Beharrak hezita

Beharrak hezita

Natalia Salazar Orbe

Lau anaiaren bizipenak kontatzen ditu Jose Migel Barandiaranek Diman jaso zuen Lau anaia umezurtzak ipuinean. Ipuin bat da, ez elezahar bat. Alegia, hemen kontatutakoak ez daude oinarrituta benetan gertatutako jazoera batean. Horrek bereizten ditu kontakizun bata eta bestea. Ipuina ez da leku edo garai jakin batean kokatzen. Elezaharra, berriz, gertaera historikotzat hartu ohi da, nahiz eta fantasiak itxuraldatuta egon ohi den. Ipuinek istorio entretenigarriak dituzte ardatz, irakurlearen fantasia piztu eta iruditeria kolektiboa ezagutaraztekoak. Baina sortu ziren garaien ezaugarriak nabari zaizkie: emakumearen nahiei ez erreparatzekoa, esaterako, kasu honetan.

Diman eta beste hainbat herritan kontatzen zuten ipuinean, guraso batzuk hil egin ziren, eta lau semeak umezurtz geratu. Pobreak ziren oso, eta gauza bakarra utzi ahal izan zieten herentzian: ogi bat. Egoera hartan aurrera egiterik ez zutela izango jakitun, erabaki zuten onena izango zela bakoitza bere aldetik bizimodua ateratzera abiatzea. Hala, bada, ogia lau zatitan banatu, eta bakoitzak bide bati ekin zion.

Zaharrenak astronomo bat aurkitu zuen. Haren jakintzak emango zizkion ezagutzek erakarrita, harekin geratu zen, ofizioa ikasteko asmoz. Bigarrena jostun baten etxera iritsi zen. Hark lanbidea irakatsiko ziola agindu zion, eta bertan geratu zen. Hirugarrenak ehiztari batekin egin zuen topo bidean. Ehizako sekretu guztiak irakatsiko zizkiola esan zion, eta proposamena onartuta, hirugarren anaiak ere etorkizuna lantzeko bidea aurkitu zuen.

Gazteenak lapur batekin egin zuen topo. “Nahi baduzu, gera zaitezke nirekin. Nik irakatsiko dizkizut lan honen gorabehera guztiak. Maisurik hoberenarekin ikasiko duzu lapurretan”, esan zion lapurrak. “Niri lapurtzea txarra dela esan didate beti”, erantzun zion gazteak. “Ikasteak ez dizu kalterik egingo”, bota zion lapurrak. Eta gaineratu: “Gero, nahi baduzu, lapurtu egingo duzu, eta, ez baduzu nahi, ez”. Hala, laugarren anaia lapurrarekin geratu zen.

Zazpi urteren ostean, batera

Bakoitzak bere ogibidean zazpi urteko ibilbidea egin ondoren elkartu ziren laurak berriro. Ikasitakoaren berri eman zion batak besteari. “Nik astronomo lana ikasi dut”, esan zien anaia zaharrenak. “Nire maisuak tresna bat eman dit, eta horrekin edozer gauza ikus dezaket”, gaineratu zuen, teleskopio bitxi bat erakusten zien bitartean.

“Bada, ni jostun batekin egon naiz urte hauetan guztietan, eta dena josten duen orratz bat eman dit”. Hala mintzatu zen bigarrena.

Hirugarren anaiaren txanda iritsi zenean, hala kontatu zien: “Nik ehizan ikasi dut ehiztari ospetsu batekin. Eta apuntatzen duen guztia hiltzen duen eskopeta bat eman dit opari”.

Gazteena beldur zen azken zazpi urteetan zertan aritu zen azaltzeko. Besteek jakin-min handia zuten, ordea, eta galdetu eta galdetu ari zitzaizkion. “Eta zuk, zer ikasi duzu? Zer egin duzu zazpi urteotan?”. Orduan, egia esatea beste irtenbiderik ez zitzaion bururatu: “Bada… nik lapur lanak ikasi ditut”.

Elkarrekin geratzeko erabakia hartu zuten laurek. Bakoitzak ikasitakoa egiten jarraituko zuela pentsatu zuten. Horretan zebiltzala, berri bat iritsi zitzaien, esanez herensuge batek erregearen alaba bahitu zuela eta askatzen zuenari harekin ezkonduko zela agintzen ziola. Lau anaiek printzesaren bila joatea erabaki zuten.

Astronomoak, teleskopioaren bidez, herensugearen ezkutalekua aurkitu zuen. Itsasoz beste aldean zegoen. Erregearengana joan ziren orduan, itsasontzi bat eskatzera. Hark eman egin zien, eta itsasoko bidaiari ekin zioten.

Herensugearen ezkutaleku ondora iritsi zirenean, lapurra gerturatu, isil-isilik printzesa hartu, eta ihes egiten lagundu zion. Horretan zebiltzala, herensugea esnatu egin zen, eta berehala iritsi zen lapurra eta printzesa zeuden lekura. Ehiztariak eskopeta hartu, tiro egin eta hil egin zuen herensugea. Izakiak, erortzerakoan, izugarrizko zuloa egin zion itsasontziari, eta ura sartzen hasi zen. Ontzia urperatzen ari zela, jostunak dena josten zuen orratza hartu, eta berehala konpondu zuen itsasontzia, oholak josita.

Denak salbu zeudela abiatu zuten erregearen eta printzesaren jauregirako bidea. “Nik aurkitu dut, eta nirekin ezkondu behar du!”, esan zuen astronomoak. “Ez, ez! Nik kendu diot herensugeari. Beraz, nirekin ezkondu behar du”, erantzun zuen lapurrak. “Bada, nik herensugea hil izan ez banu, denok hilda egongo ginateke orain”, bota zuen orduan ehiztariak. “Eta nik ontzia konpondu izan ez banu, denok geundeke itota!”, esan zuen, azkenik, jostunak. Hori ikusirik, erregeak urre mordoa eman zien beren artean banatzeko.