Astelehenetik, greba egunak aireportuan

Astelehenetik, greba egunak aireportuan

Aitziber Laskibar Lizarribar

Errekorrak bata bestearen atzetik. Loiuko aireportua etengabe ari da hegaldi, ibilbide eta bidaiari kopuruari dagozkion markak hausten. Harro ematen dituzte datuak aireportuko arduradunek aldiro. Cristina Etxeberria aireportuko zuzendariak, aurreko astean bertan Adype elkartearekin prentsaren aurrean egindako lan gosari batean azaldu zuen hegaldi eta bidaiari gehiago espero dituztela etorkizunera begira, eta egokitze lanak egin beharko direla hargatik. Besteak beste, aireporturako sarrerak eta aparkalekuak handitu, egokitu eta gehitu beharko direla azaldu zuen. Horiek direla aireportuak behar dituen inbertsio nagusietakoak.

Bien bitartean, grebara doaz langileak. Etengabe handitzen ari zaien lan kargari ezin erantzun daudela diote. Azken urteotan abisua behin eta berriz plazaratu dutela, arduradunek ez dietela kasurik egin, eta ezin dutela gehiago. Protesta beste modu batera bideratuko dute, beraz: udako kanpainan hemezortzi egunetan greba egingo dutela iragarri du langile batzordeak.

Uztaila, abuztua eta iraila

Astelehenean egingo dute egun osoko lehen greba, uztailaren lehenarekin. Irailaren 1a bitarte, hemezortzi greba egunetara deitu dute: hamalau egun osokoak, eta lau arratsaldekoak.

Aireportuko langile zuzenak direnak daude grebara deituta: Aenaren kontratupean dauden 142 behargin. Beste 2.400 pertsona inguru ere aritzen dira beharrean Loiuko aireportuan, baina azpikontratetan. Hortaz, bezeroei arreta ematen dieten langileek, operazioen sailean aritzen direnek, seinaleak jartzeko eginbeharra dutenek eta suhiltzaileek egingo dute greba. Aire kontrolatzaileei ez die eragingo grebak —horiek Enaire enpresak kontratatuta aritzen baitira—, ezta azpikontratatuetan lan egiten duten beharginei ere. Hala ere, arazoak eragin ditzake protestak, aireportuaren funtzionamendurako funtsezko lanak egiten baitituzte grebara deituta dauden horiek.

Egoera “jasangaitza” dela ohartarazi du langile batzordeak mobilizazioetarako deia egiterakoan. Datuak ere eman ditu: lau milioi bidaiari zituen Loiuko aireportuak duela bost urte, eta sei milioi ditu orain. Langile kopurua, berriz, duela hamar urteko bertsua dela azaldu du.

Eskean 2016tik

Bidaiari kopurua ez da egun batetik bestera hazi, eta langileen eskaera ere ez da bat-batekoa. Langile batzordeak adierazi duenez, urteak daramate arazoa mahai gainean jartzen; 2016tik darama zuzendaritzari esaten lantaldea handitu beharko litzatekeela bidaiarien gorakadak sortu duen lan kargari aurre egin ahal izateko. Eskaera etengabeak ez du, ordea, erantzunik jaso.

Beste eskari batzuk ere egingo dituzte beharginek grebaren bidez. Izan ere, langile batzordearen esanetan, aurrez zuzendaritzarekin adostuta zeuzkan beste neurri batzuk ez dira betetzen ari: prestakuntza jasotzeari buruzko akordioa, eta lana eta bizitza pertsonala uztartzeko plan bat adosteari buruzkoa. Halaber, Loiuko aireportuaren kudeaketa ereduari buruz eztabaidatzeko eta eredu berri bat negoziatzeko ere eskatu du langileen ordezkaritzak.

Aireportuko zuzendaritzak, baina, oso bestelako ikuspegia du: “Ez dago justifikaziorik greba honetara deitzeko”, esan du mobilizazioen berri izan duenean zabaldu duen oharrean.

Zuzendaritzaren esanetan, lanuzteetara deitzeko argudioek Loiuko aireportuaren eskumenak gainditzen dituzte: “Lan zentro horren arlotik harago doaz, kontuan izanik gaia zein den eta zein organo dagoen legitimatuta negoziatzeko”. Are, zuzendaritzaren hitzetan, bertan negoziatzeari baiezkoa emateak “eragina eta ondorioak izango lituzke estatu mailan”. Gainera, greba deialdian jasotzen diren zenbait arlo hitzarmen kolektiboan araututa daudela dio, eta edozein aldaketak “estatu mailako negoziazioa” behar lukeela.

Aireportuko sindikatu guztiek bat egin dute langile batzordearen analisiarekin, eta guztiek babestu dute greba deialdia: CCOOk, LABek, ELAk eta USOk.

Alde bakoitzak bereari irmo eusten dio, eta, azken asteetan negoziatzeko asmoz bildu diren arren, hurbilketarik ez da egon orain arte.

Gutxieneko zerbitzuak ezartzerakoan ere ez dira ados jarri Aena eta sindikatuak. Sindikatuek %10eko zerbitzuak proposatu dituzte penintsula barneko hegaldietan eta %50ekoak irletarakoetan. Aireportuko zuzendaritzak adierazi du zerbitzuak eta segurtasuna ezin direla murriztu, eta ez du proposamena onartu. Horiek horrela, Es painiako Sustapen Ministerioak ezarriko ditu gutxiengo zerbitzuak.