Ikasleen talentua sortu, mantendu eta erakarri

Ikasleen talentua sortu, mantendu eta erakarri

E. M. U.

Kooperatibek eta, oro har, Lea-Artibai eskualdeko enpresa gehienek diote oso zaila izaten dutela behar dituzten profileko langileak aurkitzea, eta, beraz, sarritan, kanpora joan behar izaten direla jende bila. Egoera horri aurre egiteko, Lea-Artibai eta Busturialdeko Kooperatiben Mahaia elkartea eta Azaro fundazioa elkartu dira, eta talentua sortu, mantendu eta eskualdera erakartzea helburu duen proiektu bat jarri dute martxan eskualdeko ikastetxeekin. Proiektu horrekin, eskualdeko ikasleak lanera kanpora atera beharrean, eskualdean bertan lan egin eta bizitzeko aukera izatea sustatu nahi dute.

2017an hasi ziren lehen pausoak ematen, 2018an egitasmoari zer-nolako forma eman erabaki zuten, eta 2019an jarri dute abian Talentatu proiektua. Horren bidez, Steam (Science, Technology, Engineering, Art, Mathematics) ikasgaiak sustatu, eskualdea ezagutu, nortasun sentimendua landu, eskualdeko industria zelakoa den ikusi eta etorkizunean bertoko enpresak beharko dituzten langile profilak ezagutzeko ekintza ugari burutu dituzte Lea-Artibai eskualdeko gazteek ikasturte honetan. LH1eko ikasleetatik Prestakuntza Zikloetako ikasleetaraino heldu da proiektua, eta guztira, Lea-Artibaiko hamabost ikastetxetako ia 2.000 ikaslek parte hartu dute.

Ikastetxe eta enpresa arteko harremanak estutzea izan dute helburu alde batetik, ikastetxeak enpresara hurbilduz, eta alderantziz. Bestalde, ikasleek eskualdea bera ezagutu eta bertakoa izateko harrotasuna landu nahi izan dute. Hori guztiori lortzeko, kooperatiba eta enpresetara bisitak egin dituzte ikasleek eta kooperatibetako beharginak ikastetxeetara joan dira euren esperientziak ikasleekin partekatzera. Gainera, ikastetxeetako orientatzaileekin ere lan egin dute, orientatzaileek enpresa munduan zer eskari dauden jakiteko. Gazteenekin, ordea, herri trukaketak egin dituzte. Ikasleek eskualdeko beste herrietako ikasle batzuk hartu dituzte euren herrietan, eta ondarea eta ingurua erakutsi diete ekimen berezien bidez: antzerkiak, ibilaldiak…

Batxilergo eta prestakuntza zikloetako ikasleek enpresetan egun bateko egonaldiak egin dituzte. Horrela, ikasleek, profesionalekin zuzenean egonda, zer-nolako lanak egiten dituzten ezagutu dute bertatik bertara.

Proiektuaren aurtengo ekintzei amaiera emateko, gainera, Lea-Artibaiko Zientzia eta Teknologia Eguna egin dute. Eskualdeko 250 ikasle inguru batu ziren Markina-Xemeinen zientzia eta teknologia oinarri dituzten tailerretan parte hartzeko. LH6. mailako ikasleek zientziarekin eta teknologiarekin gozatzeko aukera eduki zuten. Aste honetan, berriz, ingeniari edo ingeniari ikasleei begirako Talentatu Eguna egin dute. Lehen urtea izanik Lea-Artibai eskualdean egin dute proiektua, baina hurrengo ikasturtera begira, Busturialdera zabaltzea dute asmoa.