“Itsas mailaren igoerak inpaktu nabaria izango du”

“Itsas mailaren igoerak inpaktu nabaria izango du”

Lander Unzueta Lekerikabeaskoa

Klima aldaketa errealitate bat da. Sortzen ari den ondorio asko eta asko ezagunak ditugun arren, ezinbestekoa da ikertzea zeintzuk diren arrisku zehatzak eta ondorio larrienak jasango dituzten guneak. Horretaz arduratzen da Eusko Jaurlaritzak Ihoberen bitartez sustatutako Kostegoki proiektua, Aztirekin, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiekin eta Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzarekin elkarlanean. Aitor Zuluetak (Bermeo, 1966) beharrezkotzat jotzen du klima aldaketa moteltzeko eta hari egokitzeko ikerketa.

Zertan datza Kostegoki proiektua? Zer helburu ditu?

Kostegoki proiektuak aztertzen du Euskal Herriko kostaldeak zer-nolako kalteberatasuna eta arriskuak dituen klima aldaketaren ondorioei dagokienez, eta nola egokitu daitekeen ondorio horietara. Helburua da datozen urteetan handitzea bai lurraldearen efizientzia, bai haren erresilientzia; hau da, egoera desegoki edo kaltegarriei aurre egiteko ahalmena.

Nola sortu zen proiektua?

Estatuko kostaldeko beste erkidego batzuetan bezala, klima aldaketak kostaldean izan ditzakeen ondorioei buruzko diagnostiko integral bat izateko abiatu zen proiektua. Horretarako, erkidego guztiak datu horiek jasotzen ari dira, Kantabriako Unibertsitateko Ingurumen Hidraulikaren Institutuak garatu duen eta Asturiasen frogatu den eredu baten arabera. Horrela, diagnostikoa eredu komun baten arabera egiten denez, ziurtatzen da autonomia erkidego guztietan datuak modu homogeneoan biltzen direla.

Zer ondorio atera dituzue?

Oraindik analisi fasean gaude. Azken diagnosia ez dugu ezagutuko urte honen amaierara arte. Nolanahi ere, lehenengo ondorioek lehen aipatutako alderdiak uzten dituzte agerian, hala nola itsas mailaren igoera jadanik neurtuta dago eta horrek etorkizunean izango dituen ondorioak, kostaldeak jasan ditzakeen inpaktuengatik, ondorio ekonomikoak barne sartuta.

Nolako eragina izango du klima aldaketak dakarren itsas mailaren batez besteko igoerak? Bermeo aipatzen duzue kaltetutako gune gisa.

Klima aldaketa eta fenomeno horrek itsasoko eta itsasertzeko ekosistemetan duen eragina gure gizarteak aurrez aurre izango dituen erronka nagusietako batzuk dira, eta Euskal Herria ez da arazotik kanpo geratzen: lurraldeko azaleraren %10 baino gutxiago duten kostaldeko bi eskualdetan kontzentratzen dira biztanleen %55: Bilbo Handian eta Donostialdean. Itsas mailaren batez besteko igoerak inpaktu nabaria izango du itsasertzean. Jadanik egiaztatu da batez besteko maila zazpi zentimetro igo dela 1992 eta 2017 bitartean; hau da, 2,8 milimetroko igoera izan du urtean. Igoera hau XXI. mendeko gainerako urteetarako aurreikusten dena baino nabarmen txikiagoa da; izan ere, sasoi horretarako 45 eta 65 zentimetro bitarteko igoera aurreikusten da; hots, 4,5 eta 6,5 milimetro bitarteko igoera urtean. Bermeon, zehazki, kalteak gertatzeko arriskua portu aldean dago, besteak beste itsas mailaren batez besteko igoeragatik eta mareengatik. Fenomeno horietako bat erresonantzia da, eta, hain zuzen ere, hori da Bermeoko portuan eragina daukana; olatuen zuzeneko inpaktuaren ikuspegi osagarri bat da, baina ekonomiaren ikuspuntutik berau bezain kaltegarria.

