Gorbeia bizitzeko bide berriak

Gorbeia bizitzeko bide berriak

Aitziber Laskibar Lizarribar

“Gorbeiako bisitariak bertako naturaren liluran baino ezin izango dira galdu”. Hala azaldu du Gorbeia Turismo Jomuga egitasmoaren eskaintza berria Xabier Alvarez de Arkaia Gorbeialdeko kuadrillako presidenteak. Bisitarien eskaerei erantzuna emateko eta horiek natur ingurunean murgiltzeko, Gorbeialdean egiteko 23 ibilbide berri gehitu dituzte zerrendara. Ibilbide erraz eta seguruak dira guztiak, baina askotarikoak: herriguneak ezagutzekoak, bizikletan egitekoak, pagadiak zeharkatzen dituztenak edota ur-jauziak jomuga dituztenak; mendizaleei zuzendutakoak, naturarekin lehen hartu emana bilatzen dutenei begirakoak, familian egitekoak, edo, Gorbeia ezagututa ere, ohikoak diren ibilbide eta bidexketatik kanpo gauza berriak aurkitu nahi dituztenentzakoak. Gorbeialdearen Bizkaiko zein Arabako lurrak ezagutzeko eskaintza egituratua da, ondo seinaleztatutako ibilbideak dituena, galbiderik gabekoak.

Aramaioko Tellerixa ibilbidea, esaterako, izen bereko errekaren ondotik doa, antzinako gurdibideetatik. 4,3 kilometro eta 200 metroko igoera egiteko ordubete inguru beharko da. Azkarrago egiten da Zolloko urtegirako bidea; 40 bat minutuan egin daiteke 2,7 kilometroko bidea.

Luzeagoa da Aramaioko bira, guztietan luzeena: 18,3 kilometro eta 1.225 metroko desnibela duen ibilaldia egiteko bost ordu eta erdi beharko direla dio gidak. Merezi duen txangoa, halere, Alfonso XIII.ak Suitza txikia izena eman zion eremua zeharkatzen duen bira baita.

Ur jauziak, pagadiak eta urtegiak erakutsiko dituzte beste ibilbide batzuek. Gerra zibilaren lorratzak izena eman dioten txangoak, berriz, 1936ko gerran Otxandion izandako zenbait gertaera azalaraziko ditu. Otxandion bertan, pagadiak, galtzadak, errekastoak eta hilarri bitxiak erakutsiko ditu beste ibilbide batean.

Areatzako harribitxiak agertuko ditu beste txango batek; bertako jauregi nabarmenenek eta etxe barrokoek hiribilduaren iragana ekarriko dute gogora.

23 ibilbideek Gorbeialdearen beste horrenbeste ikuspegi jarriko dituzte bisitarien begi bistan. Eta, horiek ahalik eta gehien zabaltzeko, Wikiloc plataforma digitalean lekua izango dute. Bidaiariek ibilaldiak partekatzeko gunea da Wikiloc; nazioartekoa da, mundu osoan gehien erabiltzen den mendi ibilbideen aplikazioa. Atal ofiziala izango du, gainera. Halako gunea duen Bizkaiko lehen egitasmoa da.

Lagundutako ibilbideak

Ibilbideetako batzuk lagunduta ezagutzeko aukera izango da urrira bitartean. Lau txango antolatu dituzte, guztiak igandean:

Ekainak 30

Undurragako urtegia. Zeanuriko Undurragako urtegiari itzulia egiten dion ibilbidea gidarekin egin ahalko da. 11:00etan abiatuko da txangoa, Zeanuritik.

Uztailak 21

Urbinako talaia. Arabako lurretan izango da ibilaldia; Arratzua-Ubarrundian. 11:00etan abiatuko da, Uribarri Ganboatik.

Irailak 29

Izartzako pagadia. Zubiaurretik Izartzako pagadira egingo du txangoak. 11:00etan abiatuko da, Orozkotik.

Urriak 27

Jugatxiko baseliza. Murgiatik (Araba) 11:00etan abiatu, eta Jurgatxiko baselizara egingo da ibilaldia.