“Gaixotasunak lehenago atzemateko egin behar dugu indar”

“Gaixotasunak lehenago atzemateko egin behar dugu indar”

Peru Azpillaga Diez

Leioako Achucarro Basque Center for Neuroscience ikerketa zentroan dihardu Jimena Baleriola Gomez de Pablos doktore eta Ikerbasqueko ikertzaileak (Oviedo, Espainia, 1978), eta Ameriketako Estatu Batuetako Alhzeimer Elkarteak urtero ematen dituen diru laguntzetako bat jaso du bere ikerketa proiektua garatzeko.

Baleriolaren ikerketaren helburua da Alzheimer gaixotasunak neuronak nola hiltzen dituen argitzea. Dementzia horri buruzko ikerketa ildo berri bat garatzeko, 143.000 dolarreko diru laguntza jaso du haren proiektuak. Aipatzekoa da laguntzak ikertzailearen ibilbidea eta lan esparrua aitortzen dituela. Berriarekin ilusionatuta agertu bada ere, Baleriolak argi utzi du ikerketaren munduak bultzada handia behar duela oraindik ere.

Zertan datza zehazki zure ikerketa?

Achucarro zentroak burmuineko entzefaloan neuronekin batera ditugun zelula glialak ikertzen ditu. Zelula horiek ez dira neuronak bezain ezagunak, eta haien inguruko ikerketa urriagoa da. Egun, badakigu glia zelulek hainbat funtzio betetzen dituztela: arkitektura neuronala mantentzen dute, nerbioen transmisiorako funtsezkoak dira… Zelula horiek Alzheimer gaixotasunarekin duten erlazioa ikertzen ari gara.

Zer-nolako erlazioa izan dezaketela uste duzue?

Guk argitu nahi dugu glia zelulek Alzheimer gaixotasuna sustatu edota leundu dezaketen. Izan ere, bada beta-amiloide deituriko peptido bat, neuronak hiltzen dituena. Neuronen heriotza eragiten duen beta-amiloide peptidoa Alzheimer gaixotasunaren adierazgarri nagusietarikoa da, eta horregatik ikertu nahi dugu zer erlazio duten glia zelulek peptido horrekin.

Zergatik uste duzue erlazioa egon daitekeela?

Berriki jakin dugu neuritek, hots, neuronen arteko komunikazioaren euskarria diren kabletxoek, beren autonomia propioa dutela eta proteina propioak sortzen dituztela. Horren ondorioz, uste da glia zelulek kabletxoen autonomia horretan eragina izan dezaketela agian. Alzheimer gaixotasunaren ondorioz, klabe horiek proteinak sortzeko duten autonomia aldatu egiten denez, glia zelulek prozesu horretan guztian duten funtzioa argitu nahi dugu, alzheimerra gaiztotu edota leundu egin dezaketen jakiteko. Nahiko gai konplexua da; gutxi ikertu da, eta, hein batean, horregatik lortu du finantzaketa.

Nola iritsi zara Achucarro zentroan lan egitera?

Estatu Batuetan sei urte eman ostean, Europara itzultzeko gogoa nuen, baina ikusten nuen ikerketa zentroak, oraindik ere, burua altxatu ezinik zebiltzala, krisi garaiko egoerari buelta eman gabe. Orduan, Achucarro ikerketa zentroaren berri izan nuen. Glia zelulak ikertzen dituen zentro bakanetakoa da, eta, beraz, hara jotzea erabaki nuen.

Ikerketaren munduan bidea egitea ez da lan erraza, ezta?

Orain dela hiru urte hasi nintzen proiektuarekin, eta, egia esan, kostatzen ari zaigu. Adibidez, nik beste bi pertsonaren laguntza baino ez dut jasotzen laborategian. Nire kolaboratzaile amerikarrarekin batera, hiru pertsona gabiltza proiektuan. Hemen, oro har, talde handietan inbertitzen da, eta, beraz, ni bezalako jendearentzat, hau da, gure ikerketan bakarrik hasi garenontzat, oso zaila da. Laguntzaileak bilatu behar izan ditut, finantzaketa… Gutxi gara, eta horrek ere, azken finean, eragin handia du ikerketan.

Hortaz, zer garrantzi du zurea bezalako proiektu batentzat halako finantzaketa jasotzeak?

Proiektuak eta ikerketak geldirik daude, eta finantzabide honek oxigenoa ematen digu. Dena den, halako laguntzak lortzeko ezinbestekoa da nazioarte mailan harremanak izatea. New Yorkeko Columbia Unibertsitateko jendearekin ibili naiz lankidetzan, eta hark ere herrialdeen arteko lankidetza bultzatzen du. Niretzat hori funtsezkoa da, zientziak oztoporik ez izatea sustatzen duelako, bere izaera unibertsala aldarrikatuz.

Ikerketaren munduak, beraz, egoera zaila du…

Oso gutxi inbertitzen da ikerketaren esparruan. Nire laborategiak oinarrizko biologia zelularra lantzen du, eta ez da bereziki garestia. Hala ere, kanpoko lankidetza beharrezkoa da hemen errotutako ikerketa talde bat mantentzeko, bestela oso korapilatsua da-eta aurrera egitea. Nik asko eskertzen dut jasotako finantzaketa, baina benetan dudan arazoa ez da soilik dirua, makina aldetik ez dut-eta gastu handirik. Nik behar dudana jendea da. Alde horretatik, gero eta beka gutxiago daude, eta zaila da benetan talde bat osatzea eta mantentzea.

Zein esango zenuke dela gaixotasun neurologikoen egoera, gaur egun?

Gaixotasunaren arabera. Batzuetan, aurrerapauso handiak eman dira, eta, beste batzuetan, oraindik hasi baino ez gara egin. Parkinsona, esaterako, oraindik ez da sendatzen, baina kronifikatu egin da, sintomak leuntzeko bideak daudelako. Beraz, gaixotasun horrek gero eta jende gutxiago hiltzen du, eta, oraindik sendatzeko bideak ikertzen ari diren arren, ezin da alzheimerrarekin alderatu, alzheimerrak ez baitu ez tratamendurik eta ez leuntzeko botikarik.

Zergatik uste duzu ez dela oraindik aurrerapausorik egin?

Tratamenduak ez direlako ondo planteatu. Adibidez, farmazia enpresa askok entsegu klinikoak eten dituzte, norabidea ez zelako egokia. Sarri saiatu dira beta-amiloidearen kontrako txertoak garatzen, baina berandu erabili dira beti, amiloidea guk detektatu baino lehenago eratzen hasten zelako burmuinean. Horregatik, gaixotasunak lehenago atzemateko egin behar dugu indar. Urteak ikertzen eman arren, oraindik ezagutza falta handia da gaixotasun horien inguruan; maiz, ez dakigu ondo nola sailkatu, eta horrela ezinezkoa da tratamendu bat garatzea.