Zer egin behar dugu hori saihesteko?

Neurriak inpaktua arintzera bideratu behar dira; hau da, jadanik hasi den aldaketaren abiadura eta haren efektuak arindu edo moteltzera. Halaber, beste ardatz bat jadanik gertatzen ari den eta datozen hamarkadetan neurri handiagoan edo txikiagoan gertatuko den aldaketara egokitzea da. Aldaketa horren dimentsioa eta abiadura herritarrok planetari begira dugun jarreraren menpe egongo da, hots, gizarte gisa eta gizabanako gisa dugun jarreraren menpe: baliabide energetiko eta materialen erabilera murriztea, energia berriztagarrien kontsumoa handitzea, birziklatze tasak igotzea, eta abar. Gizarte aurreratuetan dugun egokitze ahalmena planetako beste eremu batzuetakoa baino handiagoa da, baliabide gehiago baititugu eskura. Badira, adibidez, gure natura ingurunearen osasuna hobetzeko eta, hortaz, egokitze ahalmena hobetzeko neurriak.

Zer-nolako eragina dute hondartzek gure ekosisteman? Horiek babestea beharrezkoa da klima aldaketak ekar ditzakeen arriskuei aurre egiteko?

Munduko biztanleriaren parte handi bat kostaldetik gertu bizi da, Europan eta Euskal Herrian, eta prozesu horrek iraun egingo du datozen hamarkadetan. Hondartzak kostako frontearen babes sistemarik onena dira, baina ez dugu ahaztu behar hondartzak ez direla kanpoan geratzen den zatia edo marearen eraginpean dagoen zatia soilik; izan ere, horrez gain badute zati bat murgilduta, eta duna eremu bat lehorrean, harea biltegi gisa funtzionatzen duena. Hondartza sistema osoa mantentzea eta lehengoratzea, posible denean, funtsezkoa da hondartzak modu eraginkorrean bete dezan kostaldea babesteko zeregina. Kostalde eta itsas ingurunearen eragina, hondartza aisialdi eta turismo baliabide gisa erabiltzetik baino askoz harago doa. Itsasoa elikagaien iturria da, garraiobide bat ere bai, eta oso lagungarria da gure klima samurra izan dadin, muturreko tenperaturak leuntzen eta hezetasuna nahiz euria ekartzen baititu.

Denborak aurrera egin ahala arriskua areagotuz doa?

Denbora funtsezko faktorea da aldaketa prozesuan. Inpaktua gero eta nabariagoa da, baina aurre egin dakioke arriskua sor dezaketen egoera meteorologikoei buruzko informazio hobeagaz, azpiegitura hobeegaz, gizarte-kontzientziazio handiagoagaz, eta abar. Itsas mailaren batez besteko igoerari dagokionez, badirudi azkartu egingo dela hemendik mendearen amaierara bitartean; hau da, espero da 4,5-6,5 milimetro igotzea urtean; orain, 3 milimetro baino gutxiago igotzen da urtean. Itsasoaren batez besteko mailaren igoera horrek zuzeneko inpaktuak sortuko ditu, bai kostaldean, eta baita kostaldeko azpiegituretan ere; esate baterako, portuetan.

Proiektuari jarraipena emango diozue?

Proiektu honetan, esposizioa —itsas mailaren igoera edota olatuek eragindako inpaktua— eta eraginpean dauden jardueren arriskua aztertuko dira. Publikoaren esku jarriko da informazioa bisore baten bitartez. Beraz, abiapuntutzat hartu ahal izango dute eskumena duten administrazioek, bakoitzak bere jarduera eremuan neurri egokiak har ditzan arriskua lurraldean ondo kudeatzeko. Eskala txikiagoan abiatzen diren ekintzak xehetasun handiagoz aztertu beharko dira, baina proiektu hau oso esparru orokor garrantzitsua da abiapuntuko oinarri gisa, beharrak eta lehentasunak ezartzeko eta etorkizunean egingo diren ikerketak bideratzeko.