortzea posible dela diote; horixe ikusi dutela azken asteburuan. “Antolatu egin gara, eta aurre egin diogu Bilbao Bizkaia Pride den burugabekeria horri”, esan dute, harro. Izan ere, eragin, eragin dute.

Eta gertaeren berri eman dute, egoera ulertarazi nahian. Azaldu dute E28 koordinakundeak 43 urte daramatzala “aktiboki funtzionatzen”, harrotasunaren manifestaziorako deialdiak egiten eta beste jarduera batzuk prestatzen. Plataforma horrek LGTBI elkarte eta pertsona askotarikoei ahotsa ematen diela adierazi dute, eta Pride jaialdiaren aurka beti azaldu direla. “Zehazki, 2009. urtetik izan gara Pride-ren kontra, EAJk eta Ortzadarrek, LGTB+ mugimenduak alde batera utzita, euren proiektua mantentzea ebatzi zuten momentutik”. Izan ere, koordinakundearen ustez, LGTB mugimenduaren borroka bereganatzen saiatu dira horiek, irabazi ekonomiko eta politikoak lortzeko. “Hori dela eta, Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Udalak eta Ortzadarrek kudeatutako Pride hori gaitzesten dugu”.

130.000 euro bi asteburutan

Jai horren eredua eta halakoetarako jartzen den dirutza ere salatu dute. Iaz, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Diputazioak 60.000 eurotik gora eman zizkioten Bilbao Bizkaia Pride-ri. Eta, aurten, European Pride Organisers Associationek irailean egingo duen bilerarako, 70.000 euroko aurrekontua gorde dute. “Bi asteburutan 130.000 euro baino gehiago gastatuko dira, proiektuaren kontra agertzen den kolektibo baten izenean”, salatu dute. Bizkai, Araba eta Gipuzkoan LGTBI komunitateari arreta eskaintzen dion Berdindu zerbitzu publikoak, berriz, urtean 175.000 euroko aurrekontua duela azaldu dute, eta ikasleentzako aniztasun sexuala lantzeko formakuntzarako jartzen den baino diru gehiago xahutu dela Pride-aren asteburuan. “Turismoaren sustapenak hezkuntzak baino onura gehiago ekarriko dituela uste al dute?”.

Aurreko asteburukoa, gainera, porrota izan dela diote. 30.000 pertsona batu zitzakeen jaialdi gisa “saldu” bazuten ere, hainbat ekitaldi “hutsik” egon direla azaldu dute, eta beste zenbait jardun bertan behera utzi zituztela publiko faltagatik.

Porrot hori E28 koordinakundeak boikoterako egindako deialdiaren ondorio dela uste dute, eta zenbait artistak ere lagundu dutela horretan. Egoerari buruz hausnartu ondoren, “instrumentalizatuak ez izatea aukeratu dutenak” jarri ditu adibide: azken momentuan ez kantatzea erabaki zuen La Basu, esaterako.

Asteburukoa “Ortzadarrek saldu nahi digun EuroPridearen lagin bat” besterik ez dela esan, LGTBI mugimenduek eta bestelako herri mugimenduek ez dituztela halakoak babesten ohartarazi, eta antzeko saiakerei aurre egingo dietela adierazi du koordinakundeak. “Gure beharrizanen alde borrokatzen jarraituko dugu”.